Ormuztik igarotzen diren ontziei ezarritako bideetatik joateko eskatu die Iranek

Teheranek ez du bere gain hartu itsasartean ontzi bati egindako erasoa. Egotzi die AEBei eta Persiar golkoko herrialdeei elkarrekin aritzea «esku sartzen» eta «probokatzen»

Ontzi batzuk Ormuzko itsasartean, ekainaren 19an. AMIRHOSEIN KHORGOOI / EFE
Ontzi batzuk Ormuzko itsasartean, ekainaren 19an. AMIRHOSEIN KHORGOOI / EFE
Igor Susaeta.
2026ko ekainaren 26a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ormuzko itsasarte estrategikoaren gaineko burujabetza duela azpimarratu nahi du Iranek. Horregatik, atzo hura zeharkatzen ari zen ontzi bati egindako erasoa gertatu ondoren, Teheranek gaur zera eskatu die handik nabigatu behar duten ontziei: jarraitzeko ezarritako bideei. Ez du bere gain hartu erasoa, baina zera adierazi du X sare sozialean Persiar Golkoko Itsasartearen Agintaritzak, Iranek Ormuzko trafikoa kudeatzeko ad hoc sortutako organoak: «Ohartarazten dugu Zirkulazio Seguruaren Bermeak ez duela estaltzen ezarritako bideetatik kanpoko nabigazioa».

Pasabide horretako itsas trafikoa kontrolatzea du asmo Teheranek, eta AEBekin izaten ari den elkarrizketetan tirabira gehien eragin dituen auzietako bat da. Behin bi aldeek negoziatzen jarraitzeko memorandum bat sinatuta, Iranek Ormuz desblokeatu zuen, ia lau hilabetez itxita eduki ondoren. Baina atzo Singapurko bandera zuen ontzi bati eraso egin zioten jaurtigai batekin, Omango kostaldetik gertu. Itsas Segurtasunerako Erresuma Batuko Agentziak eman zuen horren berri. Ez zuen biktimarik eragin. 

Eta hori gertatu ondoren, NIE Nazioarteko Itsas Erakundeak jakinarazi zuen bertan behera utzi zutela Ormuztik atera asmo duten ontziak eskoltatzeko plana. Duela hiru egun jarri zuten martxan, han ez atzera ez aurrera dauden 11.000 marinel inguru ebakuatzeko. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horren idazkari nagusi Arsenio Dominguezek ohar batean esan zuen «bermeak» ziurtatu arte etenda egongo dela plana. Horrekin lotuta, Persiar Golkokoko Itsasartearen Agintaritzaren ohartarazpena: «Baimendu gabeko ibilbide batean zerbait gertatuz gero, ontziko kapitainaren eta armadorearen ardura izango da».

Bide batez, Irango Atzerri Ministerioak belarrietatik tira egin die bai AEBei eta bai Golkoko Arabiar Estatuen Kooperazio Kontseiluko kideei, «eskua sartzen» aritzea egotzita, eta jarrera «probokatzailea eta arduragabea» izan dutela leporatu die. Washingtonek eta foro horretako herrialdeek bilera bat egin zuten atzo, eta ondoren adierazpen bateratu batean azpimarratu zuten, besteak beste, «eskualdean bakea lortzeko» beharrezkoa dela «Iranen mehatxuei» aurre egitea. Kontuan hartu behar da Persiar golkoko herrialde horiek Iran kritikatu dutela azken hilabeteetan, Israelek eta AEBek otsailaren 28an hasitako erasoaldiri erantzun diolako, nagusiki, Washingtonek eskualdeko herrialdeetan dituen azpiegitura militarra joz.

Irango Atzerri Ministerioak kaleratutako oharrean nabarmendu du, gainera, Ormuzko itsasartea Irango eta Omango uretan dagoela, eta memorandumaren 5. puntuak jasotakoari jarraikiz kudeatuko dutela hura. Puntu horretan dio Irani eta Omani dagokiela leku estrategiko hori «etorkizunean nola administratu» definitzea.

Grossik, berriro

Iranek ez du atzoko erasoari buruzko aipamenik egin, baina The Wall Street Journal AEBetako egunkariak Teherani egotzi zion ardura, kaleratutako informazioan Washingtongo iturriak aipatuz.

Bestalde, Rafael Grossi IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren zuzendari nagusiak berriro esan du espero duela agentziaren inspektoreak «laster» joatea Iranera, hango instalazio nuklearrak ikuskatzera. Garrantzia kendu nahi izan dio AEBen eta Iranen arteko «adierazpenen gerrari». Izan ere, Teheran esaten ari da oraindik ez dagoela gainbegiratzeak hasteko planik; Washingtonek, aldiz, kontrakoa dio. «Elkarrizketa tekniko bat eduki dugu Iranekin, eta espero dugu prozesu horrekin jarraitzea», esan die Grossik kazetariei Japonian —han dago bidaia ofizial batean—. Eta nabarmendu du, bide batez, AEBen eta Iranen arteko elkarrizketek aurrera egingo badute ikuskatzeak egin behar dituztela: «Ez dago beste modurik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA