Frantziako Konstituzioa ez dadila izan oztopo hizkuntza gutxituen estatus legala erabakitzeko orduan. Helburu hori du Peio Dufau (EH Bai) diputatu euskaldunak eta Paul Molac diputatu bretoiak egin duten konstituzio lege proposamenak. Gaur aurkeztu dute Parisko Asanblean egin duten agerraldian, eta jadaneko beste diputatu andanaren babesa jaso dute; bederatzi talde politikotako 80k izenpetu duten haiekin batera. «Konstituzio lege proposamen honen bidez koherentzia segurtatu nahi dugu 2008an eskualdeko hizkuntzei egin zitzaien aitortza eta konstituzioaren 2. artikulutik ondorioztatzen diren beharren artean, zuzenbideak konstituziogilearen borondatea islatu dezan», esplikatu dute proposamenaren aurkezpenean.
Zehazki, Frantziako Konstituzioaren 2. eta 34. artikuluak aldatzea proposatu dute. Honela dio konstituzioaren 2. artikuluaren lehen paragrafoak: «Errepublikako hizkuntza frantsesa da». Esaldi hori osatzea nahi lukete bi diputatuek, hau gehituta: «Eskualdeko hizkuntzen erabilpenaren, sustapenaren eta babesaren errespetuan». 34. artikuluak, aldiz, Frantziako Parlamentuak ebatzi dezakeen lege esparrua definitzen du. Horretan, paragrafo bat gehitzea proposatu dute: «[Legeak arautzen du] eskualdeko hizkuntzen estatusa, bereziki administrazioan eta zerbitzu publikoetan duen erabilpena».
Bi aldaketa horiek, onartuko balituzte, ez lukete bere horretan hizkuntzen estatus legala aldatuko. Haatik, hizkuntzei buruzko eztabaida Parlamentuan finkatzea ekarriko lukete
Bi aldaketa horiek, onartuko balituzte, ez lukete bere horretan hizkuntzen estatus legala aldatuko. Haatik, hizkuntzei buruzko eztabaida Parlamentuan finkatzea ekarriko lukete, Frantziako Konstituzio Kontseiluak erabaki ordez. Konstituzio aldaketak aitzina eginen balu, hizkuntza gutxituen aldeko lege bat prestatzea izanen da ondoko urratsa.
Gaurtik aitzina diputatu gehiagoren babesa lortuko dutela espero dute Dufauk eta Molacek, eta helburutzat eman dute urte bukaera aitzin lege proposamena Frantziako Asanbleako gai ordenean sartzea. Horretarako, talde politiko batek bere txokoa uztea beharko lukete; izan ere, hilabetean behin oposizioko edo gutxiengo talde politiko batek berarentzat erreserbatutako eguna izaten du parlamentuan, nahi dituen lege proposamen eta erabakiak eztabaidagai jartzeko.
Asanblean ontzat ematen badute, Senatuan eztabaidatu beharko dute ondoren. Baina ez da horretan bukatzen konstituzioa aldatzeko prozesua: ororen buru, kongresua bildu beharko da, eta diputatu eta senatari guzien hiru bostenaren babesa lortu beharko du proposamenak. Frantziako presidenteak erreferenduma deitzea izan daiteke beste aukeretako bat; gaur gaurkoz, ez da errealistena.
Jurisprudentziarekin bururatzea
Hizkuntza gutxituetako eragileek behin baino gehiagotan azpimarratu dute Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluak sortzen duen blokeoa. Hura aldatzea erronka bilakatu da azken urteetan. Heldu den azaroaren 21erako euskararen koofizialtasunaren alde Euskal Konfederazioak Baionan deitu manifestazioaren aldarrikapenetako bat ere bada.Â
Frantziako Konstituzio Kontseiluak behin eta berriz jo du konstituzioaren 2. artikulura bizi publikoan hizkuntza gutxituen erabilera mugatzeko. Jurisprudentzia bat bilakatu da
1992an egin zen konstituzio aldaketan idatzi zuten 2. artikulu hori. Maastrichteko itunaren testuinguruan, frantsesaren lekua babestea zen helburua, ekonomiako, zientzietako eta nazioarteko harremanetan ingelesa gaina hartzen ari baitzen. Eta hala idatzi zuten: «Frantsesa da Errepublikako hizkuntza». Parlamentuko orduko eztabaidetan diputatu batek baino gehiagok agertu zuen arrangura baieztapen horrek hizkuntza gutxituen erabilerari zegokionez izan zezakeen eraginari buruz. Eta hala gertatu da: Frantziako Konstituzio Kontseiluak behin eta berriz jo du konstituzioaren 2. artikulura bizi publikoan hizkuntza gutxituen erabilera mugatzeko. Jurisprudentzia bat bilakatu da.Â
Hori konpontzeko helburuarekin egin zuten 2008ko konstituzio aldaketa: 75-1 artiklulua gehitu zuten. Ordutik, «eskualdeko hizkuntzak Frantziako ondarearen parte dira». Baina, funtsean, hizkuntzei balio sinboliko bat besterik ez zien aitortu, eta konstituzio kontseiluak ez zuen 2. artikuluan oinarritutako jurisprudentzia zalantzan jarri. Horren froga dira ordutik hartutako hainbat erabaki, hala nola, Molac Legearen kontrako helegitea. Halaber, Frantziako Estatuak euskararen kontra hartutako hainbat erabakitan ere, 2. artikulua izan dute ardatz, herriko etxeek euskara aitortzeko hartutako deliberoen kontrako helegiteetan adibidez.Â
Hizkuntzen alde
Iazko urrian, Molac Legeak orain arte eman duena aztertu zuten Frantziako Senatuan, Max Brisson senataria buru zuen batzorde batean. Aitzinamenduak eragin dituela ebatzi bazuten ere, adierazi zuten gutxiegizkoak zirela hiztun kopuruaren apaltzeari eta transmisioaren etenari buru egiteko. Hala, politika publiko anbiziotsuago eta koherenteago bat behar zela iritzi zuen Senatuak, eta konstituzio aldaketa baten alde egin zuten, «eskualdeko hizkuntzen lege aitortza indartzeko».
Mezu bera zabaldu dute orain Dufauk eta Molacek ere. Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan diren hizkuntza gutxituak goraipatu dituzte, baina abisua eman dute gaur egun duten hauskortasun egoerari buruz. «Ondare bizi bat dira, lurraldeetako eta horietako biztanleen historiari hertsiki lotuak». Hiztun kopuruaren apaltzea eta familia transmisioaren etena kontuan hartuta, irakaskuntzan eta kulturan jarri behar da azpimarra haien hitzetan, eremu publikoan hizkuntza erabiltzeko aukera emanez.Â
Â