Martxan da PKKren armagabetze prozesua gainbegiratuko duen batzorde parlamentarioa

Turkiako Asanbleako bozeramailearen arabera, Elkartasun Nazionalerako, Senidetasunerako eta Demokraziarako Batzordeak hasiera emango dio «beste aro bati». Batzordea etzi bilduko da berriz.

Atzo bildu zen lehen aldiz Elkartasun Nazionalerako, Senidetasunerako eta Demokraziarako Batzordea, Ankaran. ANF
Atzo bildu zen lehen aldiz Elkartasun Nazionalerako, Senidetasunerako eta Demokraziarako Batzordea, Ankaran. ANF
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko abuztuaren 6a
13:10
Entzun 00:00:0000:00:00

PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla kurduaren eta Turkiaren arteko bake prozesuan, lanean hasi da gerrillaren armagabetzeari esparru juridiko bat emango dion batzordea. Atzo bildu zen lehen aldiz Elkartasun Nazionalerako, Senidetasunerako eta Demokraziarako Batzordea, Turkiako Asanblean, eta erakundearen oinarriak eta funtzionamendua zehaztu zituzten. Numan Kurtulmus Turkiako Asanbleako bozeramaile eta sortu berri den batzordeko buruak «mugarri historikotzat» jo zuen lantalde horren sorrera, eta «beste aro bati» hasiera emango diola adierazi zuen atzoko bilkuran.

Hamabi artikulutan laburbildu zituzten batzordearen ezaugarri orokorrak eta funtzionamendua. Bigarren puntuan, lantaldearen helburu nagusiak zehaztu zituzten: Turkian «terrorismoa» ezabatzea, eta gizartearen batasuna eta elkartasun nazionala indartzea. Horretarako, hartu beharreko neurriak zehazteaz arduratuko da batzordea, egoeraren azterketak egiteaz eta herritarrei prozesuaren inguruko informazioa emateaz. Printzipioz, batzordeak urte honen amaierara arte egingo du lan, baina epe hori luzatzeko aukera ere jaso zuten atzo onartutako zirriborroan. Hainbat aldaketa egin zituzten, baina atzoko bilkuran parte hartutako diputatu guztiek eman zioten oniritzia testuari. Etzi batzartuko dira berriz.

«Denon mina denon esperantza bilakatzeko gaude hemen», adierazi zuen Kurtulmusek, batzordea inauguratu berritan. Turkiarren eta kurduen arteko «senidetasuna» nabarmendu zuen, eta adierazi desarmatze prozesua ez dela negoziazioen ondorio, herrialdeak «bakearen eta batasunaren alde duen irmotasunaren» isla baizik. Kurtulmus, batzordeko burua, AKP Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdikoa da, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen alderdikoa. AKPkoak dira batzordea osatzen duten 51 kideetatik 21; beste hamar, CHP Herrien Alderdi Errepublikanokoak; eta launa ordezkari dituzte MHP Mugimendu Nazionalista eskuin muturreko alderdi ultranazionalistak eta DEM Herrien Berdintasunaren eta Demokraziaren Aldeko Alderdiak. Gainerako diputatuak zortzi alderdiren artean banatuta daude.

Hain zuzen, DEM kurduen aldeko ezkerreko alderdia ari da bitartekari Ankararen eta gerrillarien artean. Alderdi horretako diputatu Gustan Kilic Kocyigitek atzoko bilkuran nabarmendu zuen bake prozesuak «segurtasun politiketatik» harago joan behar duela, eta ezinbestekoa dela kurduen eskubideak aintzat hartzea. Besteak beste, azpimarratu zuen kurdueraz ikasteko eta zerbitzu publikoetan beren hizkuntzan egiteko aukera edukitzea «funtsezkoa» dela kurduak beste herritarren pareko izateko.

Otsail amaieran, Abdullah Ocalan PKK-ko buruak armak uzteko deia egin zuen, Imraliko kartzelatik (Turkia). Denera 26 urte daramatza han preso, 1999az geroztik. Gerrillaren sortzaileak mezu hori kaleratu eta egun batzuk geroago, PKK-k su etena iragarri zuen. Maiatzaren hasieran, gerrilla kurduak XII. kongresua egin zuen, eta, haren ondoren, maiatzaren 12an, jakinarazi zuen borroka armatua uztea eta taldea desegitea erabaki zuela. Uztailaren 11n armak suntsitzen hasi zen.

«Kezka» Siriako egoeragatik

SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioaren eta Damaskoren arteko liskarrek Ankararen eta PKKren bake prozesua oztopa dezaketela uste du Omer Faruk Gergerlioglu DEM alderdiko parlamentariak. Rudaw hedabideak atzo argitaratutako elkarrizketa batean, Gergerliogluk «kezka» agertu zuen Siria iparraldeko egoeragatik: «Sirian akordiorik lortzen ez badute, ez dut uste Turkiako prozesuak arrakasta izango duenik», ohartarazi zuen.

SDF batik bat miliziano kurduek osatzen dute, eta Siriako ekialdeko eta ipar-ekialdeko eremu zabal bat du kontrolpean. Martxoan, SDFk eta Siriako agintari berriek itun bat sinatu zuten; hartan, Siriako kurduen menpeko instituzio guztiak estatuko egituretan integratzea hitzartu zuten, baita SDFko milizianoak herrialdeko armadara batuko zirela ere. Ordutik, baina, eztabaidak sortu dira bi aldeen artean, hitzarmen hori nola aplikatu lantzen hasi direnean. Eta, azken egunetan, liskarrak piztu dira herrialdeko iparraldean SDFko milizianoen eta Siriako armadaren artean. Gergerliogluk gogorarazi du ezen, 2013 eta 2015 bitartean, PKKren eta Ankararen bake prozesuak huts egin zuela Siriako gerran bi aldeek hartutako jarrera zela medio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.