Abokatua, migrazioan aditua

Patricia Fernandez Vicens: «Mugak gehiago gogortzeak ez du ezertarako balio»

Patricia Fernandez abokatuak Ceutako krisia «mugimendu politiko bat» dela salatu du, eta ohartarazi dinamika errepresiboak erreproduzitu egiten direla muga guztietan.

Patricia Fernandez abokatua prentsaurreko bat ematen Melillan, 2024eko azaroaren 11an. JOSE MANUEL GINER / EFE
Patricia Fernandez abokatua prentsaurreko bat ematen Melillan, 2024eko azaroaren 11an. JOSE MANUEL GINER / EFE
2026ko abuztuaren 5a
15:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ceutako mugan izandako azken gertakariek agerian utzi dute berriro ere migrazioaren kudeaketa tresna geopolitiko gisa erabiltzen dela. Patricia Fernandez Vicens (Madrid, 1977) abokatu, kriminologo eta Coordinadora de Barrios gobernuz kanpoko erakundeko kidearen esanetan, Tarajal kai muturretik izandako igarotze «masiboa» ez da ohi bezalako migrazio krisi baten ondorio izan, Marokoren eta Espainiaren arteko «krisi aldebiko eta estrategiko» baten emaitza baizik.

Zer gertatu da zehazki Ceutan eta zeintzuk dira arrazoiak?

Tarajaleko kai muturretik pertsona kopuru oso handia sartu da, gehiengoa marokoarrak badira ere, nazioarteko babesa behar duten 600 sudandar inguru daude bertan, baita yemendarrak zein burkinafasoarrak ere. Ez gaude ohi bezalako migrazio krisi baten aurrean, mugimendu politiko eta diplomatiko baten aurrean baizik. Marokoren eta Espainiaren arteko aldebiko krisia da; Marokok AEBekin eta Israelekin dituen aliantzak indartuz, Mendebaldeko Sahara ustiatzen jarraitzeko, eta eremu horretan bere subiranotasuna are gehiago finkatzeko helburua duena.

Zer erantzukizun du Marokoko Gobernuak?

Marokon ez dago benetako zuzenbide estaturik; itxurazko demokrazia baten azpian, monarkia absolutistak kontrolatzen ditu erakunde nagusiak. Makhzen deituriko kontrol eta errepresio aparatu sozial indartsuak herrialdeko txoko eta gazte guztiak erabat kontrolpean dauzka. Horregatik, ezinezkoa da Ceutara egin zuten mugimendu hori beraien jakinarazpen eta onarpenik gabe gertatzea. Gobernuak mugimendua mozteko gaitasun osoa zuen, baina interes politikoengatik utzi die pertsona horiei Ceutara sartzen.

Nola baloratzen duzu Marokoko Gobernuak gertatutakoaren erantzukizunari uko egin izana?

Marokoko agintarien adierazpenek gardentasun eza agerian uzten dute. Mugimendu horren ondorioz gutxienez ehun lagun hil dira, eta horrek erantzukizun politikoa zein giza mailakoa dakar berarekin. Harreman diplomatiko guztiak ez hausteko mafiei zein sare sozialei errua botatzea da bide bakarra. Espainiako Gobernuak ere dialektika hori onartu du; publikoki Marokok Ceuta inbaditu duela salatuko balu, elkarrizketa diplomatiko oro moztu beharko lukeelako.

Eta Espainiako Gobernuak, zer erantzukizun du?

Espainiako Gobernuak erantzukizun handia du urtez urte mugak legez kanpo kudeatzera ohitu delako. Legez kanpoko jarraibide horiek Segurtasuneko Estatu Idazkaritzak agindu ditu. Horrez gain, armada kalera aterata eta salbuespen egoera ez ofiziala ezarrita erantzun du, auzo musulmanetako etxeetan presio eginez. Etxe guztiak miatzen ari dira migratzaileen bila, eta hori onartezina da. Era berean, Marokok, Tarajaleko muga aitortzen ez duenez, ez ditu itzultzeak onartzen, pertsona ugari legez kanpoko eremuetan eta babesgabe utziz.

«Gobernuak mugimendua mozteko gaitasun osoa zuen, baina interes politikoengatik utzi die pertsona horiei Ceutara sartzen»

Zein izango da Europako erakundeen jarrera eta zer aurrekari sortu ditzake?

