Nobel saria espazioko «partikula lotsatienen» ehiztariari

Francis Halzen partikulen fisikari belgikarrari eman diote Fisikako Nobel saria, neutrinoak ikertzeagatik. Izotz Kuboa Neutrinoen Behatokia pentsatu eta sortu zuen Antartikan, lurrazaletik kilometro eta erdiko sakoneran.

Fisikako Nobel saria jakinarazteko agerraldia, Stockholmen. CHRISTINE OLSSON / EFE
Fisikako Nobel saria jakinarazteko agerraldia, Stockholmen. CHRISTINE OLSSON / EFE
jakes goikoetxea
2026ko urriaren 6a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neutrinoak artikulu hau idatzi duen kazetariaren eta irakurtzen ari den irakurlearen gorputzak zeharkatzen ari dira. Bilioika. Giza gorputzak eta Lurra bera ere gurutzatzen dituzte, gizakiak konturatu gabe. Horregatik mamu deitzen zaie neutrinoei. Baina baita mezulari ere: ez dute ia ezerekin talka egiten, ez dute karga elektrikorik, eta, beraz, kosmosari buruzko informazioa zuzenean eta interferentzia elektromagnetikorik gabe ematen dute.

Zuzenean eta interferentziarik gabe, informazio hori jasotzeko gai denari. Begiz ezin dira ikusi —atomoak baino partikula txikiagoak dira—, eta gizakiak garatutako teknologiarentzat ere ez da erraza. Hain justu, neutrinoak atzemateko lan egin duen ikertzaile bati eman diote aurtengo Fisikako Nobel saria: Francis Halzen partikulen fisikari belgikarrari, «unibertsoko partikula lotsatiena» erakusteko egindako lanagatik. AEBetako Wisconsin-Madison Unibertsitateko ikertzailea da. 82 urte ditu.

Ideia izugarria izan zuen Halzenek: hego poloko izotza baliatzea neutrinoen aztarnak ikusteko. Hala sortu zuten Izotz Kuboa Neutrinoen Behatokia. Behatoki berezia da. Antartikako kilometro koadro bat izotz baliatu zuten behatokia sortzeko. Izotza bazegoen Antartikan, baina ikertzaileek argi sentsoreak sartu zituzten izotzetan, neutrinoak atzemateko, 5.000 baino gehiago. Argia jaso eta seinale elektriko bihurtzen dute.

Nola? Neutrinoak oso txikiak dira, oso azkar bidaiatzen dute —argiaren abiaduraren pare ia— eta ia energia galdu gabe. Baina batzuetan atomo batzuen nukleoek eragina dute neutrinoetan, karga elektrikoa duten partikulak sortzen dira, argi urdina egiten dute, eta, ondorioz, neutrinoak atzeman daitezke.

Kilometro kubo bateko behatokia da, baina kilometro kubo hori lurrazaletik ia kilometro eta erdira hasten da, eta ia 2,5 kilometroko sakoneran amaitu. Ur beroarekin egiten dituzte zuloak, lokarri luze batzuk sartzen dituzte zuloetan, eta, lokarriei lotuta, neutrinoen argia, erradiazioa atzemateko gai diren argi sentsoreak. Zuloak izoztutakoan, sentsoreak izotzetan harrapatuta geratzen dira. Izotz Kuboa behatokia da, baina teleskopioa ere deitzen diote.

Halzenek 1988an izan zuen ideia, 2004an hasi ziren hura eraikitzen, eta 2011n bukatu zuten. Antartikako baldintzek eraikuntza lanak luzatu zituzten. Hango uda baliatzen zuten behatokia eraikitzeko eta osatzeko, azarotik otsailera, urtero. Hego poloa eremu egonkorra da, interferentzia gutxikoa eta lurrikara arrisku txikikoa. Kilometro eta erdiko sakoneran, iluna eta animaliarik gabea. Badu ifrentzua ere: lan egiteko eremu zaila da, eta azarotik otsailera soilik lan egiten dute.

Burbuilak arazo

Izotz Kuboaren aurretik beste behatoki bat sortzen saiatu ziren: Amanda. Konturatu ziren izotzaren lehen geruzan aire burbuilek argi seinaleak sakabanatu eta lausotu egiten zituztela; kilometro eta erdira, aldiz, izotza oso garbia eta gardena zela, eta neutrinoek eragindako argiak 300 metroko bidea egiten zuela.

Halzenek izotz kuboaren ideia izan aurretik, beste ikertzaile batzuek uste zuten ura elementu egokia zela neutrinoak atzemateko, gardena denez, ikusi ahalko zelako neutrinoen eta atomoen nukleoen talkak eragindako argi urdina. Hawaiiko ur sakonetan atzeman nahi zituzten neutrinoak. Proiektu horretan lan egiten ari zen John G. Learned. Halzen harekin harremanetan jarri zen, eta neutrinoak izotzetan atzemateko asmoa azaldu zion. Biek elkarrekin lan egin zuten proiektuan. Izotz Kuboa nazioarteko lankidetzaren emaitza da, eta ikertzaile eta herrialde askok bat egin dute proiektuarekin, baina Halzen izan da liderra. Oinarrizko ikerketa egiten dute.

Stockholmgo Karolinska institutuak nabarmendu du Halzenek «astronomia mota berri baten oinarriak» ezarri zituela. Neutrinoak Lurrera iristen dira Eguzkitik eta espazioko beste zenbait lekutatik. Neutrinoak atzemanez gero, haiek «muturreko zer baldintzatan» sortu ziren eta zer ibilbide egin duten ikertu dezakete, eta kosmosa hobeto ulertu. Abantaila da neutrinoek karga elektromagnetikorik ez izatea eta bidea zuzen egitea.

Bost emakume soilik

Neutrinoei buruzko ikerketagatik Fisikako Nobel saria eman zieten Raymond Davis Jr. eta Masatoshi Koshiba ikertzaileei 2002an: lehenak Eguzkiko neutrinoak ikusi zituen lehen aldiz 1960ko hamarkadan; bigarrenak zuzendutako taldeak aurkikuntza hori baieztatu zuen eta 1987an lehertutako izar batek eragindako neutrinoak atzeman zituen.

Gizon bati eman diote, beste behin, Fisikako Nobel saria. 120 aldiz eman dituzte Fisikako Nobel sariak. Guztira 231 ikertzaileri. Horietatik bost baino ez dira izan emakumeak: Marie Curie (1903), Maria Goeppert Mayer (1963), Donna Strickland (2018), Andrea Ghez (2020) eta Anne L'Hullier (2023).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA