Kubak erregaien salmenta mugatuko du, petrolioaren krisiari aurre egiteko

Gobernuak neurri sorta bat onartu du, eta lehen ministrordeak esan du herrialdea ez dela kolapsatuko. Fidel Castroren 'zero petrolio' garaia hartu dute eredutzat.

Pertsona bat auto baten ondoan, Habanako kale ilun batean, urtarrilaren 29an. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE
Pertsona bat auto baten ondoan, Habanako kale ilun batean, urtarrilaren 29an. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE
jon ordonez garmendia
2026ko otsailaren 7a
11:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kubako Gobernuak erregai krisiari aurre egiteko neurri sorta bat onartu du bart. Erregaiaren salmenta mugatuko du, telelana lehenetsi, eta unibertsitatean online eskolak eta aurrez aurrekoak uztartu. Neurri horiek ezohiko Ministro Kontseilu batean onartu dituzte, eta Laneko, Garraioko, Goi Hezkuntzako eta Hezkuntzako ministroek eta Oscar Perez-Oliva lehen ministrordeak eman dute horien berri, telebistan. Perez-Olivak esan du oinarrizko zerbitzuak eta oinarrizko jarduera ekonomikoak bermatzeko hartu dituztela. «Ez gara kolapsatuko, Kubako herria ez baita kolapsatzen», esan du.

AEBek Venezuelan esku hartu zutenean hasi zen erregaiaren krisia, Kubak inportatutako erregaiaren parte handi bat Venezuelatik iristen baitzen. Adituen arabera, 2025ean Kubak egunero behar zituen 110.000 petrolio upeletatik 30.000 jasotzen zituen Venezuelatik. Lehen ministrordeak jakinarazi du orain beste energia batzuen alde eginez bete nahi dutela horien hutsunea: estatuak eguzki panelak banatuko ditu ezinbestekoak diren langileen artean, zentro sozialetan eta bankuetan. Gainera, enpresek erregaia inportatzeko aukera izango dute, eta horretarako erraztasunak emango ditu gobernuak.

Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak atzo esan zuen Fidel Castrok SESB erori ondoren hartu zituen neurriak izango dituztela eredu. Batere petroliorik gabeko aro baterako prestatu zen orduan Kuba; muturreko errazionamendua eta elikadura burujabetza ezarri zituzten, garraiorako animaliak erabili, eta sukalderako ikatz begetala: aro berezia deitu zioten garai hari. Hain zuzen, Diaz-Canelek hirietan nekazaritza garatzera deitu du, erregai eskasia dela-eta Kubako nekazaritza ekoizpena erori egin delako. Garraioari dagokionez, tren zerbitzuan izango dira murrizketarik handienak. Helmuga bakoitzeko, zortzi egunean behin egongo dira trenak zerbitzu nazionalean. Kubako estatuarenak diren enpresetan, langileak lanpostuz aldatuko dituzte, ahalik eta gutxien mugitu behar izan dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA