Lecornuk dio «borondatea» badagoela urtea amaitzerako aurrekontuak adosteko

Frantziako lehen ministroak «urrun» ikusten du Asanblea Nazionala desegin eta hauteskundeetara deitzeko beharra. Ezkerreko alderdiek pentsioen erreforma bertan behera uzteko eskatu diote.

Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroa, gaur, Matignon jauregian egin duen agerraldian. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroa, gaur, Matignon jauregian egin duen agerraldian. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Julen Otaegi Leonet - Aitor Garmendia Etxeberria
2025eko urriaren 8a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako krisi politikorako konponbide bila segitzen du Sebastien Lecornu lehen ministroak. Herenegun dimisioa aurkeztuagatik ere, Emmanuel Macron presidenteak gaur arteko epea eman zion Asanblea Nazionaleko alderdiekin biltzeko, eta badirudi negoziazioak ondo bidean direla. Sozialistekin elkartu aurretik, Lecornuk agerraldia egin du Matignon jauregiaren atarian, eta esan du badagoela «borondatea» urtea amaitzerako aurrekontuak onartzeko. Ez du uste, oraingoz, hauteskundeak aurreratu beharko dituztenik: «Borondate horrek konbergentzia bat sortuko du, zeinak [legebiltzarra] desegitea urrunduko duen, nola ez». Elkarrizketak elkarrizketa, Eliseora joatekoa da gaur, presidenteari mahai gainean dauden «soluzioak» aurkeztera, eta, finean, egungo egoeran gobernu bat osatzea posible den edo ez esatera.

Oposizioa, baina, ez da hain baikorra. Lehen ministroarekin batzartu ostean, Oliver Faure PS Alderdi Sozialistako buruak kazetariei adierazi die egungo gobernuak ez diela bermerik ematen ziurtatzeko bertan behera utziko duela pentsioen erreforma. Hori da, gaur-gaurkoz, ezkerreko alderdien eskari nagusia. 2023an onartu zuten erreforma hori, Asanblea Nazionalaren onespenik gabe. Erretiroa hartzeko gutxieneko adina 62 urtetik 64ra atzeratu zuen erreforma hark, eta horren aplikazioa geraraztea da PSk gobernua babesteko jarritako baldintza nagusia. Faurek gaur esan duenez, Elisabeth Borne Hezkuntza ministroak baino ez du mahai gainean jarri erretiro atzerapena geldiarazteko aukera, «baina inork ez du bermerik eman». Hain zuzen, Borne zen lehen ministro erreforma hori onartu zutenean.

Sozialistekin mintzatu ostean, komunistekin eta ekologistekin bildu da lehen ministroa. Bilkuraren ostean, Faurek egindako eskaera bera egin du Fabien Roussel PCF Frantziako Alderdi Komunistako buruak: erreformaren aplikazioa eteteko exijitu du, eta esan du «behingoz» Asanblea Nazionalean bozkatu behar dela neurri horren inguruan.

Berdeak alderdiko buru Marine Tondelierrek, berriz, Macroni ohartarazi dio bere hurbileko beste lehen ministro bat hautatuz gero ez duela «minutu bat» ere iraungo. Eta gaineratu du Lecornuk «ahal duen guztia» egin nahi duela Asanblea Nazionala desegin ez dadin. Horregatik, Tondelierrek uste du «inoiz baino hurbilago» dutela lehen ministro ezkertiar eta ekologista bat edukitzea.

Eskuin muturra ere ez dago bide beretik jarraitzeko prest: «Gobernu honek egiten duen guztia atzera botako dut», adierazi die kazetariei gaur Marine Le Pen RN Batasun Nazionalaren talde parlamentarioko presidenteak. Eta gehitu du: «Txantxa hau gehiegi luzatzen ari da. Gobernuak inozotzat hartzen ditu frantziarrak». Horregatik, hauteskundeetara deitzeko exijitu dio Macroni.

Bilera sorta aliatuekin

Arratsaldean, lehen ministroak beste bilkura sail bat egingo du; Renaissance bere alderdiko ordezkariekin eta hurbileko beste alderdi batzuekin batzartuko da oraingoan. Besteak beste, LR Errepublikanoak, Modem eta Horizons taldeekin; guztiak gaur egungo gobernuko koalizioan daude.

Hilabete ere ez da igaro Lecornuk kargua hartu zuenetik, eta gobernu berria izendatu biharamunean iragarri zuen dimisioa, argudiatuz ez zegoela baldintzarik lehen ministro gisa zituen eginbeharrak bete ahal izateko. Azken hilabete eskasean, oposizioko alderdiekin elkartzen aritu da 2026rako aurrekontuak adoste aldera, arrakastarik gabe. Aurrekontuena kontu labainkorra da Frantzian. 2025erako aurrekontuak dekretuz onartu zituzten, eta datorren urterakoetan 43.800 milioi euroren murrizketak iragarri zituen François Bayrouk —Lecornuren aurreko lehen ministroak—, eta oposizioak ez zuen begi onez ikusi: Bayrouk bere aldeko konfiantza mozio bat aurkeztu zuen, eta oposizioak bat egin zuen haren kontra.

Lecornuk dimisioa emango balu, ez legoke argi Macronek zer egingo lukeen, kontuan hartuta gutxiengoa duela Asanblea Nazionalean. Bi aukera lituzke: batetik, beste norbait izendatzea lehen ministro —iazko uztailean legebiltzarrerako bozak egin zituztenetik izendatutako laugarrena litzateke—; bestetik, Asanblea Nazionala desegitea eta bozetara deitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.