Kremlinen aurka egin du Hungariak, Ukrainako inbasioa hasi zenetik aurrenekoz

Errusiak eraso egin du gutxiengo hungariar bat bizi den eskualde batean, eta erasoa kondenatu du Peter Magyar Hungariako lehen ministro berriak. Gaur goizaldeko erasoen ondorioz, bost lagun hil ditu Moskuk Kieven.

Ke beltza Kieveko zeruan, Errusiak egindako erasoen ondorioz. MAXIM MARUSENKO / EFE
Ke beltza Kieveko zeruan, Errusiak egindako erasoen ondorioz. MAXIM MARUSENKO / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko maiatzaren 14a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete igaro da Hungarian parlamentua berritu zutenetik, eta astebete Peter Magyar Tisza alderdi kontserbadoreko burua lehen ministro izendatu zutenetik. EB Europako Batasunera gerturatu eta Errusiatik aldenduko zela hitzeman zuen horrek, eta hasi da jada bi herrialde horien arteko harremana tenkatzen: «Hungariako Gobernuak gogor kondenatzen du Errusiak Transkarpatiaren aurka egindako erasoa», adierazi zien Magyarrek atzo gauean komunikabideei.

Transkarpatia Ukraina mendebaldean dagoen eskualdea da, Errusiako mugatik mila kilometrora baino gehiagora. Hungariaren mugan dago, eta bertako biztanleen %12 hungariarrak dira. Anita Orban Hungariako Atzerri ministroak bilera eskatu dio Errusiak Budapesten duen enbaxadoreari, azalpenak eskatzeko. Gaur biltzekoak direla baieztatu du Magyarrek, eta adierazi Atzerri ministroak «Errusia eta Vladimir Putin egiten ari diren gerra odoltsua amaitzeko intentzioei buruz» galdegingo diola.

2022ko otsailean Ukrainako inbasioa hasi zenetik, lehen aldia da Hungariako Gobernuak Errusiako erasoen aurka protesta egiten duela. Izan ere, Viktor Orban izan zen lehen ministro 2010etik joan den hilabetera arte, eta Hungaria zen orduan Errusiak EBn zuen aliatu nagusia. Horren adibide, Orbanek blokeatu egin zuen Europako Batasunak Ukrainari 90.000 milioi euroko mailegua emateko operazioa, tartean Ukrainak Druzhba oliobidea etena zuelako eta ez zelako Errusiako petrolioa Hungariara iristen. Gobernu berria ezarritakoan, Ukrainak berriro ireki zuen Duzhba oliobidea, eta Hungariak betoa kendu zion 90.000 milioi euroko laguntzari.

Hortaz, bestelakoa da Budapesten jarrera orain, eta Ukrainara gerturatu da. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eskerrak eman dizkio Magyarri Errusiaren erasoen inguruan hartutako jarrera dela eta; zera idatzi zuen atzo gauean X sare sozialean: «Eskerrik asko erakutsi duzun errukiarengatik eta jarrera indartsuarengatik».

Droneak eta misilak

Indartsuak izan dira erasoak azken egunetan. Ukrainako aire indarren arabera, Errusiak 657 drone eta 56 misil jaurti ditu gaur goizaldean. Kieven izan dira erasorik gogorrenak: bost lagun hil dira, eta gutxienez 40 zauritu. Julia Sviridenko Ukrainako lehen ministroak adierazi du «gau bereziki zaila» izan dela Kieven. Ukrainako Gobernuaren arabera, militarrek atzeman egin zituzten jaurtigai gehien-gehienak, baina hamabost misilek eta 23 dronek Ukrainako 24 helburu jo zituztela jakinarazi dute; ez dute zehaztu zeintzuk.

(ID_16074918) UKRAINE RUSSIA CONFLICT
Ukrainako erreskate taldea hondakinen artetik gorpu bat ateratzen gaur, Kieven. MIKOLA TIMCHENKO / EFE

Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du aire defentsek Ukrainako 36 drone atzeman dituztela gaur goizaldean; atzo zortzi aldiz gehiago atzeman zituzten: 286. Ez dute informaziorik eman biktimen eta kalte materialen inguruan.

Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Zelenskiren kabineteburu izandakoari

Ukrainako Ustelkeriaren Aurkako Auzitegiak behin-behineko espetxealdia ezarri dio Andri Jermaki. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen kabineteburua izan zen Jermak 2020ko otsailetik iazko azaro amaierara arte. Dimisioa eman zuen orduan, ustelkeria ekintzen susmopean. Auzitegiaren arabera, aukera du baldintzapeko askatasunean geratzeko, berme bat ordaintzen badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA