Esna daude jada Europako hiri gehienak, eta protesta eguna da gaur horietako askotan. Frantzian espero dira protesta handienak, eta Frantziako Gobernuak atzo iragarri zuen 70.000 polizia eta jendarme mobilizatuko zituela, istiluak eragozteko asmoz —aurreko larunbatean baino %20 gehiago—. Gainera, debekatu egin dituzte sindikatu ofizialek deituak ez diren mobilizazioak, eta hiri nagusietan soilik baimendu dituzte manifestazioak: Parisen, Marseillan, Estrasburgon, Lillen, Mulhousen, Grenoblen, Okzitaniako Tolosan eta Amiensen. Hala ere, manifestari askok adierazi dute berdin-berdin mobilizatuko direla, debekuen gainetik.
Paris, esaterako, ez da egunero bezala esnatu. Hiriko autoritateek metroaren 24 geltoki itxi dituzte goizean goizetik, eta Louvre eta Orsay museoek ere ez dituzte ateak ireki, ezta Versaillesko jauregiak ere. Komertzio gehienak ere itxita daude. 14:00etarako daude manifestazioak deituta, eta, momentuz, ez da istilurik izan.
Handiak izan ziren protestak aurreko larunbatean, eta manifestazio asko baketsuak izan baziren ere, beste hainbatetan istiluak piztu ziren. Poliziak 2.000 lagun atxilotu zituen, horietatik 855 Parisen. Hil hasieran hasi ziren protestak Frantzian; ikasleek hasi zituzten, gobernuari ikastetxeetako baldintzak hobetu zitzan exijitzeko. Baina herrialde osora hedatu dira orain, eta aldarrikapenak ere hedatu dira: besteak beste, bizitzaren garestitzea, erosahalmenaren galera eta gobernuaren kudeaketa eskasa salatzen dute. Izan ere, Frantziako Gobernuak gero eta zor publiko handiagoa du, eta murrizketak iragarri ditu, herritarren kontura, zor hori leuntzeko xedez.
Baina horrek tentsio handia piztu du kaleetan. Ikasle mugimenduek, sindikatuek eta Jaka Horiek antolatu dituzte mobilizazioak. Hala ere, Sebastian Lecornu lehen ministroak atzo gauean ohartarazi zuen «arrisku handia» dagoela gaur, eta ez dela horrenbeste mobilizazioak antolatu dituzten eragileen partetik, baizik eta «ezker muturreko talde erradikalen» eta «gaizkileen» ekintzengatik. Horri lotuta, zera esan zuen Laurent Nuñez Barne ministroak: «Arpilatzeekin eta zalapartariekin ez dugu gupidarik izango».
Europa osoan
Frantziaz gain, protesta handiak espero dira Europako beste hainbat herrialdetan, hala nola, Italian, Espainian, Austrian, Portugalen, Albanian eta Irlandan. Michael O’Flaherty Europako Kontseiluaren Giza Eskubideetarako komisarioak manifestazio baketsuak babestearen alde egin du, herritarren eskubide direla argudiatuta. Poliziaren jardunak giza eskubideak errespetatzen dituela bermatzeko ere eskatu die herrialde kideei. «Gizabanako edo talde batzuek eragindako indarkeriak ez ditu justifikatzen ekintza arbitrarioak, debeku orokorrak, eta jende masen sakabanatzeak».
Horiek, izatekotan, arratsalderako espero dira; ordurako baitaude deituta mobilizazio gehienak. Italian, esaterako, 15:30ean hasiko dira mobilizazioak hiri nagusietan. Baina horien aurretik, Poliziak hainbat etxe miatu ditu; hain zuzen, 150 etxetara sartu da Milanen, istiluak sortzeko susmagarriak diren pertsonak hor bizi direla argudiatuta. Protesta handiak espero dituzte, eta Erroman eta Milanen, esaterako, hainbat komertziok egurrez blindatu dituzte haien erakusleihoak. Beste hainbat komertziok iragarri dute 15:00etan itxiko dituztela dendak gaur.