«Haserre handi bat dut: paperik gabeko emazteak ez ditu kontuan hartzen. Emazte guztiak babestu nahi ditugu». Peio Dufau EH Baiko diputatuaren hitzak dira, atzo Frantziako Asanblea Nazionalak onartutako eraso sexisten eta sexu indarkeriaren kontrako lege integralaren ingurukoak. Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean goraipatu du diputatu batek ere ez zuela kontra bozkatu. Halere, proposamenak aurrera egingo balu ere, uste du Frantziako legediak asko duela hobetzeko sexu indarkeriaren arloan: «Lehen urratsa da, baina ez da nahikoa». Besteak beste, gaitzetsi du lege proposamenak ez dituela kontuan hartzen paperik gabeko emakume migratzaileak.
Ikusi gehiago
Lyhannaren afera izan da lege proposamena onartzeko pizgarri nagusia. 11 urteko neskato horren erailketaren harira hartu du Asanblea Nazionalak neurria. Maiatzean gertatu zen, eta aurrez sexu indarkeriagatik salatua izana zen 41 urteko gizon bat da susmagarri nagusia. Horren harira, ikusgai geratu da Frantziako legedia ez dela behar bezain gogorra sexu indarkeriaren arloan. «Orduan jabetu ziren batzuk zerbait egin beharra zegoela», adierazi du Dufauk. «Orain arte tolerantzia handiegia zen, eta ez zen biktimen boza entzuten».
Espainiako Estatuko eta Hego Euskal Herriko legediaren aldean Paris atzean geratu dela nabarmendu du EH Baiko diputatuak. Espainian 2004an bozkatu zen lege esparruan oinarritu dira atzo onartutako lege proposamena ontzeko.
Orain, lege proposamena Senatura igaroko da. Goi ganberak ere onartuko duelakoan dago Dufau, baina kezka du zer aldaketa egingo dizkioten lege integralari. Senatuan, proportzioan, ordezkari kontserbadore gehiago daude Asanblea Nazionalean baino.
Beste proposamen bat ere izan du mintzagai Dufauk. Iragan astean, EH Baiko diputatuak eta Paul Molac diputatu bretoiak Frantziako Konstituzioa aldatzeko lege proposamena aurkeztu zuten, hizkuntza gutxituen lege estatusa erabaki ahal izateko; «konstituzioa ez erabiltzeko tokiko hizkuntzen kontra». Jakinarazi du dagoeneko 90 diputatuk izenpetu dutela proposamena, eta datozen egunetan «beste horrenbeste» ordezkariren babesa lortzea espero du. «Esperantza handia dut LFIko diputatu guztiek izenpetuko dutela», esan du EH Baikoak. Orain arte, ezkerretik eskuinera, espektro politikoaren alde guztietako diputatuek babestu dutela nabarmendu du.
Dufauk nahiko luke datozen hiru hilabeteetan lortzea Asanblea Nazionalaren babesa; ondoren, proposamena Senatura igaroko litzake. Konstituzioa aldatzeko proposamena izanik, jarraian Kongresua bildu beharko litzake, eta diputatu eta senatari guztien hiru bostenen babesa lortu.
Euskararen egoeraz mintzatuz, salatu du Ipar Euskal Herrian euskarari «erasotzen» ari direla, eta dei egin du azaroan 21ean Baionan euskararen alde egingo den manifestaziora joateko; «Parisi erakusteko ez dugula onartuko euskarari erasotzea».
Arazo nagusia, aurrekontuak onartzea
Ipar Euskal Herrian eta Frantzian azken asteetan egindako ikasle protestak piztu dituzten arazoak konpontzea «biziki konplikatua» dela uste du EH Baiko diputatuak. Gainera, hezkuntza sisteman bezala, gizarteko beste sektore batzuetan ere arazo ugari daudela nabarmendu du: «Suhiltzaileak protestan ari dira, funtzionarioak ere bai...». Murrizketek arlo guztiei eragiten diete, eta hori da Dufauren ustez Frantziak duen arazo nagusia: aurrekontuak. «Sekulako zorra dugu, eta nork ordaintzen du? Zerbitzu publikoek».
Ziur da Sebastian Lecornu lehen ministroak dekretu bidez edo 49.3 artikulua erabilita onartu beharko dituela aurrekontuak. Jakinarazi du elkarrizketarik ere ez dela ari izaten, badakitela akordiorik ez dutela lortuko, baina halere hilabete bat edo bi «galduko» dituztela aurrekontuak onartzeko bidean.
«Macronistak euren artean ados jartzen ez badira, pentsa oposizioak zer egingo duen», adierazi du Dufauk. Izan ere, Frantzia hauteskunde kanpaina «betean» sartua dela uste du. «Macronisten artean hiru hautagai daude presidentetzarako. Eta haietako bakoitza esaten ari da ez dela macronista, ez dituela babesten orain arte egindako politikak». Datorren urteko apirilaren 18an egingo dituzte Frantziako presidentetzarako bozak.

