«Albiste ona da Europan ez dela Estatu Batuetako muga zerga berririk izanen». Horrela mintzatu zen Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentea atzo arratsean Bruselan (Belgika) deitu zuten urgentziazko goi bileraren ondotik. Kontseilua osatzen duten EB Europako Batasuneko 27 estatuburuak eta gobernuburuak bildu ziren, AEB Ameriketako Estatu Batuekin lotutako gatazkaz hitz egiteko. «Muga zerga berriak inposatzea ez litzateke bateragarria izango EBren eta AEBen arteko merkataritza akordioekin», Costaren hitzetan.
Donald Trump AEBetako presidenteak asteazken gauean jakinarazi zuen bertan behera utzi zituela Groenlandiako auziagatik ezarri behar zituen muga zergak. Izan ere, Trumpek kontrolpean hartu nahi du irla, eta bere asmoak babesten ez dituzten Europako estatuei muga zergak ezartzeko mehatxua egin zuen. Davosko Foroan, ordea, erran zuen NATOko idazkari nagusiarekin Artikorako akordio bat egiteko oinarriak adostu zituela, eta ziurtatu zuen ez zuela uhartea indarrez bereganatuko.
Costak baieztatu du Europako Batasunak «bere interesak defendatzen» jarraituko duela, «hertsadura mota guzien» gainetik: «Baditu horretarako boterea eta baliabideak, eta halaxe eginen du, beharrezko bilakatzen bada».