Frantziako krisiak dakartzan arriskuez ohartarazi du Pradalesek

Haren ustez, ondorio negatiboak izan ditzake «euskal agendaren zenbait egitasmo garrantzitsutan». «Oportunismo politikoa gailentzen denean, demokrazia eta herritarrak dira galtzaile».

Imanol Pradales, artxiboko irudi batean. JAVI COLMENERO / EFE
Imanol Pradales, artxiboko irudi batean. JAVI COLMENERO / EFE
gotzon hermosilla
2025eko irailaren 9a
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare sozialetan zabaldutako artikulu baten bidez, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek ohartarazi du François Bayrou Frantziako lehen ministroaren dimisioak «desegonkortasuna» areagotzen duela eta egoera horrek «arriskuan» jar ditzakeela «euskal agendaren zenbait egitasmo garrantzitsu».

Pradalesek oroitarazi du Frantzia dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioen helmuga nagusia, batez ere manufakturaren, ibilgailuen eta nekazaritzari lotutako elikagaien industrietan, eta han saldutako Euskal Autonomia Erkidegoko produktuek 4.855 milioi euroko balioa izan zutela 2024an. Baina, horrez gain, beste alor batzuetako zenbait egitasmo ere arriskuan egon daitezke Frantziak bizi duen desegonkortasunaren ondorioz, Pradalesen esanetan.

Haietako zenbait aipatu ditu lehendakariak: «makroeskualde atlantikoa», euskara Europako hizkuntza ofizial izendatzea «eta horrek Ipar Euskal Herrian izan dezakeen eragina», mugaz gaindiko konektagarritasun elektrikoa hobetzea eta AHT abiadura handiko trenaren iparraldeko lotura. Azken horri dagokionez, Pradalesek jakinarazi du Jaurlaritzak parte hartu behar zuela «goi mailako zenbait harremanetan» auzi horren inguruan, baina bertan behera utzi zituztela Frantziako instituzioetan dagoen ziurgabetasunaren ondorioz.

Pradalesek gogorarazi du Jaurlaritza elkarlanean aritu dela Euskal Hirigune Elkargoarekin eta Ipar Euskal Herriko beste zenbait elkarte eta erakunderekin, bi aldeetako eragileen arteko harremanak sendotzeko: «Izan ere, historia, kultura, balioak eta hizkuntza partekatzen ditugu; bat gara, eta horrela sentitzen gara». Haren iritziz, lan hori ere arriskuan egon daiteke Frantziako egoeraren ondorioz.

Europako Batasuna

Baina, Pradalesen iritziz, krisiaren ondorioak Europa osora ere heda daitezke, eta Europako Batasuna «bizirik irautea» bera ere arriskuan legoke. Haren esanetan, «neurri azkar eta sakonak» hartu behar dira Europako lehiakortasuna, segurtasuna eta ongizate eredua bermatzeko, eta, horretarako, beharrezkoak dira «gobernu egonkorrak eta eraginkorrak, eta Europako proiektua indartzeko konpromisoa dutenak». Hori egin ezean, aukera bakarra dago: «Europako balioak partekatzen ez dituzten herrialdeen menpeko izatea».

Pradalesek uste du Bayrouren dimisioa ekarri duten faktoreak ez direla desagertuko hark kargua utzita, eta deitoratu du «abagune garrantzitsuetan ados jartzeko gaitasuna galdu izana» Frantzian: «Oportunismo politikoa gailentzen denean, demokrazia eta herritarrak dira galtzaile».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.