Salih Muslim buruzagi kurdua hil da, gaixotasun luze baten ondorioz

Kurdistango PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko presidentetza kontseiluko kide zen Muslim, eta Rojavako iraultza demokratikoaren ideologoetako bat. 75 urterekin hil da.

Salih Muslim buruzagi kurdua, artxiboko argazki batean. BERRIA
Salih Muslim buruzagi kurdua, artxiboko argazki batean. BERRIA
arantxa elizegi egilegor
2026ko martxoaren 12a
09:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte luzez Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen etsai nagusietako bat izan da Salih Muslim, PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko presidentetza kontseiluko kidea. Rojavako iraultza demokratikoaren ideologo eta Siriako kurduen eskualde autonomoaren sortzaileetako bat izan zen Muslim, eta urte luzez Turkiako Gobernuaren jazarpena jasan zuen ondorioz. Bart gauean hil zen buruzagi kurdua, 75 urterekin, gaixotasun luze baten ondorioz.

Haren alderdiak eman du heriotzaren berri, PYDk, sare sozialetan. Nabarmendu du Muslim «herri kurduaren eta haren eskubideen alde» borrokatu zela. Arbilen hil da, Iraken menpeko Kurdistanen. Haren heriotzaren berri jakin bezain laster, jende ugari bildu da erietxearen kanpoaldean buruzagi kurduari azken agurra emateko.

Muslimek gogor defendatu zuen Rojavan kurduek eratutako demokrazia. Harentzat «muturreko demokrazia» bat zen eskualdea, babestu beharrekoa: «Rojava babestu beharreko lore bat da, lokatzean desagertuko ez bada».

Kurduen aldeko borroka, ordea, garesti ordaindu zuen Muslimek. 2018an, Txekiak atxilotu egin zuen PYDko buruzagia, Ankarak eskatuta. Ordu hartan ere protesta jendetsuak egin ziren bai Pragan, baita Europako hainbat hiritan ere, eta nazioarteko eragileek hura aske uzteko eskatu zuten. Turkiak, ordea, entzungor egin zien eskaerei, eta hura estraditatzea galdegin zion Txekiari. Baina, azkenean, atzera egin zuten auzitegiek, eta aske utzi zuten Muslim, estradizio eskaera atzera botata.

2024ko abenduan BERRIAri emandako elkarrizketa batean, Muslimek ohartarazi zuen ezen egun Sirian agintean dena, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea, «oso gertu» dagoela ideologikoki Estatu Islamikotik: «Hitz politak erabiltzen dituzte, baina, iraganean zer egin zuten ikusita, ez dago itxaropenerako tarte handirik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA