Open Arms-eko eleduna

Laura Lanuza: «Korridoreak laguntzaren sarbide iraunkor eta etengabea izan behar du»

'Open Arms' itsasontziak, World Central Kitchen GKEarekin batera, Zipre eta Gaza arteko itsasbide humanitarioa ireki du. Misio hori «askoren arteko lehena» izatea espero du Lanuzak.

Laura Lanuza, Open Arms GKEko bozeramailea. BERRIA
BERRIA
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko martxoaren 17a
05:05
Entzun

Herenegun iritsi zen Open Arms itsasontzia Gazako kostaldera, laguntza humanitarioa emateko. Misioaren prestakuntza lanetan aritu zen Laura Lanuza (Monzon, Espainia, 1970). Proiektu eta komunikazio zuzendaria da Open Arms GKE gobernuz kanpoko erakundean, eta Zipretik itzuli berria da. Zailtasunak zailtasun, zoriontsu agertu da korridorea ireki dutelako, eta gogorarazi du gazatarrak «gosez hiltzen» ari direla. Aldi berean, Italiako Gobernua kritikatu du; leporatu dio Mediterraneoan migranteak laguntzen dituzten ontziak «blokeatzen» ari dela.

Gazara 200 tona elikagai eraman berri dituzue. Zer moduz joan da misioa?

Aurreikusitakoaren arabera joan da. Irteera zertxobait atzeratu zen baldintza egokienen zain egon ginelako; bai baldintza meteorologikoak eta bai diplomazia arlokoak. Motel xamar joan da ontzia, 200 tona atoian eraman baititu.

World Central Kitchenekin elkarlanean aritu zarete. Nolatan sortu zen lankidetza hori?

Hau guztia Ukrainako gerran hasi zen. Odesa hiria setiatuta zegoen, eta herritarrak gosete arriskuan zeuden. Orduan, [World Central Kitchen GKEaren sortzaile] Jose Andres gugana etorri zen, eta elkarrekin zenbait misio antolatu genituen. Danubio ibaian zehar eta Itsaso Beltzetik barrena, elikagai tona ugari eraman genituen. Hori izan zen bi erakundeen arteko lankidetzaren hasiera.

Ukrainatik Gazara.

Gazako gerra hasi zenean, laguntza emateko bideak topatu nahian aritu ginen. Baina ez genekien nola egin hori, itsas eremua itxita zegoen eta. Duela pare bat hilabete, Jose Andresek Oscarrekin [Camps, Open Armsen sortzailea] hitz egin zuen. Eta horrela hasi ziren korridore humanitarioa irekitzeko ideia lantzen. Duela hiru aste inguru, Open Arms ontziak Italian misio bat amaitu zuen, eta handik Larnakara (Zipre) abiatu zen.

Gazan, errealitatea oso aldakorra da, eta egoera, muturrekoa; herritarrak gosez hiltzen ari dira. Guretzat funtsezkoa zen korridore hau ahalik eta azkarren irekitzea. Ez da behin egiteko operazioa. Gure misioa izan da aurrenekoa, baina askoren arteko lehena izatea espero dugu. Gazako herritarrek behar duten bitartean, korridoreak laguntza humanitarioaren sarbide iraunkor eta etengabea izan behar du.

«Egindako urrats guztiak gainbegiratu ditu Israelek, eta oniritzia eman die»

Nolatan izan da Open Arms itsasontzia Zipretik Gazarako korridorea ireki duena?

Israelek abenduan onartu zuen korridorea irekitzea, baina hori posible egingo zuen proiektu tekniko bat falta zen. Inork ez zuen lortu porturatzeko zailtasunak konpontzea.

Zein dira oztopo horiek?

Gazak ez dauka porturik. Bazeukan, baina duela asko suntsitu zuten. Beraz, lehorreratzea, derrigor, hondartzan egin behar izan da, eta horrek hainbat zailtasun tekniko dakartza.

Lehorreratzeko portu moduko bat eraiki dute, ezta?

Bai, kai mutur bat eraiki dute hondartzan, eta bertatik deskargatu dute ontziak daraman plataforma.

Beraz, itsasontzia ez da hondartzara iritsi?

Hori da. Ontzia kostaldetik urrun geratu da, eta plataforma eraman dute kai muturreraino.

Badu zerikusirik AEBek iragarritako portuarekin?

Batere ez. Hiru aste baino gehiago lanean igaro eta proiektua amaitzear genuela, gure harridurarako,  [AEBetako presidente Joe] Bidenek iragarri zuen Gazan portu bat eraikiko zutela. Gainera, hurrengo egunean, Ursula von der Leyen [Europar Batzordeko presidentea] Ziprera joan zen, eta korridorearen irekieraren berri eman zuen.

«[World Central Kitchen GKEkoek] Bi milioi otordu baino gehiago banatu dituzte Gazan»

Europako Batasunak edo AEBek ez dizuete lagundu?

Ez, ezertarako ere ez. Jakina, Zipreko Gobernuak lagundu digu, baina beste inork ez. Von der Leyenek Zipren egindako iragarpenak ezustean harrapatu gintuen. Eta albiste ona da. Esan nahi du ez garela soilik bi GKE lan horretan ari garenak, baizik eta kezka dagoela eta esparru boteretsuagoetan ere lanean ari direla.

Jose Andresek egindako adierazpen batzuetan zioen «zailena» alor diplomatikoa zela, eta «errazena» Gazara iristea. Hala izan da?

Biak izan dira zailak, oso zailak. Batez ere, lehorreratzea, azken milia hori nola egin. Diplomazia arloa ere, bistan denez, oso konplexua izan da. Israelek ez du errazten laguntza humanitarioa sartzea. Gu hizketan aritu gara parte hartu duten alde guztiekin: Zipreko Gobernuarekin, Palestinako enbaxadarekin eta Israelekin. Halere, proiektua World Central Kitchenek zuzendu du.

Gure lana, batez ere, zati operatiboa aurrera eramatea izan da: operazioa posible egitea eta Israelek oniritzia ematea. Eta hala izan da. Duela hiru aste, kasik ezinezkoa zirudien operazioak aurrera egitea, eta azkenean lortu dugu. Mugarri garrantzitsua dela uste dut.

'Open Arms' itsasontzia prestakuntza lanetan Gazara abiatu aurretik. WCK HANDOUT/EFE
'Open Arms' itsasontzia prestakuntza lanetan Gazara abiatu aurretik. WCK HANDOUT/EFE
Zein izan dira Israelek jarritako baldintzak?

Israelek oniritzia eman die proiektu teknikoari eta operatiboari; itsasontzia monitorizatuta dago; karga guztia ikuskatu du, ontzia ere bai...

Zipreko Atzerri ministroak ohartarazi zuen korridoreak ez zuela zertan segurua izan. Babes neurri berezirik hartu al duzue?

Ez, emandako argibideei jarraitu diegu. Egindako urrats guztiak gainbegiratu ditu Israelek, eta oniritzia eman die; beraz, esan dezakegu segurtasuna aurretik egin ditugun prozeduretan egon dela. Halere, bagenekien gerran dagoen lurralde batera gindoazela; tentuz ibili gara, eta hitzez hitz bete ditugu eman dizkiguten jarraibideak.

200 tonarekin zenbat jende eta zenbat denboraz elikatzea espero duzue?

Hori World Central Kitchenetzako galdera dela uste dut. Haiek Gazan dituzten sukaldeetara doaz elikagaiak. Dagoeneko bi milioi otordu baino gehiago banatu dituzte bertan. Irina, arroza, latak, garbantzuak, babarrunak, atuna... eraman ditugu.

«Italiako Gobernuak estrategia sistematiko bat du abian erakunde humanitarioen ontziak blokeatzeko»

Ziprera joan aurretik, Open Arms Italian egon da migranteak erreskatatzeko lanetan. Nolakoa da hango egoera?

Egoera konplexua da. Italiako Gobernuak estrategia sistematiko bat du abian erakunde humanitarioen ontziak blokeatzeko. Gure itsasontzia hogei egunez blokeatuta egon zen azken erreskatearen ostean. Orduan sortu zitzaigun Gazara joateko aukera, eta ezin genion ezezkoa eman.

Gazako misioa amaitzean, Italiara itzultzekoak zarete?

Oraindik ez dakigu zenbat denboraz hartuko dugun parte misio honetan. Baina badakigu gure beste itsasontzia, Astral izenekoa, hurrengo hilean abiatuko dela Mediterraneo erdialdera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.