PKK-k armak utzi ostean ere, Turkiak esan du haren aurkako operazio gehiago egingo dituela

Turkiako Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, «prest» daude gerrilla kurduaren armagabetzea «sabota» dezakeen edozein egoeratarako. PKK-k asteon iragarri du bertan behera utziko duela borroka armatua.

PKK-ko lider Abdullah Ocalanen jarraitzaileak martxoan, Diyarbakirren (Kurdistan). METIN YOKSU / EFE
PKK-ko lider Abdullah Ocalanen jarraitzaileak martxoan, Diyarbakirren (Kurdistan). METIN YOKSU / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko maiatzaren 16a
10:06
Entzun 00:00:0000:00:00

Turkiak ez ditu etengo PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla kurduaren aurkako operazioak. Astelehenean iragarri zuen PKK-k bertan behera utziko zuela borroka armatua eta desegin egingo zela. Egun berean, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak adierazi zuen gerrilla kurduaren armagabetzeak «beste garai bat» ekarriko duela. Atzo Turkiako Defentsa Ministerioko bozeramaile Zeki Akturkek jakinarazi zuenez, ordea, Turkiako armadak PKKren aurkako «neurri sendo eta eraginkorrak» hartuko ditu aurrerantzean ere.

Akturkek gehitu zuen azken egunetan PKKren arma eta munizio «ugari» aurkitu dituztela Turkiaren menpeko Kurdistanen. Halaber, Turkiako armadak egin ditu operazioak Siriako Kurdistanen ere. Horietan, SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioko YPG (Herriaren Babes Unitateak) milizia kurduaren azpiegitura militarrak suntsitu dituztela jakinarazi zuen Defentsa Ministerioko eledunak.

Turkiako armadak jokabide berari eutsiko dio PKK-k estatuarentzako «mehatxu» izateari utzi arte. Horregatik, «kobazuloak, ezkutalekuak, minak eta lehergaiak bilatzen eta suntsitzen» jarraituko dutela ziurtatu zuen Akturkek.

Gaineratu zuenez, gerrilla kurduaren erabakia martxan jarri behar da «denborarik galdu gabe». Eta ohartarazi zuen «adi eta prest» daudela gerrilla kurduaren armagabetzea «sabota» dezakeen edozein egoeratarako. Herenegun, Erdoganek esan zuen Turkiako zerbitzu sekretuek PKK zelatatzen segituko dutela, «hitza betetzen dutela ziurtatzeko». Eta gehitu zuen «funtsezkoa» dela PKKren adar guztiek erabakia onartzea.

Otsail amaieran, Abdullah Ocalan gerrillaren sortzaile eta liderrak armak uzteko eskatu zuen, Imraliko espetxetik egindako agerraldi batean —1999tik dago han buruzagi kurdua—. Martxo hasieran, su etena iragarri zuen gerrilla kurduak. 12. kongresuan, maiatzaren 5ean, 6an eta 7an, erabaki zuen PKK-k armak uztea eta desegitea; astelehenean eman zuen erabakiaren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.