Israelek gaur ireki du Gazaren eta Egiptoren arteko igarobidea. Atzo zen hura irekitzekoa, baina irekiera egun bat atzeratuko zutela jakinarazi zuen Israelgo Defentsa Ministerioko Cogat erakundeak. Israelgo segurtasun arduradun batek gaur iragarri du EB Europako Batasuneko ikuskatze taldea iritsi dela jada Rafahra, eta igarobidea irekita dagoela bi noranzkoetan, herritarrak bertatik igarotzeko. Rafahko pasabidea 2024ko maiatzetik eduki dute itxita Israelgo indarrek.
Ikusi gehiago
Hala ere, sartu-irtenak «mugatuak» izango dira, ez da laguntza humanitariorik sartuko, eta «ikuskatze mekanismoak» egongo dira mugan. Jakinarazi dute soilik EBk eta Egiptok onartzen dituzten herritarrak sartu ahal izango direla zerrendan, eta, gainera, lehen aldiz onartuak izan ondoren, autobus batean eramango dituztela palestinarrak Israelgo kontrolgune batera. Bertan «identitate kontrolak» egingo dizkiete Israelgo indar militarrek, eta horiek izango dute azken hitza herritarrak zerrendara sartu ala ez erabakitzeko.
Hortaz, Israelek izango du mugaren kontrola, eta hori gaitzetsi egin izan du Hamasek. Pasabidea «mugarik gabe» irekitzeko eskatu izan du, Gazara laguntza humanitarioa sar dadin. Israelgo Gobernuak Rafahko pasabidea irekitzeko baldintzak jakinarazi zituenean, Hamasek adierazi zuen horiek «betetzea ezinezkoa» zela, eta esan zuen muga Egiptoren eta Palestinaren artean kudeatu beharko litzatekeela, Israelek kontrola hartu aurretik egiten zen moduan.
Israelgo Gobernuaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik Gazatik irten diren palestinarrak ahalko dira soilik Gazara sartu. Palestinako iturri ofizialek nabarmendu dutenez, 100.000 palestinar inguruk egin zuten alde Gazatik 2023ko urriaren 7tik ondorengo bederatzi hilabetetan, Israelgo indarrek 2024ko maiatzean pasabidea itxi zuten arte.
Orain muga ireki dute, eta Israelek jarraituko du hura kudeatzen. Gaur jakinarazi dute 50 laguneko autobus bat sartu dela Gaza hegoaldeko pasabidetik goizean. Hori bera baieztatu dio EFE berri agentziari Gazan laguntza humanitarioa kudeatzen duen iturri batek, eta gehitu du sartu diren pertsonetako batzuk garai batean zerrendatik irten behar izan zutenak direla. Gaixorik edo zaurituta zeuden, eta Egipton artatu zituzten.
12.000
Zenbat mediku. Egiptoko 12.000 mediku prest daude Gazako zaurituak artatzeko. Ehunka anbulantzia daude Rafahko pasabidearen Egiptoko aldean, Gazako herritarrak artatzeko prest. Egiptoko Osasun Ministerioak Al-Qahera News hedabideari jakinarazi dionez, prest dituzte 300 anbulantzia, baita herrialdeko 150 ospitale ere.
Aldiz, ez da gazatarrik atera oraingoz Rafahtik. «Oraingoz, inor ezin izan da irten, baina Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi digu bost pertsona irtengo direla gaur», azaldu du gaur Zaher al-Waheidi Gazako Osasun Ministerioko arduradunak. Probetan ari dira oraindik. Egiptoko funtzionario batek The Associated Press hedabideari esan dionez, palestinarren kopuru bera sartuko eta irtengo da gaur Gazatik, hau da, 50 lagun.
Eta gazatar batzuk ere atera dira gaur zerrendatik; guztira, bost paziente. Hori esan dute Palestinako eta Egiptoko iturriek; horien arabera, Egiptoko erietxeetara eraman dituzte. Gaza pixkanaka hustuz joatea da Israelen helburua, eta herritar gehiago nahi ditu Gazatik ateratzen Gazara sartzen baino. «Rafahko pasabidetik Gazako 200 herritar igaroko dira egunean: 150 Egiptorako bidean, eta 50 Gazarakoan», adierazi dio Egiptoko iturri ofizial batek EFEri. Gainera, ez da Rafahkoa Gazako irteera bakarra. Al-Waheidiren arabera, beste 50 lagun dira irtetekoak Gazatik Israelera, Kherem Shalomeko pasabidetik.
Laguntza humanitarioa
Anbulantziak zain daude igarobidearen Egiptoko aldean, jendea artatzeko prest. Mohammed Abu Salmiya Gaza iparraldeko Al-Xifa ospitalearen zuzendariak Al-Jazeera hedabideari adierazi dio 450 paziente daudela zerrendan «muturreko egoeran», eta azaldu du horietatik bost soilik irten daitezkeela gaur Rafahko pasabidetik. Gehitu du zerrendako 20.000 pazientek behar dutela lehenbailehen artatuak izan, eta horietatik 4.500 umeak direla. «Mekanismo argiak nahi ditugu larri zaurituak daudenak Gazatik atera ahal izateko». Osasun iturrien arabera, gutxienez 1.268 pertsona hil dira Gazan ezin izan dituztelako artatu; hau da, Israelek Rafahko pasabidea itxi zuenetik ezin izan delako bertara laguntza humanitarioa sartu.
Eta laguntzak Gazan egon beharko luke jada. Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Gazarako «bake plana» aurkeztu zuen 2025eko irailaren amaieran, eta urriaren hasieran jarri zuen indarrean. Laguntza humanitarioari sarbidea emango zitzaiola zioen planak: «Behin akordioa onartuta, Gazara laguntza bidaliko da», jasotzen du puntuetako batek; eta «bi aldeek ez dute laguntza oztopatuko», beste batek.

Baina Israel ez da planean jasotakoa betetzen ari; planaren bigarren fasera igaro den honetan, lehen faseko zenbait eskakizun oraindik ez ditu bete. Esaterako, su etena jasotzen du lehen faseko puntuetako batek, baina Israelek 500 palestinar hil ditu iazko urritik, osasun iturri ofizialen arabera.
Gaur bertan hil ditu Israelgo armadak lau herritar Gazan, tartean hiru urteko ume bat. Horrez gain, asteburua ere odoltsua izan zen: larunbatean gutxienez 32 gazatar hil zituen Israelgo armadak, horietatik gutxienez zazpi adin txikikoak. «Su etena» ezarri zenetik hildako gehien erregistratutako eguna izan zen herenegungoa.
Israelek argudiatu izan du Hamasek ere plana urratu duela. Izan ere, iragan astera arte israeldar bahitu baten gorpua Israeli itzultzea falta zitzaion talde islamistari. Hamasek argudiatzen zuen ez zuela topatzen. Baina aurkitu egin zuen Israelek, eta, hortaz, Hamasek bete ditu lehen faserako ezarritako baldintzak.
Horiek horrela, fokua Hamasen gainean mantendu nahi izan du Israelek. Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak aurreko astean adierazi zuen hurrengo urratsa Hamas «erabat armagabetzea» dela: «Beharrezkoa da Israelen segurtasunerako eta Gazaren etorkizunerako. Hori da gure helburua». Hortaz, bigarren faseko betebeharrak betetzeko eskatzen ari zaio Israel Hamasi, hark oraindik lehen fasean jasotako zenbait puntu bete ez dituen arren.
Israelgo Gobernuak Palestinan lan egitea debekatu die Mugarik Gabeko Medikuei
Israelgo Gobernuak iragarri du MSF Mugarik Gabeko Medikuek ezin izango dutela martxotik aurrera Gazan lan egin. Abenduaren amaieran Israelek jakinarazi zien Zisjordanian eta Gazan aritzen diren gobernuz kanpoko 37 erakunderi Palestinako haien langileen dokumentuak aurkeztu beharko zituztela, arrazoituz kideetako batzuek lotura zuzena izan zezaketela Hamasekin eta beste talde islamiko batzuekin. Iragarri zuen hala egin ezean debekatu egingo zituela talde horiek Palestinan.
MSFk gaur erantzun dio Israeli ez diola informazio hori emango, argudiatuz ezin dutela «beren langileen segurtasuna bermatu». Abenduaren 30ean egin zien erakundeei eskaera Israelgo Gobernuak. 60 eguneko epea eman zien Mugarik Gabeko Medikuetako, Action Aid-eko eta Norvegiako Errefuxiatuen Batzordeko taldeei dokumentuak aurkezteko edo Palestinako beren jarduera amaitzeko.