Iraileko eguerdi batean, sargori dago Turkiaren mendeko Kurdistango hiriburu ez-ofizial Diyarbakirren, eta ez dabil ia inor alde zaharrean. Kalexka ilun batean, gazte argal eta bizi bat irten da obretan dagoen etxe dotore batetik. «Hemendik hamar egunera ireki nahi dugu. Jatetxe italiarra izango da. Orain, egoera bestelakoa izanda, turista atzerritar gehiago etortzea espero dugu», esan du Aykutek, ilusioz beteta. Ekintzaile gazte horrek aipatutako aldaketa duela ia urte eta erdi hasi zen, PKK gerrilla kurduak desegitea erabaki zuela adierazi zuenean. Hain justu, baldintza hori jarri zuen Ankarak negoziazio prozesu bati ekiteko eta, hala, berrogei urtez baino gehiagoz 50.000 lagunen heriotza eragin duen gatazka armatua amaitzeko.
Diyarbakirko erdigune historikoak milaka urte ditu, baina dagoeneko ez du hala ematen. Auzo batzuk orubeak dira orain, eta beste batzuetan etxe berriak eraiki dituzte, berdinak denak, grisaxkak. Ondorio horixe izan zuen PKKk 2015ean abiatutako hiri gerraren estrategiak, zeina Turkiako armadak bukarazi baitzuen, militante kurduak bortizki setiatuz. «Indarkeria handiko urteak izan ziren», gogoratu du Aykutek, eta garai hartako batailen bideoak erakutsi ditu sakelakoan. Agerikoa da noren alde dagoen gatazkan, kurduen bandera nazionalaren kolorez margotutako Kurdistango mapa bat baitauka eskumuturrean. «Ez daukat esperantza handirik: ez dut uste bake prozesu honen bidez gure eskubideak lotuko ditugunik. Jada ez naiz fio Turkiako Estatuaz», adierazi du.
Arinduta sentituagatik ere, eszeptiko samar ageri da Aykut, kurdu gehienak bezalaxe. «Gure ikerketen eta inkesten arabera, kurduen %70ek baino gehiagok bake prozesuaren alde egin izan dute etengabe, baina soilik %35 daude baikor prozesuaren emaitzari dagokionez», azaldu du Reha Ruhaviogluk, Ikasketa Kurduen Zentroko zuzendariak —zentro hori Diyarbakirko harresi zaharretik gertu dagoen think tank bat da—. «Prozesu honetan tentsioa dago herritar kurduen ikuspegiaren eta Erdogan presidentearenaren artean: kurduek eskubide kultural eta politikoak aitor diezazkieten nahi dute, eta Erdoganek, berriz, PKK nola desegingo eta armagabetuko den, horren inguruan baino ez du hitz egin nahi», gehitu du.
Askotan esaten da kurduen herria naziorik gabeko estaturik handiena dela munduan. Kurdistanek 30 milioi biztanle ditu gutxi gorabehera, eta lau estatutan banatuta dago: Iranen, Sirian, Iraken eta Turkian. Hain justu, Turkian bizi dira kurduen erdiak-edo, baina Iraken dute eskubide gehien, sistema federala baitute han. Kurduak oso lotuta daude beren hizkuntzari eta kulturari, baina estatu propioa falta dute; izan ere, Lehen Mundu Gerraren amaieran, nazioarteko komunitateak estatu bat hitzeman zien lider kurduei, eta halaxe idatzi zuten Sevresko Tratatuan, baina ez zuten promesa hura bete. Harrezkeroztik, kurduek hainbat matxinada abiarazi dituzte Ekialde Hurbilaren bihotzean. Luzeena eta odoltsuena Kurdistango Langileen Alderdiak —PKK, kurduerazko siglagatik— Turkian egindakoa izan zen.
Nolanahi ere, bake prozesuak onuraren bat ekarri du jadanik: abuztuaren 10ean amnistia partziala onartu zuten Turkiako Parlamentuan, 468 parlamentarik bozkatu baitzuten alde, eta 88k aurka. Legearen arabera, PKKk bere jarduna guztiz amaitzen duenean eta armak uzten dituenean —Turkiako Segurtasun Kontseiluak egiaztatu beharko du hori—, bertan behera utziko dira, bost edo hamar urtez, PKKko kideen aurka abiatutako prozesu judizialak eta ezarritako kondenak, baldin eta akusatuei ez bazaie odol deliturik egotzi. Epe hori igarotakoan beste deliturik egin ez badute, indultua emango diete. Uste dute lege horrek modua emango duela kartzelan diren milaka ekintzaile kurdu aska ditzaten —haietako batzuk kurduen aldeko DEM alderdiko kideak edo buruak dira— eta atzerrian diren PKKko militanteak itzul daitezen —miliziaren kuartel nagusia Turkiaren eta Iraken arteko mugan dago—.
4.000 inguru, aske
Gaur-gaurkoz, ez dakite ziur zenbat herritar baliatu ahalko diren indultuaz, baina lehen kalkuluak zabaldu dira. «Uste dute 4.000 preso aske utziko dituztela. Gainera, Kandilen eta Sirian dauden PKKko milaka militantek etxera itzultzeko aukera izango dutela espero da. Europan erbesteratutako batzuk ere itzuli ahalko dira, baina zaila da jakitea zenbat izango diren. Guztira 100.000 prozesu judizial baino gehiago utziko dituzte bertan behera, baina kontuan hartu behar da pertsona batek zenbait prozesu eduki ditzakeela irekita», dio Ruhaviogluk.
Mugimenduaren buru eta sortzaile Abdullah Ocalani, ordea, ez diote indulturik eman oraindik: aurreragorako utzita daukate auzi hori. 1998an atxilotu zuten Ocalan, eta bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten; ordutik, segurtasun goreneko espetxe batean egon da, erregimen zorrotz baten mende. Hala ere, Ocalan funtsezkoa izan da egungo negoziazio prozesuan, gerrillari beterano hark jendaurrean hala eskatu zuen arte ez baitzuen gerrillak onartu desegitea.
«Kurduek bere alde bozka dezaten behar du Erdoganek, edo behintzat abstenitzea, baldin eta, bigarren itzulirik balego, hor oposizioaren kontra lehiatzea egokituko balitzaio»
UMUT OZKIRIMLIÂ Analista turkiarra
Turkiako politikan zurrumurrua zabaldu da balitekeela Ocalani —78 urte ditu— etxeko atxiloaldia ezartzea; izan ere, nekez bultzatuko zuen bake prozesua baldin eta ez baliote nolabait bermatu ez zela kartzelan hilko. «Gure lider Apo [Ocalanen ezizena] espetxean den artean, ezin diot inori esan armak entregatzeko eta antolakundea uzteko», ohartarazi die jarraitzaileei PKKko buruetako batek, Murat Karaylanek, bideo batean.
Hala ere, kurdu batzuek zalantza dute bake prozesua arrakastatsua izango ote den, eta haien argudio nagusiak oinarri ditu Recep Tayyip Erdogan presidentearen ustezko motibazio ezkutuak. «Askoren ustez, Erdogan bake prozesua sustatzen ari da datozen hauteskundeak irabazi nahi dituelako. Kurduek bere alde bozka dezaten behar du, edo behintzat abstenitzea, baldin eta, bigarren itzulirik balego, hor oposizioaren kontra lehiatzea egokituko balitzaio», azaldu du Umut Ozkirimli analista turkiarrak.
Konstituzioaren arabera, Erdogan ezingo da hauteskundeetara aurkeztu, gehienez ere bi agintaldi egin ditzakeelako presidente bakoitzak eta hark bigarrena duelako jada, baina begirale ugarik uste dute amarruren bat baliatuko duela beste behin ere presidentegai izateko. «Nire ustez, Erdoganek hauteskundeak aurreratuko ditu, segur aski; horrek bide emango lioke berriz aurkezteko. Hala, lehen itzulia irabazi ondoren, posizio onean egongo litzateke Ocalani eta DEM alderdiari zerbait eskaintzeko haien sostenguaren truke. Ikusteko dago zer eskatuko luketen kurduek, baina eskakizun batzuei behintzat men egin beharko lieke Erdoganek», dio Ruhaviogluk.

Kurduen mugimendu nazionalistako ahots batzuek negoziazio prozesuaren nondik norakoak kritikatu dituzte, nahikoa anbiziotsua ez delakoan. «Batez ere, jarrera maximalistak dituzten intelektual kurdu batzuek, uste baitute gaur egungo dinamika ez dela benetako bake prozesu bat», azaldu du Ozkirimlik. Nolanahi ere, DEM alderdiak publikoki babesten du Estatuarekin negoziatzeko prozesua, eta oraingoz ez dago horren inguruko desadostasun nabarmenik alderdiaren barruan, agian DEMeko zuzendaritzak ahalegin handia egin duelako bazkideak konbentzitzeko. Diyarbakirren, adibidez, irailaren 27ko kongresu probintzialera deitzen zuten kartel ugari azaldu dira; prozesuaren estrategia eztabaidatu zuten kongresu hartan.
«Uste dut ez garela borroka armatura itzuliko. Kurdu gehienek, baita PKKkoek ere, ondorioztatu dute indarkeria baino eraginkorragoa litzatekeela Turkia demokratiko baten erakundeetan parte hartzea», adierazi du ikasketa kurduen think tank-eko zuzendariak. «Bizitza politikoan integratzeari uko egiten dioten PKKko fakzioak Iraken geratuko dira seguruenik, eta milizia kurdu-irandarren babesa lortuko dute, baina ez dut uste Turkian borrokatzen jarraitu nahiko dutenik».
«Uste dut ez garela borroka armatura itzuliko. Kurdu gehienek, baita PKKkoek ere, ondorioztatu dute indarkeria baino eraginkorragoa litzatekeela Turkia demokratiko baten erakundeetan parte hartzea»
REHA RUHAVIOGLUÂ Ikasketa Kurduen Zentroko zuzendaria
Mardin-en ere, Diyarbakirtik 80 kilometrora dagoen hiri turistiko Erdi Arokoan, giroa lasaiagoa da PKKk desegin egingo zela iragarri zuenetik. Lur horrek Siria mugakide izan arren, jada ez dago kontrolik errepidean, eta, are, jatetxe batzuk ireki dituzte Tigrisen ibaiadar batek sortutako ibar oihantsuan. «90eko hamarkadaren hasieran, bi bandoek asko estutzen zuten landa eremuko jendea. Batzar bat egin genuen herrian, eta atzerrira joatea erabaki genuen. Alkatea soilik geratu zen. Orain familia batzuk gogoetan dabiltza ea etxe abandonatuak leheneratu eta hara itzuli edo ez», kontatu du Simon izeneko gizon edadetu batek. Alemanian bizi da orain, baina maiz joaten da Magara jaioterrira bisitan. Haren bizilagun guztiak yazidiak ziren, eta Estatu Islamikoak gutxiengo etniko horretako kideak sarraskitu zituen Iraken. Nahiz eta orain beren lurretik milaka kilometrora bizi, yazidiek sorterrian lurperatzen dituzte beren hildakoak, eta, ondorioz, hilerria oso ondo zainduta dago.
Siriako muga gertu badute ere, hura zeharkatzea izugarri zaila da bi aldeetako kurduentzat, eta askok senideak dituzte bestaldean. Muga ondo itxita dago, ordea: Turkiako aldeko gune batzuetan murru bikoitza jarri dute, eta, ondorioz, mugara hurbiltzea bera ere ezinezkoa da; gainera, uste dute minak daudela inguru haietan. Izan ere, Ankara beldur da ea ez ote diren toki horietara itzuliko behinola Rojava defendatzera joandako boluntario kurduak —Siriako gerra zibila piztu ostean sortu zuten entitate autonomo hori, Siria iparraldean—.
Kurduen egoera antzekoa da bi herrialdeetan. Sirian, kurduen aldeko Siriako Indar Demokratikoen miliziak —PKKri lotuta zegoen— eta Rojavako erakunde politikoek desegin eta Siriako Estatuan integratu behar izan zuten Washingtonen babesa galdu zutenean, Turkiako Gobernuak AEBei presio handia egin ziela eta. Trukean, baina, Damaskok konpromisoa hartu du kurduen eskubide kulturalak aitortzeko eta kurduerari hizkuntza ofizialaren estatusa emateko; Turkian, berriz, mugarri hori urrun dute oraindik.