Su etena gauerdian ezarri dute Libanon, eta herrialde horretako armadak dagoeneko jakinarazi du Israelek hainbat herri bonbardatu dituela bart. Duela hilabete eta erdi gatazka areagotu zenetik milioi bat herritarrek baino gehiagok ihes egin behar izan dute; horietako asko etxera itzultzen hasi dira gaur, nahiz eta tentuz ibiltzeko eskatu dieten Libanok, Israelek eta Hezbollahk. Israelgo armadak esana baitu ez dela erretiratuko Libano hegoaldetik eta edozein mehatxuren kontra eraso egingo duela; Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bart esan zuen «inbasio arriskua» eta balizko urraketak galarazteko «segurtasun eremuari» eutsiko diotela han. Hezbollah Libanoko milizia xiitak ohar bidez ohartarazi du «behatza katuan» duela oraindik ere, Israelen edozein «traiziori» erantzuteko.
Tregoa Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak iragarri zuen atzo arratsaldean, Netanyahurekin eta Joseph Aoun Libanoko presidentearekin telefonoz hitz egin eta gero. Eta hirurak biltzea espero du datorren astean edo hurrengoan, atzoko akordioa berretsi dezaten. Horiek horrela, konpondutzat jo zuen bi herrialdeen arteko gatazka, AEBek eta Israelek Irani eraso egin eta gero hasi zena, Hezbollahk mendeku hartu baitzuen Israeli eraso eginez. Eta, bide batez, esan zuen Irango gerra ere berandu baino lehen amaituko dela, haren arabera, Washingtonen eta Teheranen ordezkaritzak biltzekoak baitira asteburu honetan, Islamabaden.
Pakistan aritu da bitartekari bi horien artean, eta beste su eten bat onartu zezatela ere lortu zuen joan zen astean, bi astekoa; datorren asteazkenean da amaitzekoa. Ezarri zutenean, Irango eta Pakistango agintariek esan zuten Libano ere barne hartzen zuela akordioak; hots, Israelek eta Hezbollahk erasoak eten beharko zituztela. Baina ez da hala izan.
Libanorako tregoa onartu dutela ikusita, Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak ongietorri egin dio erabakiari, eta espero du «bake iraunkorra» ekarriko duela. Trumpi eskerrak eman dizkio «ahalegin diplomatiko ausarta» egiteagatik, sare sozialetan gaur idatzi duen mezu batean. Irango hedabideek kaleratu dutenez, Mohammad Baqer Qalibaf herrialdeko parlamentuko presidenteak adierazi du «Hezbollahren irmotasunari eta Erresistentziaren Ardatzaren batasunari» esker lortu dela Libanoko tregoa. Horrela deritzote Irani eta hark militarki eta ekonomikoki babesten dituen miliziei, tartean, Hezbollahri.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere ontzat jo du menia, baina kezka ere erakutsi du, «operazio militarrak egiten jarraitu izanak dagoeneko urratu duelakoan». Bi herrialdeetako herritarrak «seguru» egon daitezela galdegin du: «Hezbollahk armak utzi behar ditu. Israelek Libanoren subiranotasuna errespetatu behar du, eta gerra amaitu», adierazi du sare sozialetan. Aurrez, 2024ko azaroan, Israelek eta Hezbollahk su etena adostu zuten; AEBak eta Frantzia aritu ziren bitartekari. Gainera, Beirutek milizia xiita hori armagabetzeko eginbeharra hartu zuen bere gain; iaz, Libanoko armadak herrialdean «armen monopolioa» izateko plan bat aurkeztu zuen, baina Hezbollahk ez dio uko egin borroka armatuari.