Hego Amerikako geopolitika norabide aldaketa betean dago: Abelardo de la Espriellak Kolonbiako presidente kargua hartu eta astebete igaro den honetan, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa Departamentuak atzo iragarri zuen Kolonbiako Gobernuak baimena eman diola AEBei bere lurraldean operazio «militar bateratuak» egiteko. Washingtonen arabera, neurri horren helburu nagusia eskualdeko «narkoterrorismoa suntzitsea» da.
Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariak Panama Hirian atzo eman zuen konferentzian jakinarazi zuen albistea. Horrez gain, Kolonbia ofizialki batu da Ameriketako Ezkutua delako koaliziora, zeinaren helburu nagusia, koalizioaren esanetan, Latinoamerikan droga trafikoaren aurka egitea baita; gobernu eskuindarrak dituzten Amerikako hemezortzi herrialdek osatzen dute. Jorge Mora Kolonbiako Defentsa ministroak eta Hegsethek sinatu zuten elkarlan militarreko ituna; Washingtonen eta Bogotaren arteko harremanetan aro berri bat ireki dute, eta Gustavo Petro presidente ohiaren garaiko tentsioak eta distantzia politikoa atzean utzi dituzte.
Akordio horrek bide emango luke AEBetako armada eta inteligentzia zerbitzuak Bogotarekin lankidetzan aritzeko, Kolonbiako droga trafikoan aritzeko diren Kolonbiako talde armatuen kontra.
Hitzarmenak eztabaida politikoa eta konstituzionala piztu du herrialdean. Ezkerreko oposizioak gogor kritikatu du De la Espriellaren erabakia, eta «Kolonbiaren subiranotasunari» uko egin diola leporatu dio. Horrez gain, legebiltzarreko hainbat kidek gogorarazi dute Konstituzioaren 173. artikuluaren arabera Senatuari bakarrik dagokiola atzerriko soldaduei herrialdean sartzeko baimena ematea, eta, ondorioz, erabakia konstituzioaren kontrakoa dela salatu dute.
Kolonbiaren bira politikoa ez da isolatutako gertaera bat; AEBek Hego Amerikan ezarritako esku hartze zabalago baten barruan kokatzen da. Hegsethek berak aipatu zuen atzo, Washingtonen helburua «hemisferioa kanpoko mehatxuetatik eta narkotrafikotik» babestea dela.
Norabide estrategiko horren barruan, AEBek antzeko operazioak eta elkarlanak abiarazi dituzte inguruko beste herrialde batzuekin azken hilabeteetan. Martxoan, Ekuadorrek baimena eman zuen bere lurretan «talde terroristatzat» jotako erakundeen aurka AEBetako armadarekin elkarlanean aritzeko.
Ildo beretik, Venezuelarekiko harreman militar eta diplomatikoaren bilakaera ere. Otsailean, AEBetako armadako Hegoaldeko Komandoko Francis L. Donovan jenerala Caracasen izan zen, eta Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentearekin bildu zen —komando hori arduratzen da Hego Amerikako, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko operazioez, Mexikokoez izan ezik—. Bileran droga trafikoaren eta «terrorismoaren» aurkako lankidetza garatzea adostu zuten bi herrialdeek. Elkarlan horren ondorioz, ekainean operazio bateratu bat egin zuten Tren de Aragua talde kriminalaren buruzagia hiltzeko.