Haren esku zegoen hein handi batean bozketa, eta gauerdiaren bueltan iragarri du erabakia: etxebizitza dekretuen aurka bozkatuko du JxC Junts per Catalunyak. Aho batez hartu du erabakia Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiaren alderdiak, eta eskatu dio Espainiako Gobernuari utz dezala bertan behera gaur egitekoa duten bozketa eta aurkez dezala beste proposamen bat. Madrilek, ordea, eutsi egingo dio Kongresuko bozketari.
JxCren arabera, Espainiako Gobernuak bultzatutako dekretuak gutxitu egingo luke alokairuaren eskaintza, eta prezioak garestitu. Alderdi independentistaren esanetan, gainera, dekretuek ez liekete aterik itxiko inbertsio funtsei, eta ez dituzte babesten familia zaurgarriak. Bigarren dekretuari dagokionez, berriz, hau da, alokairuak automatikoki luzatzen dituenari buruz, hauxe esan du JxCk: «Hiru belaunaldiren aurrezkiak desjabetuko lituzke».
Jakina zen bigarren dekretuak, alokairu kontratuei buruzkoak, ez zuela aurrera egingo, atzo EAJk eta Coalicion Canariak aurka bozkatuko zutela iragarri arren. Aldiz, lehena, etxegabetzeei buruzkoa, JxCren botoaren menpe zegoen; nahikoa izango zatekeen haren abstentzioa dekretuak aurrera egiteko. Sanchezek berak sare sozialetan erantzun dio Puigdemonten alderdiari: «Bada garaia PPk, Voxek eta JxCk beren burua agerian utzi eta erakusteko etxebizitza kontuetan herritarrekin edo espekulatzaileekin dauden».
Puigdemontek zuzentzen duen alderdiaren iragarpenak haserrea eragin du bai Katalunian eta bai Madrilen, eta istiluak izan dira goizaldean etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaldian daudenen eta segurtasun indarren artean.
Beste proposamen bat
JxCk iragarri du, halere, esku artean duela etxebizitzaren inguruko beste proposamen bat, eta goizean zehar emango diola PSOEri, «inbertsio funtsak geldiarazi eta familia guztiak babesteko modua emango duen akordio bat lortzeko negoziazioak hasteko». Goizean plazaratutako oharrean, ordea, gauean zuzendaritzak jarritako baldintza berari eutsi dio talde parlamentarioak, alegia, Espainiako Gobernuak erretira ditzala gaur bozkatzekoak dituzten bi dekretuak.
JxCk, PPk, Voxek eta UPNk kontrako botoa emanda, dekretuek ez dute aurrera ateratzeko aukerarik. Jeltzaleek ere aurrez iragarria zuten bigarren dekretuaren aurka egingo zutela baina lehenari «babes kritikoa» emango ziotela, argudiatuta «adabakia» dela eta «gabezia asko» dituela. EAJren ustez, dekretuak egoera zaurgarrian daudenak babesteko neurriak jasotzen ditu, eta jabe txikien egoera hobetzen du. Horregatik erabaki du alde bozkatzea.
Bi dekretuen alde egitekoak dira EH Bildu eta Podemos. Koalizio subiranistaren arabera, proposamenek aukera ematen dute espekulazioari aurre egin eta maizterrak babesteko. «Milaka herritarrek zailtasun handiak dituzte etxebizitza eskuratzeko, eta egoera horrek politika publiko ausartak eta erabaki argiak eskatzen ditu», esan zuen Nerea Kortajarena EH Bilduko Programa idazkari eta Donostiako alkategaiak.
Erlazionatuta
Â