Sanchezek Europako herrialde batzuen «jarrera berekoia» salatu du

Espainiako Gobernuko presidenteak esan du, besteak beste, «albiste faltsuak eta interes politikoa» daudela estatu horien jarreraren atzean. Europako Batasuneko Barne ministroek ezohiko bilera bat egingo dute datorren asteartean.

Marokoko indarrak migratzaileak Espainiaren eta Marokoren arteko mugan geldiarazten, gaur, Ceutan.  EFE
Marokoko indarrak migratzaileak Espainiaren eta Marokoren arteko mugan geldiarazten, gaur Ceutan. EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko abuztuaren 1a
17:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inoizko migrazio krisirik handienetakoa izan da Espainian azken egunetan ikusitakoa. Barne Ministerioaren arabera, 50.000 migratzaile inguru iritsi ziren Ceutara ostegunetik ostiralera, Marokoren eta Espainiaren arteko muga zeharkatuta —gehienak euren kabuz itzuli dira Marokora—, eta horietatik gutxienez 67 hil egin dira; gehienak, itota. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak EB Europako Batasunari eskatu dio Europako Batasuneko Barne ministroen ezohiko bideodei bat egiteko lehenbailehen, «egoeraren larritasuna dela eta». Asteartean bilduko dira, EBk gaur arratsaldean jakinarazi duenez.

Ohar bat baliatu du Sanchezek Bruselari eskaera egiteko. Bertan, adierazi du «oso kezkatuta» dagoela Europako zenbait gobernuk Afrika iparraldeko Ceuta hirian, «Europako Batasuneko kanpoaldeko mugan», izandako gertakarien harira izan duten erreakzioa dela eta. «Gehienek babesa eta elkartasuna erakutsi digute, eta laguntza eskaini. Beste batzuek, berriz, nahiago izan dute Espainiari eraso egin, eta Schengengo Itunetik behin-behinean baztertu», salatu du Sanchezek. Izan ere, Italiako Gobernuak atzo bere kabuz utzi zuen bertan behera akordio hori Espainiarekin, eta badirudi abuztu osoa iraungo duela erabaki horrek. Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak atzo nabarmendu zuen Italiak ez duela pauso bat ere atzera egingo «immigrazio irregularraren aurkako borrokan».

Gaur, gainera, Italiak kontrolak abiatu ditu aireportuetan eta portuetan. Ausazko kontrolak egingo dizkie Espainiatik Italiara bidaiatu eta Espainiako herritartasuna ez dutenei, «segurtasun nazionala babesteko» helburuz.

Eta Meloni buru duen EBko 22 estatutako liderren talde batek Sanchezek eskatu duen gauza bera eskatu diote Europako Batasunari: Barne ministroen ezohiko bilera bat egiteko. «Ezin dugu onartu mugak era masiboan eta inolako kontrolik gabe gurutzatzea, ezta migrazioaren instrumentalizazioa edota beste era bateko mehatxurik ere», ohartarazi dute ohar batean. Ez dute adierazpen hori sinatu, hain justu, Frantziako, Irlandako Errepublikako, Luxenburgoko eta Portugalgo buruzagiek.

Sanchezen hitzetan, «aurreiritziak, albiste faltsuak, ezjakintasuna eta interes politikoa» dago Espainiaren aurka egin duten buruzagien jarreraren atzean. Adierazi du EBk ezin duela gaur egun halako proposamenik onartu, eta salatu du erreakzioa «berekoia, polarizatzailea eta legez kontrakoa» dela. Horregatik eskatu du Europako Batasuneko Barne ministroen premiazko bilera egiteko, horrelako egoeretan «erantzun bateratu bat» ezartzeko, eta berresteko mugen segurtasuna «EBko estatu kide guztien erantzukizuna» dela, «eta ez soilik EBren lehen lerroan daudenena».

FEIJOOren ustez, ERANTZUNA EZ DA NAHIKOA IZAN

PPko presidente eta oposizioko buru Alberto Nuñez Feijoo Ceutan izan da gaur, eta salatu du Espainiako Gobernuaren erantzuna «berandu» iritsi dela, eta ez dela nahikoa. Haren esanetan, irudi «tamalgarria» eman du Espainiak, eta herrialdea «berriro ere segurua» izateko konpromisoa hartu du: «Espainiaren lurralde osotasuna ez da negoziatzen, defendatu egiten da». 

Gaineratu du azken egunetakoa ez dela gertakari soil bat, «planifikatutako eta Espainian aurrekaririk ez duen okupazio bat» baizik. «Beraz, Sanchezen gobernuak bere gain hartu behar ditu bere ekintzen ondorioak eta erantzukizunak», adierazi du

.

Hala ere, Ceutako egoerari dagokionez, Espainiako Gobernuko presidenteak nabarmendu du 48 orduan baino gutxiagoan lortu dutela mugaren kontrola «erabat berrezartzea», baita laguntza humanitario «zabala» ematea, eta muga «era irregularrean» zeharkatu zuten ia migratzaile guztiak aberriratzea ere. «Hori dena Marokoko agintariekin elkarlanean lortu dugu; Europako estatuen babes oso txikia jaso dugu», salatu du.

Bide beretik jo du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak ere. Gaur egin duen agerraldi batean Espainiaren erantzuna goraipatu du; haren ustez, beste herrialde batzuek «nekez» erantzungo liokete halako krisi bati «hain eraginkor». Horrekin lotuta, beste herrialde batzuek izan duten jarrera salatu du hark ere. Jarrera «berekoia, eta solidaritate eta ardura gutxikoa» izan dutela adierazi du.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere gaur erantzun du. Bere komisarioekin bilduta egon da aurrez, eta zera adierazi du gero: «mugak zaintzeko sistema sendoa» daukaten arren «are gehiago sendotu» beharra dagoela. Pozik agertu da migratzaile gehienak Marokora itzuli direlako eta Iberiar penintsulara iritsi ez direlako, eta begi onez ikusi du Barne ministroak biltzeko egin dioten proposamena: «Legez kanpoko migrazioaren aurkako lehiak elkartasuna eta Europaren erantzun bateratua behar ditu».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA