OME kezkatuta dago Kongoko ebola agerraldiaren bilakaeragatik

Osasunaren Mundu Erakundeko buruak aitortu du arduratuta daudela gaitzaren hedapen azkarragatik. Kongoko Errepublika Demokratikoaren arabera, «baliteke hildakoak» 131 baino gehiago izatea.

Erizain bat ebolak kutsatutako pazienteak artatzeko prestatzen, iragan astean, Beni hirian, Kongoko Errepublika Demokratikoan. HUGH KINSELLA CUNNINGHAM / EFE
Erizain bat ebolak kutsatutako pazienteak artatzeko prestatzen, iragan astean, Beni hirian, Kongoko Errepublika Demokratikoan. HUGH KINSELLA CUNNINGHAM / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko maiatzaren 19a
13:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain, ebola agerraldi bat. Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko herritarrak armadaren eta talde armatuen arteko borroken erdian bizi dira, eta ebola agerraldi bati aurre egin behar diote orain. OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak, Tedros Adhanom Ghebreyesusek, igandean larrialdi egoera ezarri zuen herrialde hartan, eta gaur aitortu du erakundea «arduratuta» dagoela agerraldiaren bilakaeraren «azkartasunagatik eta tamainagatik». Agerraldi horren ondorioz gutxienez 131 pertsona hil direla uste du Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak, eta ohartarazi du bostehun kutsatu baino gehiago daudela jada.

Ebolaren Bundibugyo aldaeraren agerraldi hori apirilaren amaieran atzeman zuten lehen aldiz, Ituri probintzian, Kongoko Errepublika Demokratikoko ipar-ekialdean. Eta lotura izan dezaketen zenbait kasu aurkitu dituzte Ipar Kivu probintzian. Gainera, Ugandako Gobernuak baieztatu du Kampala hiriburuan ere bi kasu atzeman dituztela —haietako bat hil egin da—, eta Hego Sudanen ere beste bat atzeman dute.

Kongoko hedabideek gaur kaleratu dutenez, herrialdeko gobernuak 131 heriotza atzeman ditu, eta adierazi litekeena dela 513 kasu izatea. Samuel Roger Kamba Osasun ministroak nabarmendu du «posible» dela ebola kasuak izatea, eta aztertzen ari direla ea benetan azken agerraldiarekin lotuta dauden.

Adhanomek gaur jakinarazi duenez, baieztatu dute aztertutako 30 kasuk zerikusia dutela Ituri probintziako agerraldiarekin. Gehitu duenez, agerraldiak zabalkunde handiagoa izango du, eta hildako gehiago eragingo ditu. Izan ere, OMEko buruak Genevan (Suitza) egindako adierazpen horietan azaldu duenez, gaitzaren ondorioak are eta larriagoak izango dira arrazoi hauen ondorioz: osasun langileen heriotzak, eskualde horietako biztanleen desplazamendu ugariak, eta Bundibugyo aldaeren aurkako txertorik eza. Osasunaren Munduko Batzarrean egin ditu adierazpen horiek. Urteroko batzar hori atzo hasi zen, eta larunbatean amaituko da.

Halere, ebolaren Bundibugyo aldaerak Zaire aldaerak baino heriotza tasa apalagoa duela argitu du Kongoko Osasun ministroak. Herrialde horretan, Zaire da ebolaren aldaerarik ohikoena. Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Bundibugyo aldaeraren heriotza tasa %25 eta %40 artekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA