PP «alfonbra gorria» jartzen ari zaio Voxi, PSOEren arabera

Feijoo eta Abascal buru dituzten alderdiek elkarrekin gobernatzeko akordioa egin dute Valentziako Autonomia Erkidegoan ere

Alberto Nuñez Feijoo PPko burua eta Santiago Abascal Voxekoa, iragan urrian. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
ander perez zala
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministro eta PSOEren idazkariorde nagusiak atzo gogor kritikatu zuen PP eta Vox elkarrekin gobernatzeko ados jarri izana Valentziako Autonomia Erkidegoan. Bi alderdi horien arteko akordioa, gobernabidea bermatzea helburu duena, Alberto Nuñez Feijook alderdi eskuindarraren buruzagitza hartu zuenetik egin duen lehen itun garrantzitsua da, eta mugarri bat izan liteke uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako bozen osteko jokalekurako. Horri begira, Monterok PPri leporatu zion «lerro gorri bat» jarri beharrean «alfonbra gorria» jartzen ari zaiola alderdi ultraeskuindarrari.

Feijook eta Abascalek botere instituzionala kendu nahi diote PSOEri, eta horretarako lehen pausoa da joan den maiatzaren 28ko udal eta erkidegoetarako bozek utzitako emaitzak baliatzea ados jartzeko. Gobernabiderako akordio hori zabalduz gero, bi alderdi horiek gobernatzeko aukera izango dute Aragoin, Balearretan eta Extremaduran, adibide batzuk aipatzearren; dena den, Valentziakoa ez da lehen kasua, iaz Gaztela eta Leonen egin baitzuten itun bat, estreinakoz, erkidegorako, bozak egin eta gutxira.

Eta, hain justu, Monteroren ustetan, PP eta Vox geroz eta gehiagotan ados jartzeak agerian uzten du «bereizezina» izango dela bataren edo bestearen alde bozkatzea hauteskundeetan, La1 telebista kateari atzo emandako elkarrizketa batean nabarmendu zuenez: «Valentziako Erkidegoko hitzarmena lotsagarria da».

Alderdi eskuindarrak eta ultraeskuindarrak herenegun jakinarazi zuten gobernabiderako akordio bat egin zutela Valentziako Autonomia Erkidegoan. Carlos Mazon PPren erkidegoko buruzagia pozik agertu zen, eta esan zuen «ahalik eta azkarrena» nahi duela inbestidura saioa egin, eta, hala, gobernua osatu.

Uztaileko lehen astearen amaiera aipatu zuen; hala gertatuko balitz, Mazonek Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpaina hastean hartuko luke Valentziako Generalitateko presidente kargua.

Feijooren oniritzia

Feijook atzo arte itxaron zuen itun horretaz aritzeko, eta oniritzia eman zion akordioari, argudiatuta Voxek boto emaileen babesa jaso zuela joan den maiatzeko udal eta erkidegoetako hauteskundeetan. Denera, erkidegoetako aliantzak alde batera utzita, bi alderdiak elkarrekin 130 udaletan gobernatzekotan dira—etzi egingo dituzte inbestidurak—.

Hori bai, atzoko ekitaldi batean Moncloara iristeko hitzarmen bera egitearen inguruan galdetu ziotenean, PPren buruzagiak uko egin zion erantzuteari; zehazki, esan zuen bere helburua ez dela Voxekin ados jartzea, baizik eta «gobernatzeko nahikoa izango den gehiengoa lortzea».

Eta, halakorik lortzen ez badu, Feijook baldintza bat jarriko dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari kargu horretan jarraitzeko, esRadio irratiari emandako elkarrizketa batean azaldu zuenez: «PSOEk hauteskunde orokorrak irabazten baditu, eta ez badu independentistekin eta Podemosekin akordiorik egiten, ni abstenitu egingo naiz inbestidura saioan, hark goberna dezan».

Dena den, gerora, PPren buruzagiak adierazi zuen eskuin muturrarekin ados jartzen ari direla hauteskundeak berriz ez egiteko. Halere, Murtzian, Voxek bozak berriz egiteko mehatxua egin zuen atzo, popularrek eta PSOEk erkidego horretako parlamentuko mahaitik kanpo utzi baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.