Hamas Palestinako talde islamistak esan du «beharrezko izapide guztiak» prest dituela bere eskumenak Gaza Administratzeko Batzorde Nazionalari eskualdatzeko. Hemendik aurrera batzorde teknokrata hori arduratuko baita egunerokoan zerbitzu publikoak kudeatzeaz; hura osatzen duten hamabost kide palestinarrak urtarrilaren erdialdean bildu ziren Kairon, Ali Xaath Palestinako Aginte Nazionaleko ministrorde izandakoaren gidaritzapean. Batzordea Gazara heltzean, «transferentzia prozesu garden, oso eta duin bati» ekingo diote, Hazem Qassam Hamaseko bozeramailearen hitzetan —hain zuzen, Israelek gaur ireki du Gazaren eta Egiptoren arteko Rafahko igarobidea; jakiteko dago, ordea, noiz joango ote diren hara—. Gaur kaleratu duen ohar batean, Qassamek eskatu du zerrendako agintaritza eskuratuko duen batzordeari lana «errazteko», berreraikitze lanei ekin ahal izateko.
Gazako gobernu hori trantsiziozkoa izango da, azkenerako PANi ematekoak baitira Gazaren gobernatzeko eskumena, behin «erreforma programa» osatuta —horixe bildu zuten Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Gazarako ondutako planean, baina oraindik ez da jakinarazi erreforma programa horren gainekorik—. Trantsizio gobernua Bake Batzorde delakoak gainbegiratuko du; Trumpek zuzenduko du nazioarteko organo hori, eta, besteak beste, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa izango da hartako kide.
Steve Witkoff Etxe Zuriko negoziatzaileak urtarrilaren erdialdean iragarri zuen atzean utzi zutela tregoaren lehen fasea, urriaren 10ean ezarritakoa, eta, beraz, bigarrenari ekingo ziotela. Hamasi gatibu baten gorpua geratzen zitzaion entregatzeko; Israelgo armadak joan den astearen hasieran berreskuratu zuen, eta horrek nolabaiteko bultzada eman zion bigarren faseari. Rafahko pasabidea ireki izana da horren adibide, eta, bide batez, bigarren fasean sartzeak modua emango du Gaza Administratzeko Batzorde Nazionalak zerrenda kudeatzeko.
Gazako gobernabidearen auziak aurrera eginagatik ere, ezer gutxi esan dute zerrendan hedatzekoak diren behin-behineko nazioarteko misio militarrari buruz: nola osatuko duten eta zer eskumen izango dituen, besteak beste. Printzipioz hark entrenatu eta lagunduko ditu Gazarako hautatutako polizia indar palestinarrak. Joan den astean zenbait hedabidek kaleratutako informazioaren arabera, Hamasek proposatu du erakundeko 10.000 kide Polizia horren parte izatea.
Gazarako planaren arabera, nazioarteko indar militarrak «kontrola eta egonkortasuna ezartzen dituen neurrian» erretiratuko da Israelgo armada. Tregoa ezarri zutenean, atzera egin zuten soldaduek, baina oraindik ere zerrendaren %53 kontrolatzen dute; lerro horia deritzo gune militarizatu horri, eta, planean zehazten denez, eutsi egingo diote nazioarteko indar hori Gazara heldu arte behintzat. Armadak ia osorik kontrolatzen du zerrenda hegoaldeko Rafah eskualdea, eta, hortaz, bai Egiptoko muga eta bai Rafahko pasabidea.
Hamasek esana du armak «gordetzeko» prest dagoela. Reuters berri agentziak aipatutako Hamaseko iturrien arabera, modua ikusten du Palestinako fakzioekin eta bestelako bitartekariekin batera desarmatzeari buruz eztabaidatzeko, baina oraindik ez du proposamenik jaso armak uzteko.