Heldu da Ameriketako Estatu Batuetako, Errusiako eta Txinako presidenteak elkarrekin lehenbizikoz juntatuko diren eguna; Shenzhenen bildu dira (Txina). «Historia ari gara egiten», esan die Donald Trumpek Vladimir Putini eta Xi Jinpingi, Reuters agentziak jaso duenez, eta nabarmendu «posizio berezian» daudela buru nuklearrei buruz hitz egiteko, argudiatuta «kapaz» direla arma horiek gutxitzeko: «Bakerik ez da forjatzen aukerak baztertuz gero».
Kremlineko buruak adierazi du «ardura bateratua» dutela segurtasunari eusteko, eta Washingtonek aletxoa jar dezakeela zeregin horretan, hiru potentzien arteko lankidetza eraikitzailearen bidez. Tass Errusiako albiste agentziak kaleratu duenez, Errusiako presidenteak uste du hiru herrialdeek zera dutela amankomuna: Bigarren Mundu Gerra irabazi zutela, eta badutela zeresana nazioartean «bakea» bermatzeari buruz. Hain zuzen, hedabideetan, 1945eko Jaltako Konferentziarekin konparatu dute gaurko bilera —AEBek, Erresuma Batuak eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak Jaltan (Krimea, SESB) egin zuten goi bilera hori, Bigarren Mundu Gerraren ostean Europako mapa berrantolatzeko—.
Hiruko bilera baino lehen, Xik ere lankidetzaz hitz egin du: «Potentzien arteko interakzio positiboa ez da erabaki kontua, ezpada nahitaezko eskakizuna».
APEC Asia eta Ozeano Bareko Ekonomia Elkarlanak urtero egin ohi duen foroko goi bilera egin dute jada, eta, horretaz gain, Donald Trump Etxe Zuriko maizterra lehendabizi Vladimir Putinekin eta gero Xi Jinpingekin bildu da bere kasa: «lagun» deitu dio Kremlineko buruari, eta esan du «gauza on asko» lortuko dituztela gaurko hiruko bilerari esker; Txinako presidenteari atzo egin zion «harrera goxoa» eskertu dio, eta esan du bi potentzien arteko harremana lehen «oso parean» ez zegoen arren orain «oreka» batera heldu dela: «Horixe besterik ez dugu nahi».
AEBetako presidentea atzo goizean heldu zen Shenzenera, eta Xik egin zion harrera. «Ezein presidentek ez du halakorik egin; alegia, aireportura joan eta norbaiti ongietorria egin», esan du goizean Fox News telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean. Bota du Txina eta Errusia «etsai naturalak» direla berez, eta elkarren arteko kidetasunak baino gehiago beharrek bultzatu dutela lankidetza, argudiatuta, besteak beste, Pekinek Moskuren energia eta petrolioa behar dituela. Trump Shenzhenera heldu baino lehen, Errusiako eta Txinako presidenteek bi aldeko bilera egin zuten, eta Xik esan zuen «arroka bezain egonkorra eta fidagarria» dela potentzia mugakideen hartu-emana.
Gatazkak hizpide
Juri Uxakov Errusiako presidentearen aholkulariak adierazi du, Tass agentziak jaso duenez, berrogei minutu ere ez duela iraun Trumpen eta Putinen arteko bilerak. «Ez da bereziki luzea izan». Geroko hiruko bileraz aritu dira, Moskuren eta Washingtonen arteko harremanaz ere bai, eta, «nola ez», Ukrainako inbasioaz eztabaidatu dutela azaldu du.
Zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Trumpek Xirekin egin duen bileran jakinarazi du «zerbait» aterako dela hiruko bileratik Ukrainari dagokionez, eta aztertzen ari direla gatazka nola bukatu: «Gustatuko litzaiguke amaitu dela ikustea».
Bestalde, AEBetako presidenteak esan du Washingtonek eta Pekinek asmo bera dutela Irango gerra dela eta: «Ormuztik energiak zirkulatu dezala». AEBetako armadak gatazka horri ekin zion iragan otsailaren amaieran, Israelekin batera, eta Teheranek itsasarte hori du kontrolpean orduz geroztik —gatazka baino lehen, handik igarotzen zen munduan kontsumitzen zen petrolioaren bostena—. Bi aliatuek argudiatu zuten Iranek arma nuklearrak garatzea eragozteko egin zutela eraso, nahiz eta islamiar errepublikak esana duen helburu zibiletarako erabili nahi duela bere programa nuklearra.
Bada, buru nuklearrak dituzten hiru potentzia dira AEBak, Errusia eta Txina; horri buruz hitz egitekoak dira hiruko bileran, Etxe Zuriak asteon jakinarazi duenez. Kontuan hartzekoa da otsailean iraungi zela START Berria, arma nuklearrak gutxitzeko eta ikuskatzeko Washingtonek eta Moskuk 2010ean sinatutako ituna, eta, horiek horrela, 1991z geroztik lehenbizikoz ez dagoela indarrean bi potentzia horien buru nuklearrak mugatzeko akordiorik. AEBek nahi dute, akordio bat ixtekotan, Txinak ere hori sina dezala, geroz eta buru nuklear gehiago dituelakoan.
Pekinek duela sei urte halako bi buru nuklear ditu orain: hirurehun zituen, eta seiehun ditu gaur egun, eta, Washingtonen proiekzioen arabera, hamarkada amaitzerako mila izango ditu. Txina da munduan buru nuklear gehien duten herrialdeen artean hirugarrena, eta Errusia eta AEBak ditu aurretik: Moskuk 4.400 pasatxo ditu, eta Washingtonek 3.700, SIPRI Bakearen Nazioarteko Ikerketa Zentroak emandako datuen arabera.

AEBetako, Errusiako eta Txinako presidenteek foroko argazki ofiziala atera dute APECeko gainontzeko herrialdeetako liderrekin batera, goizaldean. Erdi-erdian ageri dira hiru potentzietako presidenteak, estola tankerako banarekin; urteroko bilkura horretan, ohikoa da buruzagiek herrialde anfitrioiko jantzi tradizional bat janztea —Bill Clinton AEBetako presidenteak ekin zion ohitura horri, 1993ko foroan; bomber estiloko larruzko jakak eman zizkien beste liderrei—.
Txinak bi koloreren artean hautatzeko aukera eskaini die: urdina edo gorria. Xik estola gorria jantzi du, gidatzen duen herrialdeko bandera bezala; Putinek urdina, zeina Errusia Batua bere alderdiaren kolore nagusia den; eta Alderdi Errepublikanoarena gorria izanagatik ere, Trumpek beste kolorekoa hartu du.