Naturaguneak, erregai fosiletatik babesteko modurik gabe

Oihan tropikal handienetako petrolio eta gas ustiaketak aztertu ditu ikerketa batek. Ondorioztatu duenez, proiektu horiek hedatzen ari dira biodibertsitate aberatseneko eremuetan.

BRASIL PETRÓLEO
Petrobras enpresaren petrolioa ustiatzeko instalazio baten artxiboko irudi bat. Amazoniako oihanean dago, Brasilgo Urucu probintzian. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Abagune kritikoan da erregai fosilen etorkizunari buruzko eztabaida. Sekula baino ahots gehiago batu baita aurtengo COP klima larrialdiari buruzko goi bileran, petrolioaren, gasaren eta ikatzaren erabilera erabat alboratu dadila eskatzeko. Ehun herrialde baino gehiagoko aliantza batek konpromiso hori hartzera deitu ditu estatu guztiak eta, berriki, neurri horren beharra nabarmendu du naturagune babestuen egoerari buruzko ikerketa batek. Datuek erakutsi dute erregai fosilen ustiaketak hedatzen ari direla munduko natura eremurik baliotsuenetan, biodibertsitaterik handiena biltzen dutenetan, nahiz eta ekosistema horiek ezinbesteko funtzioak betetzen dituzten klima larrialdiari aurre egiteko, eta legezko babes bereziak dituzten.

Ikerketak hiru natura eremu handitan jarri du arreta: Amazonian, Kongo ibaiaren arroan eta Asia hego-ekialdeko baso tropikaletan. Leave it in the Ground Initiative eta Earth Insight elkarteek ondu dute txostena, eta Dubain aurkeztu zuten, abenduaren 3an, COP28a egiten ari den hirian bertan. Datuen arabera, Amazonia mendebaldeko lur babestuen %12tan erregai fosilen ustiapenerako proiektuak esleitu dituzte; Kongo ibaiaren arroan, gisa bereko esleipenek babestutako eremuen %38ri eragiten diete, eta proportzioa %21ekoa da Asia hego-mendebaldeko naturaguneetan. Hiru eskualde preziatu horietatik harago, erregai fosilen hedapena zabalduta dago 900 natura eremu baino gehiagotan.

Erregai fosilen ustiapena eremu babestuetan
 

Zientzialariek ohartarazi dute bioaniztasun galerak ondrio larriak dituela gizakiarentzat eta, oro har, Lurreko biosferarentzat. Horregatik, balio handiko eremuak dira Amazonia, Kongo ibaiaren arroa eta Asia hego-ekialdeko oihanak. Hiruren artean, mundu osoko biodibertsitatearen bi heren biltzen dituzte. Baina ez hori bakarrik, oihan tropikalek garrantzi handia dute klima krisiari aurre egiteko ere. Funtsezko ekarpena egiten dute, gai baitira karbono dioxido kopuru handiak xurgatzeko. Eremu horietan erregai fosilak ustiatzeak berehalako kalteak ditu, oihanak suntsituta karbonoa xurgatzeko ahalmena murrizten baita. Horri gehitu behar zaizio lur azpian dauden petrolio, gas eta ikatz erreserbak ustiatzean isurtzen diren berotegi gasak. Txostenaren arabera, hiru eskualde horietan dauden erreserbak ustiatzeak, guztira, 50,8 gigatona karbono dioxidoren isurtzea eragingo lukete. Hau da, AEBek eta Txinak elkarrekin urtebetez isurtzen dutenaren hirukoitza baino gehiago.

Ikerlariek azaldu dutenez, munduko estatu guztiak beren natura eremu babestuetan dauden erregai fosilak ez ustiatzeko konpromisoa hartuko balute, lur azpian geldituko liratekeen karbono isuri potentzialak 252,9 gigatonaren bestekoak lirateke. Horren parekoa da herrialde guztiek zazpi urtez isurtzen duten karbono kopurua.

«Hasi hemendik»

«Gune babestuak erregai fosilen ustiatzetik libratzeko gai ez bagara, nola geldiaraziko dugu horien hedatzea munduko gainerako eremuetan?», galdetu dute ikerlariek txostenean. Leave it in the Ground elkarteko zuzendari Kjell Kuhneren esanetan, munduko agintariak erregai fosilak alboratzeko prestatzen ari den honetan, mezu argi bat eman nahi dute eremu babestuetako ustiaketa proiektuei buruz: «Hasi hemendik». Hala ez egitea «tragikoa» litzateke, «ondasun natural izugarria» suntsituko lukeelako «energia zikina» lortzeko, «erregai fosilen aroaren amaieran».

Amazonia itzulerarik gabeko inflexio puntu batera iristeko arriskuan dagoela ohartarazi du Fanny Kuir Castro Amazoniako Erakunde Indigenen Koordinadorako buruak. Puntu hori gaindituz gero, oihana ez da gai izango bere ekosistemari eusteko, eta galdu egingo da ezinbestean. Hori gerta ez dadin, ezinbestekotzat du Amazoniako erregai fosilak ustiatzeari uztea eta beste jarduera industrial batzuk gelditzea.

Amazoniak, Kongoko ibaiaren arroak eta Asia hego-ekialdeko oihanek mundu osoko biodibertsitatearen bi heren biltzen dituzte

Asia hego-ekialdeko oihanentzat arrisku handia dira erregai fosilak, baina baita energia trantsizioa sustatzeko nikela ustiatu asmo duten meatzaritza proiektuak ere, Auriga Nusantara Indonesiako elkarte ekologistako zuzendari Timer Manurungek azaldu duenez. «Akats bat da, eta eten egin behar dugu. Gelditzen zaizkigun baso naturalak eta kostaldeak babestu behar ditugu, baita tokiko komunitateak ere».

Kongoko arroa, erregai fosilen ustiaketak gelditu ezean, eremua antzu bihurtuko dela adierazi du Blaise Mudodosi Herri eta Espezie Mehatxatuak Sustatzeko eta Babesteko Egitasmoaren koordinatzaileak. Gainera, nabarmendu duenez, «Kongoko Errepublika Demokratikoak potentzial garrantzitsua du energia berriztagarriak eta aberastasuna sor dezaketen beste natura baliabide batzuk sustatzeko».

Klima larrialdiari aurre egiteko ez ezik, biodibertsitate handiko eremuek «garrantzi kritikoa dute naturaren berreskurapenerako», Madhu Rao IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasuneko aholkulariaren esanetan. Horregatik, ezinbestekotzat jo du eremu horien «osotasun ekologikoa» mantentzeko neurri posible guztiak hartzea. Horien artean, erregai fosilen ustiapenetik kanpo uztea.

Amazoniak, Kongo ibaiaren arroak eta Asia hego-ekialdeko oihanek hartzen dituzten estatuetako agintariak elkarrekin bildu ziren Brazzavillen (Kongoko Errepublika), joan den urrian. Hiru Arroen goi bileran, ez zuten gobernuen arteko aliantzarik sortu, eta atsekabea agertu zuen horregatik WWF Naturarentzako Mundu Funtsak. Aldiz, adostu zuten elkarlana estutzea, besteak beste, deforestazioaren aurka jarduteko eta basoen kudeaketa hobetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.