Pam Bondi AEBetako fiskalburua kargugabetu du Trumpek

AEBetako presidenteak azken hilabetean kaleratu duen bigarren goi karguduna da.

Pam Bondi AEBetako fiskalburu ohia, artxiboko argazki batean. WILL OLIVIER / EFE
Pam Bondi AEBetako fiskalburu ohia, artxiboko argazki batean. WILL OLIVIER / EFE
Igor Susaeta.
2026ko apirilaren 2a
20:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump AEBetako presidentea ez zegoen pozik Pam Bondi fiskal nagusiaren lanarekin. Jendaurrean ere hala adierazi izan du. Eta, azkenean, gaur kendu du kargutik. Azken hilabetean kaleratu duen bigarren goi karguduna da Bondi; martxo hasieran, Kristi Noem Segurtasun Nazionalerako idazkaria kendu zuen kargutik.

Etxe Zuriko maizterrak Truth Social bere sare sozialean esan duenez, «lagun leiala» eta «patriota estatubatuarra» da Bondi, eta jakinarazi du sektore pribatuan arituko dela aurrerantzean. Trumpek berriro herrialdeko presidente bilakatu zenean izendatu zuen Bondi fiskalburu, hau da, iazko urtarrilean. Bondi Florida estatuko fiskalburua izan zen 2011tik 2019ra.

Trumpi ez zitzaion gustatzen Bondi nola kudeatzen ari zen Epstein auzia. Hori kaleratu dute AEBetako hainbat hedabidek azken hilabeteetan, Etxe Zuriaren inguruko iturriak aipatuz. Kontuan hartu behar da auzi horri buruzko dokumentu desklasifikatuak kaleratu zituztela urtearen amaieran, Justizia Departamentuaren aginduz. Dokumentu horietako bik gutxienez, erreferentzia egiten diote Trumpi. Etxe Zuriko maizterrak berak esan izan du Jeffrey Epsteinen laguna izan zela. Epstein 2019ko abuztuan hil zen, New Yorkeko kartzela batean, adingabeekin sexu trafikoa egiteagatik epaitua izateko zain zegoela.

Irailean, Trumpek belarrietatik tira egin zion Bondiri. Truth Socialen mezu bat idatzi zuen, eta esan fiskaltza ez zela «ezer» egiten ari kontrarioak estutzeko orduan. «Gure ohorea hondoratzen ari dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA