Japoniako lurrikara

Lautik bostera igo du istripu nuklearraren maila Japoniak

Erradiazioa jaistea lortu badute ere, teknikoen arabera, goizegi da beheranzko joerari eutsi ahal izango dioten esatekoIAEAk Fukushimako zentral nuklearraren egoera «oso larria» dela berretsi du

2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
«Egoerak ez digu uzten baikor izaten», adierazi du Naoto Kan Japoniako lehen ministroak. Izan ere, Fukushimako zentral nuklearrean alerta egoeran jarraitzen dute lurrikararen eta tsunamiaren ondorioz kalteak izan dituzten sei erreaktoreetako matxurak direla-eta. Japoniak, hain justu, istripu nuklearraren maila lautik bostera igo du nazioarteko INES eskalan. Alegia, kokalekutik kanpo ere arriskua dagoela onartu du.

Zentral nuklearra hainbat egunetan etenik gabe erradiazioa isurtzen aritu delako erabaki dute gertakariaren kalifikazioa igotzea, AIEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak azaldu duenez. Iragan asteartean, Frantziak adierazi zuen seikoa ere beharko lukeela. Zazpigarrena, mailarik altuena, Txernobylgo istripuari soilik ezarri diote zentral nuklearren historian.

Erradiazioa jaistea lortu dute

Bestalde, Fukushimako zentrala arazoak pairatzen hasi zenetik lehen aldiz albiste onak iritsi dira; erradiazioa jaistea lortu dute. Ur kamioien eta helikopteroen bidez erreaktoreetara jaurtitako urari esker lortu dute hori. Fukushimako zentral nuklearra kudeatzen duen TEPCO enpresak, hala ere, joera horri eutsi ahal izango dioten zehazteko goizegi dela azaldu du.

Albiste onak heldu badira ere, Yukiya Amano IAEAko idazkari nagusiak berretsi egin du egoera «oso larria» dela, eta azpimarratu du ez duela okerrera egin azken bi egunetan. Era berean, Japoniako Gobernuari informazio gehiago emateko eskatu dio, munduan sortu den alarma ikusita.

TEPCOko langileek eta armadako militarrek euren biziak arriskuan jartzen dituzte erreaktoreak hozteko egiten ari diren lanetan. Gobernuak zentral nuklearrera 130 suhiltzaile bidaltzea erabaki du, Fukushiman lanean diharduten 180 lagunei hozte lanetan lagundu diezaieten.

Hirugarren erreaktorean jarri dute langileek arreta guztia, izan ere, bertako urtegia urik gabe edo oso ur gutxirekin geratu zela uste dute, eta ondorioz, erabilitako erregaiak agerian geratu zirela. Uranioarekin batera plutonioa erabiltzen dute erreaktore horretan, eta erradiazio isuri txikiekin minbizia eragin dezake lementu horrek. Agerian geratzen direnean erregaiek erradiazio asko isurtzeko arriskua dago.

Hirugarren erreaktorea ez ezik, gainontzekoak ere kezka iturri dira. Lehen bietan hornidura elektrikoa berrezartzen saiatzen ari dira. Iragan ostiraleko lurrikaraz geroztik elektrizitaterik gabe baitago zentrala. Fukushimara kableak eraman ahal izan dituzte, eta, TEPCOren arabera, gaur goizean lor dezakete horiek lehen eta bigarren erreaktoreetako hozte sistemaekin konektatzea. Hori lortuko balute, lehen bi erreaktoreetan ura automatikoki ponpatuko litzateke eta nukleoaren tenperatura jaistea lortuko lukete.

Herritarrak «lasai»

Arazoak aurki konpontzea espero du lehen ministroak. Japonia berriz eraikiko dutela eta krisitik onik aterako direla adierazi die herritarrei telebista bidez. Izan ere, lurrikarak eragindakoa, II. Mundu Gerraz geroztik herrialdeak duen krisirik larriena da, Kanen hitzetan.

Era berean, erakutsitako «lasaitasuna» eskertu die herritarrei. Gobernuak odol hotza mantentzeko deia egin baitzuen aurreko egunetan. Askok, dena den, hegoalderako bidea hartu dute egunotan, erradiazioaren beldur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.