Frantziako La Salle eskoletako ikasle ohiek sexu erasoak eta indarkeria fisikoa salatu dituzte

Eskola Kristauetako Anaiak arduratzen ziren eskola horietaz. Salatu dute kongregazioak ez duela dagokion erantzukizuna hartu nahi.

Arnaud Gallais Betharramgo (Okzitania) ikastetxe katolikoko ikasle ohi eta biktima, iazko martxoan egindako protesta ekintza batean. GUILLAUME FAUVEAU
Arnaud Gallais Betharramgo (Okzitania) ikastetxe katolikoko ikasle ohi eta biktima, iazko martxoan egindako protesta ekintza batean. GUILLAUME FAUVEAU
jakes goikoetxea
2026ko otsailaren 2a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Potentzialki, Betharram txiki bat daukagu eskola bakoitzean, harrapakari edo torturatzaile bat izan baikenuen eskola horietan guztietan. Kongregazioak ez du erantzukizuna hartu nahi, eta horixe salatu nahi dugu». Philippe Auzeneten hitzak dira, France Inter irratiari esanak. Eskola Kristauetako Anaien eskoletan gertatutako sexu erasoez eta eraso fisikoez ari da. Eskola horietako hogei ikasle ohik publikoki salatu dute tratu txarrak eman zizkietela kongregazioaren hamazazpi eskolatan, bai elizgizonek eta baita irakasle laikoek ere. 

Eskola Kristauetako Anaien eskoletako ikasle ohien taldea sortu dute, eskola haietan gertatutakoa salatzeko. Oharra bidali zioten atzo France Interri. Taldeko kide gehienek 50 eta 70 urte artean dituzte. 8 eta 15 urte artean zituzten eskola haietan zeudenean. Auzenetek salatu du «askori» sexu erasoak egin zizkietela, 1955 eta 1985 bitartean: «Ukituak, sexu erasoak eta bortxaketak». Delituek preskribatu dute, eta erasotzaile gehienak hilda daude. Jean-Baptiste La Sallek sortu zuen Eskola Kristauetako Anaien kongregazioa, XVII. mendean. La Salleren eskolak ziren; haietako batzuk jada ez dira kongregazioarenak.

Zaborrontzietan, esekita...

Tratu txar fisikoak aipatu ditu Auzenetek: «Jipoiak, zenbait orduz geldirik egon beharra, umiliazioak... Pertsonak zaborrontzietan sartu zituzten, baita esekigailutik zintzilikatu ere». Rouengo (Normandia, Frantzia) La Salle eskolako ikaslea zen Auzenet. Berari egindakoak zehaztu dizkio AFP agentziari: «7 eta 9 urte bitartean nituela, hiltzeko mehatxuak egin zizkidaten, eraso egin zidaten, lotu egin ninduten, hanketatik zintzilikatu ninduten, harakinen aiztoekin txikitu ninduten eta mehatxu egin zidaten begiak aterako zizkidatela. Bizitza txikitu zidaten».

Auzenetekin batera, beste ikasle ohi batek sortu du taldea. Ez dio izenik eman nahi izan AFP agentziari. Salatu du bortizkeria erabili zutela bere kontra eta «ukitu desegokiak» egin zizkiotela elizgizonek eta irakasle laikoek Saint-Germain-en-Laye-ko Saint Augustin eskolan (Ile-de-France, Frantzia), 1969 eta 1978 bitartean. 

Kalte ordainak 70 biktimari

France Interrek atzo goizean eman zuen ikasle ohien salaketen berri. Eskola Kristauetako Anaien kongregazioak gauean erantzun zuen, Mattias Pujos abokatuak bidalitako agiri baten bitartez. Haren esanetan, kongregazioak, «bere erantzukizunaz jabetuta», eskoletan gertatutako erasoen biktimak entzuteko, txostenak egiteko eta «biktimak babesteko» unitate bat sortu zuen 2014an. Orain arte 72 erreklamazio jaso dituzte eta kalte ordainak eman dizkiete 70 pertsonari, 2.434.882 euro guztira. Gehitu zuen 2022tik hiru txosten aurkeztu dizkietela hiru fiskali, erasoen ustezko egileak bizirik dauden kasuetan.

Ikasle ohiak ez datoz bat. Atzo bidalitako oharrean salatu dute kongregazioaren erantzuna «mugatua» izan dela: «Azaleko errukia eta hutsaren hurrengo kalte ordainak, erabateko isiltasuna izan ez bada». «Errealitatea ukatzeari utzi behar dio», esan diete Eskola Kristauetako Anaiei. «Erantzukizun zibila eta finantza erantzukizuna hartu behar ditu». Gertatutakoaren neurria izugarria dela uste dute: «Hezkuntza katolikoaren bortizkeria eta abusu sistemikoen eskandalu handienetakoa da».

Artxiboak zabaltzeko eskaera

Exijitu diote «kategorikoki» onar dezala haren hezkuntza proiektua, «bortizkerian eta terrorean oinarritua, proiektu onartezina dela, eta oinarrizko giza eskubideak urratzen dituela». Kongregazioari eskatu diote ireki ditzala artxiboak, «haren hierarkian izan den edozein konplizitate identifikatzeko». Uste dute kongregazioak berak eskatu behar dutela biktimek beren lekukotza emateko, «biktimen ahotsak askatzeko». Kalte ordainei dagokienez, ehun milioi euroko funts bat sortzea nahi dute, «benetako kaltearen (bizitza profesionala oztopatua, bizitza osoan zaintza jaso beharra, kalte emozionalak) eta biktimen kopuruaren parekoa».

«Betharram txikiak» aipatu zituen Auzenetek. Lestelle-Betharramgo (Biarno, Okzitania) Notre-Dame-de-Betharram ikastetxe katolikoaz ari da. Bertan bortizkeria fisikoa eta sexu erasoak jasan zituztela salatu dute dozenaka ikaslek. Horietako asko Ipar Euskal Herritik joaten ziren. Betharramgo erasoak salatu eta gero, gehiago azaleratu dira, besteak beste, Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierkoan. Eskoletan sexu indarkeria jasandako 11 biktimak salaketa jarri dute Baionako Auzitegian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.