Abuztuaren 26an bat-bateko luizi batek izugarrizko suntsiketa eragin zuen Nepalgo Trishuli haranean, uholde handi bat sortu baitzuen Nepal eta Tibet arteko mugan. Luizia jazo eta zazpi minutu eskasera, izugarri handitu zen errekaren emaria, eta gutxienez 1.300 lagun hil ziren. Ezbeharra gertatu eta ia hilabetera, 5.000 pertsona inguru desagertuta daude oraindik. Nepalgo gobernuak hasieratik adierazi du ezbehar horren atzean klima larrialdia dagoela, eta ikertzaile talde batek lotura hori aztertu du.
Ikusi gehiago
Ondorio irmorik ez dute atera ikerketatik, hasieratik garbi utzi baitute hainbat faktore elkartu zirela ezbeharraren aurretik. Hala ere, esplikatu dute klima larrialdiak izugarri handitzen duela halako ezbeharrak gertatzeko arriskua. Izan ere, askotan intuizioz egin daiteke halako fenomeno baten eta klima aldaketaren arteko korrelazioa, baina klima larrialdia aztertzen duten zientzialariek beti nabarmentzen dute korrelazio hori baieztatu egin behar dela datuekin. Horregatik sortu zuten World Weather Attribution ikerketa zentroa; laburbilduz, fenomeno meteorologiko edo ezbehar handi bat gertatzen denean, klima aldaketarik gabeko egoera batean erreproduzitzen dituzte datuak, ikusteko ea zenbaterainoko eragina izan duen.
Bada, Nepalgo uholdearen kasuan, lotura ez da hain agerikoa, faktore asko baitaude tartean. Lehenik eta behin, gogorarazi dute luizia jazo zen mendian bertan —Langtang Lirung— Richter eskalako 7,8 graduko lurrikara bat izan zela 2015ean, eta ikusi dute ordutik handitu egin dela luizien maiztasuna mendi ingurune hartan; gainera, eremu oso garaietan, azken urtean maiztasun hori handituz joan dela ere esan dute: «Nahiz eta oraindik ezinezkoa den baieztatzea lurrikara horrek eragin zuzena izan zuela 2026ko kolapsoan, posible da lurrikarak mendi hegala baldintzatu izana eta halako kolapsoak gertatzeko arriskua handitu izana». Horregatik uste dute, hain zuzen, ezbeharra «faktore geologikoen eta klimatikoen baturak» eragin zuela.
Klima aldaketaren inpaktua
Permafrostaren urtze azkarra mendiaren pareten desegonkortzearen atzean egon daitekeela azaldu dute ikertzaileek, eta, noski, izotz geruzak azkar urtzearen atzean klima larrialdia dago. «Izotzak arrokak kohesionatzen ditu, eta horrek hausturak errazten ditu; gainera, urtzetik datorren urak presioa handitu dezake, eta aurrez zeuden ahultasun geologikoak are gehiago desegonkortu. Horregatik, permafrostaren degradazioak klima faktore gehigarri baten efektua eduki ahal izan du, kolapso bat gertatzeko mendi hegala baldintzatuz».
Ikusi gehiago
Himalaian glaziarrak asko txikitzen ari direla ere azaldu dute, baita murrizte hori azkartzen ari dela ere. XIX. eta XX. mendeetan, Langtang Lirung mendiko glaziarraren galera tasa batez beste urtean %0,5ekoa zen, eta 2010etik hona, %1etik %2,3koa izatera pasatu da. Beraz, hori ere pareten desegonkortzearen atzean egon daitekeela uste dute, alde batetik glaziarrek kontrahorma efektua dutelako, eta bestetik glaziarren urtzeak inguruko hormen tentsioa handiarazten duelako.
5.000
ZENBAT DESAGERTU DAUDEN ORAINDIK NEPALEN. Erreskate lanak oraindik zailak dira larrialdi zerbitzuentzat, suntsipena izugarria baita. Oraindik 5.000 pertsona daude desagertuta.
Permafrostaren eta glaziarren urtze azkarraz gain, beste faktore klimatiko bat ere behatu dute: prezipitazioen handitzea. Elur maila, gutxinaka, gero eta gorago dago, berotzea dela eta. Horregatik, garaiera handiko eremu gero eta gehiagok jasotzen dituzte prezipitazioak euri forman, eta horrek presio hidrikoa handitzen du, ura azkar batean iristen baita arrokaren hausturetara. Montzoi garaian, adibidez, hamar urtean behin 100 metro egiten du gora zero graduren isotermak. Luizia jazo zen inguruan, ohi baino euri gehiago egin zuen 2025eko urrian, eta hurrengo hilabeteak ohi baino beroagoak izan ziren. Uste dute bi eragile horiek luizia gertatzea erraztu zutela.
Faktore horiek guztiak aztertu eta gero, gogorarazi dute ezin dela lotura zuzena egin klima aldaketaren eta ezbeharraren artean, ez direlako saiatu ere egin: «Ez dugu ebaluatu luizi jakin hau gertatzea posible izango ote litzatekeen gizakiak eragindako klima aldaketarik gabe. Halako lotura bat egite, proba gehiago behar lirateke, atmosferaren baldintzak lurpeko tenperaturekin, arroketako hausturetako uraren presioarekin eta mendi hegalaren bilakaera mekanikoarekin lotzeko». Hala ere, baieztatu dute tenperaturaren berotze azkarrak handitu egiten duela halako fenomenoak gertatzeko arriskua, baita ezbehar horien larritasuna ere.
Egokitu beharra
Ikertzaileek uste dute egokitzapen neurri gehiago behar direla halako eremu kritikoetan, batez ere mendi garaiak dauden zonen behaketa handitzeko, arriskuak komunikatzeko eta herrialdeen artean informazioa trukatzeko. Hala ere, uste dute halako gertakariek egokitzapenaren mugak gainditzen dituztela, eta kalteei eta galerei ekin behar zaiela, inpaktu handienak jasan dituzten komunitateen berreraikuntza eta berreskurapena sustatuz.
Azkenik, azaldu dute erregai fosilen erabilera ahalik eta gehien eta azkarren apaldu behar dela etorkizunean halako ezbehar gutxiago izan daitezen, trantsizio energetiko «azkar» bat bultzatuz.