Macronek Sebastien Lecornu izendatu du Frantziako lehen ministro

Bayrouk dimisioa eman eta ordu gutxira egin du iragarpena. Defentsa ministroa da Lecornu, eta Renaissance alderdikoa; presidentea gobernu koalizioan gotortu da, eta alde batera utzi du, hortaz, kohabitazioa.

François Bayrou eta Sebastien Lecornu, uztailean, Parisen. MOHAMMED BADRA/EFE
François Bayrou eta Sebastien Lecornu, uztailean, Parisen. MOHAMMED BADRA/EFE
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2025eko irailaren 9a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maizter berria du dagoeneko Matignon jauregiak. François Bayrou Frantziako lehen ministroak gaur dimisioa aurkeztu eta ordu gutxira hautatu du Emmanuel Macron presidenteak nor izango den hurrengo gobernuburua. Eliseoak ohar bidez jakinarazi duenez, Sebastien Lecornu izango da, orain arte Defentsa ministroa izandakoa eta Macronen alderdi berekoa, Renaissancekoa. Presidenteak enkargua eman dio: Asanblea Nazionaleko alderdiekin hitz egin dezala, «datozen hilabeteetako erabakiak hartzeko beharrezko akordioak egiteko». Alegia, datorren urterako aurrekontu proiektua onartzeko babesa lortzea izango du eginkizun, Bayrouren porrotaren ondoren. «Elkarrizketen ostean, lehen ministroaren esku egongo da errepublikako presidenteari gobernua proposatzea», erantsi du presidentetzak. Lecornuk, sare sozialetan, eskerrak eman dizkio Macroni, erakutsi dion «konfiantzagatik», eta Bayrouk izandako «ausardia» goraipatu du.

Berehala heldu dira izendapenaren erreakzioak. Marine Le Pen RN Batasun Nazionalaren liderrak sare sozialetan esan du «makronismoaren azken kartutxoa» erabili duela presidenteak, eta ezingo diola izkin egin legebiltzarrerako hauteskundeetara deitzeari. Jordan Bardella RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiaren presidenteak RTLn behin eta berriz esan du «nekez» gertatuko dela «ezer positiborik» legebiltzarrerako bozak aurreratu ezean, edo Macronek dimisioa eman ezean. Jean-Luc Melenchon LFI Frantzia Intsumisoaren buruak, berriz, nabarmendu du Macronen dimisioak soilik eman diezaiokeela amaiera «engainuari».

Macronen iragarpena baino lehen, bestelako gobernu bat irudikatzen zuten sozialistek; izan ere, iaz parlamenturako egindako hauteskundeetako emaitzak eskuan, PS Frantziako Alderdi Sozialistako kideei iruditzen zaie beren txanda dela. Asanblea Nazionalean, Boris Vallaud sozialistak atzo esan zuen «boterea erreklamatzea» dagokiela, «aldaketa» eta «irtenbide politikoa» ziurtatzeko. Izendapenaren berri izan eta gero, ordea, oharra kaleratu du PSk, eta alderdiak ohartarazi du «arriskua» hartu duela: «Haserre sozial legitimoarena eta blokeatze instituzionalarena». Azpimarratu du Macron «burugogorra» dela, eta ez diola atzetik jarraituko, «ezegonkortasunerantz» doalako.

Frantziak bi lehen ministro eduki ditu azkeneko urtean: bat, Michele Barnier (LR Errepublikanoak), kontserbadorea; eta bestea, Bayrou (Modem), zentro-eskuinekoa, zeinak gaur eman duen dimisioa, atzo Asanblea Nazionalean berak planteatutako konfiantza mozioa galdu ondoren. Eta, beste behin, kohabitazioa saihestu du Macronek; hots, ez du beste ideologia bateko politikaririk izendatu gobernuburu, ezpada Defentsa ministroa, zeina, gainera, bere alderdikoa den.

Bayrouk duela bi aste iragarri zuen konfiantza mozio bati aurre egingo ziola irailaren 8an; beraz, Macronek bi aste horiek eduki ditu haren ordezkoa nor izan daitekeen pentsatzeko. Frantziako hedabideek azken egunetan kaleratu dutenez, ez zuen baztertu Faureri ematea Matignon jauregiko giltzak, baina atzera egin du azkenean.

Presidenteak inondik ere ez du ezkerreko kabinete bat nahi, baina, mugimendu horrekin, haustura bat eragin zezakeen ezkerreko blokean. Izan ere, Melenchonek esana du bere indarra agintean egotea onartuko lukeela soilik gobernua guztiz ezkerrekoa balitz. PS, LFI, Alderdi Komunista eta Berdeak Fronte Popular Berria koaliziopean aurkeztu ziren parlamentuko bozetara iazko uztailean, eta bloke horrek 192 aulki lortu zituen; Macron babesten duen aliantzak, 210.

Bestela ere, Macronek erabakia jakinarazi aurretik kontserbadoreek aurreratu dute «pentsaezina» litzatekeela lehen ministro sozialista edukitzea. Hori nabarmendu du Bruno Retailleau kontserbadoreen lider eta behin-behineko Barne ministroak, alderdiaren bilera batetik atera ondoren hedabideei egindako adierazpenetan. Esan du «premiazkoa» dela gobernuburu bat izendatzea, iruditzen baitzaio irailean era guztietako «gehiegikeriak» gerta daitezkeela, agintarien kontrako mobilizazioetara deitu baitute herrialdean, bai biharko, bai hilaren 18rako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.