Migrazioa arma politiko gisa erabiltzea ez da berria Europan, Bielorrusian ere erabili izan dute, baita lehenago Ceutan bertan ere. Mugak gehiago gogortzeak ez du ezertarako balio. Eskuin muturraren migrazioaren aurkako diskurtsoak agenda neoliberal eta koloniala indartzen ditu soilik. Europak Marokorekin dituen lankidetza harreman guztiak baldintzatu beharko lituzke Rabatek giza eskubideak betetzera. Muga militarizatzeak eta kontrol politikoarekin eta ekonomikoarekin baino ez erantzuteak segurtasun enpresen negozioa elikatu besterik ez du egiten. 

Zein da Marokora itzularazi dituzten pertsonen eta Ceutan geratzen direnen etorkizuna?

Ceutan jarraitzen dutenen egoera benetan kritikoa da: adingabe ugarik hainbat egun daramatzate jan gabe eta hiritik bueltaka. Bestalde, haur oso txikiak beren gurasoengandik banandu eta Marokora legez kanpo itzularazi dituztela dokumentatu dugu, beren etxeetatik ehunka kilometrotara bakarrik utziz. Hurrengo egunetan behartutako kanporatze gehiago izango direla espero dugu, eta guk lanean jarraitzen dugu pertsona horiei guztiei nazioarteko babes prozedura behar bezala bermatuko zaiela ziurtatzeko.

Zein izan da bi estatuetako indarrek indarkeria kasuen aurrean izan duten egitekoa?

Marokoko segurtasun indarrek arduragabekeria eta utzikeria erakutsi dute mugaren zainketan, eta pertsona beltzen aurka biolentzia erabili dute, oso gogor. Espainiako polizien kasuan dialektika bikoitza izan da: erreskate humanitario profesionala batetik, eta errepresioa bestetik. Halere, kritikagarriena da Espainiako Gobernuak Guardia Zibila eta armada legez kanpoko egitekoetarako erabili dituela, baita hiritarren segurtasuna kudeatzeko ere, prestaturik ez dauden eginkizun baten aurrean jarriz eta giza eskubideak urratuz. 

Eskuin muturreko talde neonazien manifestazioak eta «etorkin ehizak» izan dira. Zer ari da gertatzen Ceutako gizartean?

Udan, albiste gutxi dauden egunetan, migrazioaren arloko berri asko zabaldu izan dira, eta horrek diskurtso arrazistak hauspotzen ditu. Baina, Ceutako gizartea elkarbizitzara ohituta dago. Bertako biztanleen %55 autoktonoak eta musulmanak dira, eta horiek egin diote aurre eskuin muturrari. «Migratzaileen ehiza» bezalako hizkera erabiltzea pertsona horiei gizatasuna kentzeko estrategia kontziente bat da. Sentsazionalismoak eta hitz bortitzak bizikidetza historikoa arriskuan jartzen dute.

«Muga militarizatzeak eta kontrol politiko zein ekonomiko hutsekin erantzuteak segurtasun enpresen negozioa besterik ez du elikatzen». 

Nola eragin diezaioke krisi horrek Lapurdi eta Gipuzkoako mugari eta Euskal Herriari?

Hegoaldeko [Espainiar estatuko eta Marokoren arteko] mugan gertatzen eta legitimatzen den salbuespenezko indarkeria orokortu egiten da, eta iparraldeko [Espainiako eta Frantziako estatuen artekoa] mugan ere errepikatu daiteke. Arriskua ez da pertsonen igarotze fluxua asko handitzea, baizik eta mugen militarizazioa eta errepresio praktika horiek normalizatzea. Hegoaldean erabiltzen diren mugetako dinamika errepresibo guztiak erreproduzitu egiten dira iparraldeko mugan ere. Horregatik, adi egon behar da giza eskubideen urraketa sistematikoen aurrean. 

Amaitzeko, zein da irtenbidea Espainiaren eta Marokoren arteko mugan?

Irtenbidea Atzerritarren Legea erabat aldatzea izango litzateke, jatorriko lan eta egoitza baimenak malgutuz irregulartasun administratiboa saihesteko. Horrez gain, Europak Marokorekiko mendekotasun geopolitikoa gutxitu behar du eta merkataritza harremanak zein laguntza guztiak giza eskubide zibilak errespetatzera estuki baldintzatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA