inaut matauko rada

Noiz arte?

2026ko azaroaren 23a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Porrot egin dute Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Hitzarmeneko konferentziako (COP) negoziazioek. Azken urteetan asko gogortu dira bilerak, baina beti lortu izan dute azken egunetan testu bat adostea, nahiz eta ez duten balio izan aurrerapauso handirik emateko. 2015eko Parisko Akordioak ilusio handia piztu zuen, klima aldaketari aurre egiteko nazioarteko borrokan beste urrats bat izango zelakoan, eta horren osteko lehen COPetan ere erabaki garrantzitsuak hartu ziren. Klima aldaketari aurre egiteko hainbat funts sortu ziren, alor ezberdinetakoak, eta bestelako neurriak ere onartu ziren.

Zailtasunak beti izan diren arren, 2023an Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) egin zen COP28an erregai fosilen etorkizunarekiko lehen desadostasunak garbi azaleratu ziren. Izan ere, zientziak demostratu duenez, erregai fosilen kontsumoaren jaitsiera beharrezkoa da klima larrialdia moteltzeko eta Lurraren berotzeak 1,5 gradu zentigraduak ez gainditzeko. Bada, Dubain herrialde batzuek proposatu zuten erregai fosilen ustiaketa eta erabilera amaitzeko epe bat jartzea, baina ez zen onartu. Horren ordez, aipamen urardotu bat egin zieten erregai fosilei, baina inongo konpromiso eta data zehatzik gabe.

Erregai fosilen aferari dagokionez, iaz Belemen (Brasil) egindako COP30ean iritsi zen azken desadostasun handia: herrialde batzuek berriro proposatu zuten erregai fosilekin amaitzeko bideorri bat egiteko konpromisoa hartzea, baina adostasunik lortu ez zutenez, kanpoan geratu zen. Aurten oso antzeko zerbait pasa da: zirriborrotik erregai fosilak ezabatzeko aipamena kendu zuten, eta horrek berekin ekarri du zenbait estatuk proposamena baztertzea —EB Europako Batasuneko ordezkariek, besteak beste—.

Ilusiotik porrotera pasa dira klima aldaketari buruzko nazioarteko goi bilerak, eta galdera da ea noiz arte iraungo duen blokeo egoera horrek: Tuvalu eta bestelako uharte herrialdeak hondoratu arte? Mendikateetako glaziarrak desagertu arte? Bero boladek eragindako hildakoak milaka izatetik milioika izatera pasa arte?

Gertakari deigarri bat izan zen COP31ko negoziazioak martxan zeuden bitartean: inoizko tenperatura anomalia handieneko eguna izan zen 2026ko azaroaren 20a. 1850 eta 1900 urteen arteko batez bestekoarekin alderatuta, munduko tenperatura 2,13 gradu zentigradu beroagoa izan zen egun horretan. Datu horrek, beste ehunka daturekin batera, garbi utzi du berotze globala ez dela moteltzen ari, alderantziz baizik, azkartzen ari dela. 2026an berriro gaindituko da 1,5 graduko berotzea, baina badirudi herrialde askori ez zaiela horrenbeste inporta.

Noski, erregai fosilen afera ez da dena. Europako Batasunak bere burua zuritzen du erregai fosilen kontuan posizio sendoa hartuz, baina Hegoalde Globalarekin duen zor historikoa konpontzerakoan muzin egiten die haien diru eskakizunei.

Negoziazioak oso blokeatuta daude, jarrerak oso polarizatuta baitaude, eta klima larrialdiaren arazoa areagotzen ari da. Orrialde asko behar dira egoeraren analisi oso bat egiteko, baina Claudia Webbek, Erresuma Batuko parlamentari ohiak, ondo laburtu du Antalyako COP31ean bizitakoa: «COP31k huts egin du klima akordio bat onartzerakoan erregai fosilak saltzen dituzten herrialdeek baztertu egin dutelako erregai fosilak aipatzea eta herrialde aberatsek uko egin diotelako haiek sortutako kalteak konpontzeko 120.000 milioi dolar ordaintzeari. Bien bitartean, planeta gutxien berotu duten herrialdeak esku hutsik itzuli dira etxera».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA