Nazioarteak ontzat jo du Israelen eta Hamasen arteko akordioa

Adostutako neurriak «errespetatu» ditzatela eskatu diete bi aldeei, eta aintzat har dezatela Trumpen plan osoa, «bakea» bermatzeko.

Andre palestinar bat bere haurrekin, Gaza hirian, asteon. MOHAMMED SABER / EFE
Andre palestinar bat bere haurrekin, Gaza hirian, asteon. MOHAMMED SABER / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko urriaren 9a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioarteak ontzat jo du Israelen eta Hamasen akordioa, eta adi dago, hemendik aurrera zer etorriko ote den. Agintariek «bakea» eskatu dute oro har, izan «justua», izan «egonkorra» edo izan «erabatekoa».

Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia pozik agertu da, eta akordioa betetzeko eskatu die bi aldeei. Haren hitzetan, baliteke gaur goizaldean adostutakoa aukera erabakigarria izatea bi estaturen konponbidea gauzatzeko, eta sare sozialetan idatzi duen mezu batean, erantsi du Israelen okupazioak amaitu egin behar duela. NBE prest agertu da Gazara laguntza bidaltzeko eta lurraldea berreraikitzeko.

Iritzi bera du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak: «Akordio honek gerra amaiarazi behar du, eta bi estaturen konponbidean oinarritutako soluzio politikoari bide eman». Macronek sare sozialetan esan duenez, Donald Trumpen plana martxan jartzeak «esperantza» emango die bahituen senideei eta gazatarrei, baita Ekialde Hurbil osoari ere.

Sare sozialetan, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak esan du «lasaigarria» dela Israelen eta Hamasen erabakia, eta eskerrak eman dizkie negoziazioetako bitartekariei. Nabarmendu du bi aldeek planaren puntu guztiak onartu behar dituztela, «atzerapenik gabe» onartu ere, eta exijitu du Gazarako laguntza humanitarioaren blokeoa bertan behera uzteko «berehala».

Kremlinen bozeramaileak, Dmitri Peskovek, elkarrizketetako bitartekarien esfortzua eskertu du, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan: «Pozgarria da Gazan su etena ezartzeak. Espero dugu neurriak gaur sinatzea, eta ondoren ekintzak izatea, adostutakoa betetzeko».

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren ustez, «itzela» da Israelek eta Hamasek Trumpen planaren parte bat behintzat onartu izana, eta bi aldeei eskatu die neurri horiek «errespetatzeko». Kaleratu duen oharrean, Meloni prest agertu da laguntzeko, Gaza «egonkortu, berreraiki eta garatu dadin».

Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak adierazi du «adorea» eman diotela «Israelen aurrerapausoek». Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, berriz, adierazi du espero duela akordioak «bake justu eta iraunkorrari» bide ematea; sare sozialetan esan du datorrenari «itxaropentsu» begiratzeko garaia dela: «Baina baita justizia eta oroimena aintzat hartuta ere, bidegabekeriak ez daitezen berriro gertatu».

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak aldeei eskatu die akordioa «osoki» betetzeko. Sare sozialetan idatzi duen mezu batean, Von der Leyenek esan du Israelek eta Hamasek «bake eta segurtasun egonkorra» lortzeko aukera dutela orain, eta hori «aprobetxatu» egin behar dutela.

Ekialde Hurbilekoen harrera

Joseph Aun Libanoko presidenteak espero du «herri palestinarraren sufrimendua amaitzeko lehen urratsa» izango dela gaurkoa. Haren bulegoak kaleratutako ohar batean, agintariak esan du nazioarteak eta eskualdeak ahaleginean jarraitu behar dutela «erabateko bakea» lortzeko eta, horrela, Palestinaren «berezko eskubideak» errespetatzen direla bermatzeko.

Bestalde, egindako esfortzua eskertu die Jordaniak nazioarteko bitartekariei, hots, Qatarri, Egiptori, Turkiari eta AEBei. Ayman Safadi herrialdeko lehen ministrorde eta Atzerri ministroak komunikatu bat jarri du sare sozialetan, eta hartan adierazi du beharrezkoa dela akordioko puntu guztiak betezea gatazka amaitu dadin, eta, hala, modua izan dadin Israelen erasoaldiaren «ondorio lazgarriei» heltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.