Andy Burham Manchesterko (Ingalaterra) alkateak esan izan du gustatuko litzaiokeela Erresuma Batuko Alderdi Laboristaren lidergoa hartzea. Alderdiaren primario batzuetan lidergoagatik lehiatzeko, baina, ezinbesteko baldintza da Komunen Ganberan parlamentari izatea. Burham ez zen, baina atzo hauteskundeak egin zituzten Makerfield barrutian, herrialdearen iparraldean, eta aulki bat lortu du behe ganberan. Hortaz, Keir Starmer alderdiko lider eta herrialdeko lehen ministroari erronka jotzeko moduan dago orain. Starmerrek, bide batez, ez duela atzera egingo eta balizko primario batzuetan lehiatzeko prest dagoela argitu du ekitaldi batean.
Neurri batean, joera jakin bati aurre eginez irabazi ditu Burnhamek barruti horretako bozak. Izan ere, joan den maiatzaren 7an, Ingalaterran udal hauteskundeak egin zituztenean, ultraeskuinak nabarmen egin zuen gora, laboristen kaltetan. Horrek krisia eragin zuen alderdi barruan, eta ehun parlamentari inguruk dimititzeko eskatu zioten Starmerri. Gaur goizaldean, ordea, emaitzak jakinarazi dituztenean, arnasa hartu dute laboristek: Burnhamek botoen %54,8 bilduta irabazi du.
«Mundu guztiak daki herrialde hau ez dela ari funtzionatzen beharko lukeen bezala. Mundu guztiak daki Erresuma Batua ez dagoela beharko lukeen tokian. Egun hau mugarria izan daiteke», adierazi die Burnhamek bere jarraitzaileei, ekitaldi batean.
Duela bederatzi urtetik da Manchesterreko alkatea, eta hiri horren hazkunde ekonomikoaren arduraduntzat jotzen dute alderdian. Orain dela hilabete, udal hauteskundeetan jasotako danbatekoak krisia eragin zuen Alderdi Laboristan. Ezin izan zuten aktibatu, ordea, primarioetara deitzea ahalbidetzen duen alderdiaren mekanismoa. Horretarako beharrezkoa da parlamentari batek adieraztea primarioetara aurkeztu nahi duela, eta gutxienez Komunen Ganberan dituzten parlamentarien %20ren babesa edukitzea; kasu honetan, gutxienez 81 parlamentarirena beharko luke, 405 dituzte eta.