Etxebizitza dekretuen inguruan Espainiako Kongresuan egingo den bozketak ondorioak izango ditu, alor politikoan ere bai. Zenbait hedabideren arabera, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchez hauteskundeak aurreratzeko aukera aztertzen ari da, eta aukera hori hobetsiko luke dekretuek aurrera egingo ez balute. Eldiario.es hedabide digitalak eguna ere iragarri du: esan du azaroaren 29an izango direla Espainiako Gorteetarako bozak. El PaĂs egunkariaren arabera, bozak aurreratzeko aukerak badu PSOEko buruzagi askoren eta Espainiako Gobernuaren zenbait ministroren babesa.
Azken bi asteotan, Espainiako agenda politiko eta mediatikoa erabat irauli dute 87 urteko Maricarmen Abascalen etxegabetzeak eta horren harira antolatutako protestek, bereziki Madrilen egiten ari diren kanpaldiak. Horri erantzun nahi izan dio Espainiako Gobernuak gaur bozkatzekoak diren etxebizitza dekretuekin, baina horiek aurrera ez ateratzeak agerian utziko lituzke koalizio gobernuaren mugak, eta hauteskundeak aurreratzeko aukera indartuko luke.
Edonola ere, kalkulu politikoa ere badago Sanchezek hartuko duen erabakian: gatazka horren ondorioz ezkerreko jarrerak indarturik eta eskuinekoak higaturik aterako direla iritzita, aldeko olatua baliatu nahiko luke PSOEk hauteskundeak aurreratuta.
«Etxebizitzari buruzko galdeketa»
Espainiako zenbait ministro hasi dira hauteskundeak aurreratzeko aukera aipatzen euren adierazpenetan. Gizarte Eskubide eta Kontsumo ministro Pablo Bustinduyk gogorarazi du erabakia Espainiako gobernuburuari dagokiola, baina onartu du «zurrumurrua» badabilela, eta erantsi bere esparru politikoa «prest» dagoela aukera horri erantzuteko –Sumar koalizioko kide da Bustinduy–. «Datozen hauteskundeak etxebizitzaren aferari buruzko galdeketa izango dira», adierazi du.
Gobernuaren bigarren presidenteorde eta Sumarreko kide Yolanda Diezek, berriz, ez du adierazpenik egin nahi izan bozak aurreratzeko aukerari buruz: «Sanchezekin hitz egin dut, baina ez dut asmorik harekin hitz egindakoa jendaurrean agertzeko».
Sumarrek bilera egingo du etzi, eta, zenbait hedabideren arabera, bozak aurreratzeko aukera aztertuko dute bilkura horretan.