Agur militarrak, «ordena berrezartzea», eta «bataila kulturala». Eskuin muturreko presidente bat du atzotik Kolonbiak. Euskal Herrian gaur goizaldea zenean hartu du presidente kargua Abelardo de la Espriellak, Calin egindako inbestidura ekitaldian. Lehen aldia da presidente batek Bogotatik kanpo kargua hartzen duena. Presidente izendatu berriak ordena eta segurtasuna izan ditu hizpide estatuburu gisa emandako lehen hitzaldian.
Ikusi gehiago
Santiago de Caliko Unibertsitatean hartu du kargua, eta Kolonbiako hego-ekialdeko hiri nagusiko base militar batean eman du inbestidura hitzaldia. Kolonbian «ordena, aginpidea eta askatasuna» berrezarriko dituela agindu du. Gainera, aurreko gobernuaren Bake Osoaren estrategia alboratuko duela ziurtatu du, eta aurrerantzean ez dutela gehiago negoziatuko «talde kriminalekin».
«Bataila kulturala» ere izan du hizpide, eta esan du bere agintaldian familia jarriko duela gizartearen erdigunean. «Familiaren sendotasuna Kolonbiaren sendotasuna izango da», adierazi du.
Gustavo Petrok 2022ko bozak irabazi ostean, ezkerra lau urtez egon da agintean Kolonbian. Aurten egin dituzte berriz presidentetzarako bozak; eta, bigarren itzulian, De la Espriella ultraeskuindarra botoen %0,9ren aldearekin nagusitu zitzaion Petroren oinordeko Ivan Cepedari.