Zimendu ezegonkorren gainean eraikia da Pedro Sanchez Espainiako presidentearen gobernua. Behin baino gehiagotan egon da kolokan, baina oraingoan arrakala zabal bat hasi zaio irekitzen. Jordi Turull JxC Junts Per Catalunyako idazkari nagusiaren ustez, boterean irauteko «edozer» egiteko prest dago PSOE Espainiako Alderdi Sozialista, eta «egoera honi aurre egiteko» zer jarrera hartuko duen «hausnartzeko» eskatu dio Sanchezi. Atzo, Perpinyan (Ipar Katalunia), Carles Puigdemont JxCko liderrak adierazi zuen PSOEri emandako babesa kentzea proposatu duela alderdiaren zuzendaritzak. Militantziak hartuko du azken erabakia.
Militanteek erantzun beharko duten galderaren berri ere eman du Turullek, RAC1 Kataluniako irrati katean egindako elkarrizketan: esan beharko dute ea ados dauden ala ez alderdiaren buruzagitzak egindako proposamenarekin, hau da, PSOErekin egindako inbestidura ituna hautsi nahi duten ala ez alderdi sozialistak «hartutako konpromisoak behin eta berriz bete gabe utzi ostean». Biharko 10:00ak eta osteguneko 18:00ak artean izango dute galdera horri erantzuteko aukera JxCko militanteek.
2023ko azaroan sinatu zuten ituna PSOEk eta JxCk; hala, adostu zuten JxCek Sanchezen alde bozkatuko zuela inbestidura saioan, hura izan zedin Espainiako presidente, eta, trukean, zenbait eskakizun egin zituen alderdi katalanak. JxCko zuzendaritzaren ustez, Sanchezek ez ditu bete bi alderdiek hitzartutakoak; hala nola, amnistia legea Kataluniako prozesu subiranistan parte hartutakoei aplikatzea —duela lau hilabete Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuen Puigdemonti ez aplikatzea—, migrazio eskumenak eskualdatzea eta katalana ofizial bilakatzea Europako Batasunean.
Hitzarmena hautsita eta parlamentuan gehiengoa galduta hauteskundeak aurreratzea Sanchezen esku dagoela gogorarazi du Turullek. Halere, baztertu egin du Espainiako eskuinek bultzatutako zentsura mozio bat babesteko aukera: «PSOEk ez ditu gainditu akordio honetako ikasgai asko, baina PPk ikasturtea errepikatu beharko luke». Hain zuzen, PP Espainiako Alderdi Popularreko buru Alberto Nuñez Feijook kazetariei egindako adierazpenetan esan du JxCren jarrera lausoa dela, eta zer bide hartu nahi duten «zehazteko» eskatu dio. Turullek, berriz, TV3 Kataluniako telebista kate publikoan egindako elkarrizketan berretsi du ez duela PPrengana hurbiltzeko asmorik: «Feijoorekin ez goaz inora». PPko burua Europako Batasunean katalanaren ofizialtasuna «boikotatzen» aritu dela azaldu du Turullek, baita amnistia legea aplikatu nahi izan ez duten epaile «errebeldeak» animatzen ere.
JxCren Espainiako Kongresuko bozeramaile Miriam Nogueras ere antzera mintzatu da Madrilen: akordioa «hilda» dagoela ziurtatu die kazetariei, eta gaineratu du Sanchezen gobernuaren ardura dela egin beharreko hurrengo urratsak zehaztea. Adierazi du Puigdemonten eta Sanchezen arteko bilkura batek ere ez lukeela «ezer konponduko»: «PSOEk bete ez dituen konpromisoak zuritzeko bilera bat? Ez». Halere, argitu du akordioa hausteak ez duela esan nahi Diputatuen Kongresuan PSOEren aurka bozkatuko dutela beti, baizik eta amaitutzat emango dituztela Espainiako Gobernuarekin hasitako negoziazioak. Suitzan hemeretzi aldiz batzartu direla jakinarazi du Noguerasek. Turullek baieztatu du bukatutzat eman dituztela duela ia bi urte Suitzan nazioarteko bitartekari batekin hasitako elkarrizketak.
Eskuinarekin, «erosoago»
Alderdi sozialistak boterean irautea beste asmorik ez duela salatu du JxCko idazkari nagusiak: «PSOEk ez du Espainiarentzako proiekturik, PSOErentzako proiektu bat du». Eta gaineratu du «beste alderdi batzuekin agian ez», baina JxCrekin hitzartutakoak ez betetzeak «ondorioak» dituela: «Guk ez dugu Espainiako alderdi baten makulu izateko asmorik».
Bada, Sanchezen gobernuari babesa eman dion beste alderdi katalana, ERC Esquerra Republicana, ez da harritu JxCren erabakiaren berri izatean: «Beren berezko esparru ideologikoa PPrena eta Voxena da», adierazi die kazetariei Gabriel Rufian ERCren Espainiako Kongresuko bozeramaileak; «erosoago sentitzen dira». Eta gaineratu du orain zera dela kontua, ea nork «eusten» dion denbora luzeagoan: «Feijook, zentsura mozio batera deitzeko, edo Sanchezek, bozak aurreratzeko. Nik lehenengoaren aldeko apustua egingo nuke, baina ikusiko dugu».