Hego Koreak gerra operazioetarako kontrola berreskuratzeko xedea berretsi du

Ariketa militar bateratuak murrizteko Donald Trumpen aginduari erantzun dio Hego Koreako presidenteak: «Gure gaitasunak sendotzeak areagotu egingo du gure balioa».

Gerra ibilgailuak AEBetako armadak Dongducheonen duen base militarrean, gaur. EFE
Gerra ibilgailuak AEBetako armadak Dongducheonen duen base militarrean, gaur. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko abuztuaren 18a
11:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ameriketako Estatu Batuek eta Hego Koreak ariketa militar bateratuak hasi eta mende erdira, Donald Trumpek zera iragarri du: asmoa duela «nabarmen» murrizteko bi aliatuek Ipar Korearen edozein erasori aurre egiteko zer gaitasun duten erakusteko ikuskizuna. Herenegun heldu zen AEBetako presidentearen agindua, ariketa horiek hasi aurreko egunean, eta, horiek horrela, Hego Koreako presidente Lee Jae-myungek egoera baliatu du luzaroko eskakizun bat gogorarazteko, gerra operazioetarako kontrola berreskuratu nahi baitu.

Seulek Koreako gerraren harira (1950-1953) transferitu zion eskumen hori Washingtonen ardurapeko Nazio Batuen Erakundearen komando bati, eta 1978az geroztik Hego Koreako eta AEBetako armadek osatzen duten Indar Bateratuen Komandoak du gerra operazioetarako kontrola —aliantza militar hori AEBetako armadak zuzendu izan du beti—.

Hego Koreak 1994an berreskuratu zuen bere armada zuzentzeko eskumena, gatazka batean ez dagoen kasuetarako soilik; Koreako penintsulako gatazka berriro piztuko balitz, printzipioz Pentagonoak izango luke zer esana. «Agintaldi honetan pixkanaka ekin behar diogu gerra operazioetarako kontrola berreskuratzeari, gobernuaren jatorrizko planarekin bat eginez», esan du Hego Koreako presidenteak gaur gobernu bilera batean, nazioarteko zenbait hedabidek kaleratu dutenez.

Eta ez du iradoki, inondik inora, lankidetza militarra eten nahi izatea: «Aliantza sendoak are sendoago egiten du segurtasunaren oinarria, eta gure gaitasunak sendotzeak areagotu egingo du gure balioa». Halaber, adierazi du ahaleginak egin behar dituztela urpeko nuklearrak eraikitzeko Jangbogo-N Proiektua «azkartzeko», eta gogora ekarri proiektu horrek Seulen eta Washingtonen arteko «aliantza eraikitzaileago eta sendoago baten etorkizuna» irudikatuko duela. Asmoa da datorren hamarkada erdialderako prest egotea urpeko horiek; zenbait hedabideren arabera, behintzat hiru izango dira, ezein ofizialek zenbatekoa baieztatu ez duen arren. Hego Koreako Segurtasun Nazionalerako Ministerioa proiektu hori bideratzeko legea ontzen ari da.

Leek duela urtebete pasatxo hartu zuen kargua; izan ere, iazko apirilean, Hego Koreako Auzitegi Konstituzionalak kargutik kendu zuen Yoon Suk-yeol, eta gerora, ekainean, Lee gailendu zen presidentetzako bozetan —iragan otsailean hil arteko kartzela zigorra jarri zioten Yooni, matxinada delitua leporatuta 2024ko abenduan gerra legea ezartzeagatik—. Leek datorren urterako edo hurrengorako berreskuratu nahi du armadaren erabateko kontrola, eta hori eztabaidatzekoak dira Seulek eta Washingtonek urtero egiten duten Segurtasun Kontsultei buruzko Bileran, datorren udazken aldera.

Ezarritako epe horretan lortuko ez balu, izango luke eskakizunak egiteko denbora gehiago. Okerrik ezean, Lee 2030era arte egongo da agintean, presidente kargua hartutakoek bost urteko agintaldi bakarra egin baitezakete Hego Korean —joan den asteburuan hango Yonhap agentziak iturri ofizialak aipatuz kaleratu zuenez, presidenteak konstituzioa aldatu nahi du, agintaldia lau urtera murrizteko eta beste agintaldi bat egin ahal izateko—.

Trump Kim limurtzen

AEBetako presidenteak herenegun argudiatu zuen ez zegoela «kontent» bi aliatuek elkarrekin egin ohi dituzten ekitaldi militarrekin, baina «beranduegi» zela Askatasunaren Ulchi Ezkutua deritzotena bertan behera uzteko, atzo ekin baitzioten 11 eguneko erakustaldiari. Sare sozialetan idatzitako mezu batean, gainera, nabarmendu zuen gisa horretako ekitaldiekin «mezu zeharo desegokia eta etsaia» bidaltzen diotela Ipar Koreari, zeina ez den «mehatxagarri» azaldu Trumpek iaz presidente kargua hartu zuenetik; are, «errespetagarria» ere izan da, Trumpen esanetan.

Etxe Zurian kazetarien aurrean zela, AEBetako presidenteak atzo jakinarazi zuen Kim Jong-un Ipar Koreako lider gorenak idatzi egin ziola ariketa militarrak murrizteko aginduaren harira, eta «oso positiboa» dela mezuen trukea: «Ikusten? Askozaz ere seguruagoa egiten ari naiz [Koreako penintsula]. Kim Jong-unek errespetuz tratatu nau beti. Ulertzen dut. Hark ni ere bai». Trumpen arabera, elkarrizketak edukitzeko eskaerari ere erantzun dio Kimek, nahiz eta ez zuen zehaztu zer erantzun duen.

Sare sozialetan herenegun idatzitako mezu batean esan zuen bi liderrak «ederki» konpontzen direla; bada, gaur gauerdian igo duen irudi batean, Kim irudikatu du, deika ariko balitzaio bezala: «Hepa, Donald, dena ondo gure artean... ezta?».

dfsafsdf
Donald Trumpek sare sozialetara igo duen irudia. @REALDONALDTRUMP

Kimekin ondo moldatzen dela erakutsi nahi izan du Trumpek, batik bat aintzat hartuta Ipar Korea eta Errusia hurreratu egin direla azken urteotan; 2024ko ekainean, Kimek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak lankidetza estrategikorako akordioa sinatu zuten. Besteak beste, arlo militarrari eragiten dio; lankidetzan arituko zirela ez ezik, zera ere jasotzen zuen: bi herrialdeetako bati eraso eginez gero besteak militarki lagundu beharko ziola.

Bere lehen agintaldian (2017-2021), Trump Koreako penintsula desnuklearizatzeko itun bat lortzen saiatu zen, Ipar Korea arma nuklearrak dituzten herrialdeetako bat denez gero; Trump hiru alditan bildu zen Kimekin —2018ko ekainean Singapurren, 2019ko otsailean Hanoin, eta lau hilabete geroago Ipar Korea eta Hego Korea banatzen dituen gune desmilitarizatuan; lehenengo aldia zen AEBetako presidente bat gune horretara joaten zena—. Elkarrizketa horiek ezerezean geratu ziren.

Horrez gain, Singapurko goi bileraren ondotik, bertan behera utzi zuten AEBen eta Hego Korearen arteko Askatasunaren Ulchi Zaindaria erakustaldi militarra; hurrengo urteetan erakustaldi txikiagoak egitea adostu zuten, harik eta 2022an, artean Joe Biden AEBetako presidente zela, berriro ekin zieten ohiko erakustaldiei, oraingoan Askatasunaren Ulchi Ezkutua izena jarrita —Ulchi Mundok Goguryeo erresumako armadaren jenerala zenaren omenezkoa da izen hori; Txinako Sui dinastiaren kontra aritu zen VII. mendean—.

Hego Koreako presidentearen bulegoko bozeramaile batek atzo esan zuenez, espero du Trumpen eta Kimen arteko harremana «oso ona» izateak modua eman dezala Koreako penintsulako gatazka konpontzeko: «Elkarrizketa esanguratsu bat izan dadila, bakea eta egonkortasuna bultzatzeko elkarrizketak hasteko». Koreako gerra (1950-1953) ez zuten bake akordio baten bidez amaiarazi, baizik eta armistizio baten bidez eten; gerra hori, hortaz, amaitu, ez da amaitu, formalki behintzat. «Utz ditzagun bertan behera mehatxuak, eta gerra luzea amaiarazteko elkarrizketei ekin», esan du gaur Lee presidenteak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA