Sanae Takaichik bidea irekia du Japoniako lehen ministro izateko

Gobernuan dagoen alderdiaren boz primarioak irabazi ditu, Alderdi Liberal Demokratikoarenak. Behe ganberaren babesa lortzen badu, lehen aldiz izango da emakume bat Japoniako gobernuburu.

Takaichi, primarioak irabazi ostean prentsaurrekoa ematen, gaur, Tokion. YUICHI YAMAZAKI / EFE
Takaichi, primarioak irabazi ostean prentsaurrekoa ematen, gaur, Tokion. YUICHI YAMAZAKI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko urriaren 4a
16:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sanae Takaichi ultrakontserbadoreak irabazi ditu Japoniako Gobernuko alderdiaren boz primarioak. Hala, Takaichi LDP Alderdi Liberal Demokratikoko presidente izango da, eta bidea garbi du lehen ministroaren kargua hartzeko. Izan ere, irailaren 7an dimisioa eman zuen gaur egungo lehen ministro Shigeru Ishibak, aurreko hauteskundeetan parlamentuko gehiengoa galdu ostean. Orain, behe ganberako diputatuen gehiengoak Takaichiri babesa ematen badio, aurrenekoz emakume bat izango da Japoniako lehen ministro.

Gaur egin dute LPD alderdi kontserbadorearen barne bozen bigarren itzulia, eta Takaichik 185 boto lortu ditu, bere aurkari Shinjiro Koizumi Nekazaritza ministroak baino 29 gehiago. Lehen itzulian jada Takaichi eta Koizumi nabarmendu ziren, baina bietan aurretik izan da Takaichi. 64 urte ditu, 2005etik da diputatua, eta, besteak beste, Segurtasun Ekonomikoko ministro izana da (2022-2024).

«Aro berri bat hasi da LPDrentzat eta Japoniarentzat», adierazi du bozak irabazi ostean emandako prentsaurrekoan, Tokion. Izan ere, alderdiak eskuinerantz egindako biraketaren erakusle da Takiachiren hautaketa. Esaterako, Takaichi izan da LPDren presidentetzarako hautagaien artean gogorren mintzatu dena migrazioaren aurka. Horren adibide, primarioen aurreko kanpainan emandako hitzaldietako batean eskatu zuen helburu ekonomikoengatik asiloa eskatzen dutenak «jaioterrira itzularazteko».

Immigrazioaren auzia puri-purian da Japonian. Gero eta langile gehiago iristen ari dira atzerritik, eta iritzi publikoan tentsioa piztu da. Gainera, Sanseito eskuin muturreko alderdi nazionalistak senatuan hamabost eserleku lortu zituen uztaileko bozetan. Hala, alderdi ofizialistak, azken bozetan izandako beherakadaren ostean, are eta eskuinerago egitea erabaki du.

LDPk Komeito alderdiarekin osatzen du gobernuko koalizioa, eta alderdiko presidente berria prest agertu da aliantza horri eusteko. Hori bai, esan du intentzioa duela oposizioko alderdiekin hitz egiteko «gai garrantzitsuen inguruan».

Lehenik eta behin, hil honetan beharko du behe ganberaren babesa, Japoniako lehen ministro kargua hartzeko. LDP eta Koimeto alderdien koalizioak gehiengorik ez badu ere, Takaichik gobernuburu kargua hartzeko aukera handia du. Izan ere, haren izendapena eragozteko, oposizioko alderdiek beste hautagai baten alde bozkatu beharko lukete, eta ez dago aukera handirik halakorik gertatzeko, oposizioa zatituta baitago. Bozketa hori hilaren 15ean egingo dela iragarri dute nazioarteko zenbait hedabidek.

Alderdiaren egoera

Takaichiren egiteko nagusia LPD batzea eta hautesleen babesa berreskuratzea izango da. Azken urtean egindako bi bozetan kolpe handia hartu du alderdiak; hori dela-eta eman zuen dimisioa oraingo lehen ministroak. Ishibak iazko irailean irabazi zituen barne bozak —Takaichi geratu zen bigarren—.

Zatiketa eragin zuen alderdiaren barnean, Ishiba moderatua ez baitzuten begi onez ikusi LPDko kiderik kontserbadoreenek. Halere, lehen ministro bihurtu zen urte hartako urriaren 1ean. Baina hilabete hartan bertan behe ganberako bozak egin zituzten, eta ordura arte edukitako gehiengoa galdu zuen gobernuko koalizioak.

Are eta alarma gehiago piztu ziren uztailean. Orduan egin zituzten Japoniako Senatuaren erdia berritzeko hauteskundeak, eta gobernuko koalizioak gehiengoa galdu zuen goi ganberan ere. Gehiengoari eustea lortu ez bazuen ere, Ishibak gobernuan jarraitzeko asmoa azaldu zuen. Azkenean, baina, irailean aurkeztu zuen dimisioa. Ordutik, behin-behinean gobernuburu da, haren ordezkoa hautatu bitartean. Ishiba 2027ko irailera arte zen LPDko presidente izatekoa; beraz, orduan amaituko da Takaichiren agintaldia.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.