Suediari Hungariaren baiezkoa besterik ez zaio falta NATOko kide izateko

Turkiako Parlamentuak bart onartu du Europa iparraldeko herrialdea Mendebaldeko aliantza militarrean sartzea. Orbanek Stoltenbergi berretsi dio pauso bera ematearen aldekoa dela.

(ID_13527635) TURKEY SWEDEN NATO
Turkiako Parlamentua, atzo, Suedian NATOn sartzeari buruzko saioan. NECATI SAVAS / EFE
ander perez zala
2024ko urtarrilaren 24a
12:35
Entzun

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko 32. estatu kidea bilakatzeko bidean zituen oztopoetako bat gainditu du Suediak. Hogei hilabeteko negoziazioen ondoren, Turkiako Parlamentuak atzo gauean onartu zuen herrialde hori Mendebaldeko aliantza militarrean sartzea, eta, beraz, Europa iparraldeko estatuari Hungariaren baiezkoa besterik ez zaio falta bat-egite prozesuaren amaierara iristeko.

Suediarentzat, pauso erabakigarria izan da Turkiaren baiezkoa jasotzea, orain arte herrialde horrek blokeatu baitu NATOko estatu kide bilakatzea. Ankarak zenbait eskari egin zituen betoa kentzearen truke, eta, azkenean, horietako gehienak lortu ditu; kasurako, Stockholmek armen salmentak desblokeatzea, Suedian erbesteratuta dauden ekintzaile kurduen inguruko jarrera aldatzea —«terrorismoaren kontrako» legedia erreformatu dute, kasurako— eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan egiten dituzten gudu hegazkin batzuk erostea.

Ulf Kristersson Suediako lehen ministroa pozik agertu da Turkiako Parlamentuaren erabakiarekin. Atzo gauean adierazi zuen «pauso bat hurbilago» daudela NATOko «kide oso» bilakatzeko, eta eskerrak eman zizkion herrialde horri baiezkoa emateagatik. Bide beretik mintzatu zen Tobias Billstrom Atzerri ministroa Suediako SVT telebista kate publikoan; hori bai, hark zuhurtziaz hitz egin zuen, praktikan Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen sinadura falta baita lege proiektua lege bilakatzeko: «Noski, prozesua ez da amaituko hori gertatu arte».

Mendebaldeko aliatuei dagokienez, gaur ere zorion mezuak izan dira nagusi afera horretaz aritzean. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak, esaterako, X sare sozialean esan du Suedia NATOko kide bilakatzean aliantza «inoiz baino sendoagoa eta elkartuagoa» bilakatuko dela. Eta Sauli Niinisto Finlandiako presidentea ere «oso pozik» agertu da, sare sozialetan idatzi duenez; haren herrialdeak eta Suediak elkarrekin aurkeztu zuten Mendebaldeko aliantza militarrean sartzeko eskaria, 2022ko maiatzean, Errusiak Ukraina inbaditu zuela eta. Finlandia iazko apirilean bilakatu zen NATOko 31. kidea.

Errusiarentzat, «erabaki subirano bat» da

Errusiari dagokionez, berriz, bestelakoa izan da erreakzioa: Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak, gaur egindako agerraldi batean, adierazi du Turkiarena «erabaki subirano bat» izan dela.

Haren ustetan, Turkiak, Mendebaldeko aliantza militarreko estatu kidea denez, «betebehar batzuk» ditu, eta «negoziazio prozesu propioak» ditu «aliantza barnean».

Orain, ikusteko dago Hungariak zer egingo duen Suediaren hautagaitzaren inguruan. Viktor Orban herrialde horretako lehen ministroak esana du ez dela oztopo bilakatuko, baina behin eta berriz atzeratu du behin betiko baiezkoa. Atzo bilkura baterako gonbita helarazi zion Suediako homologoari; Stockholmek, baina, lerro hauek idazteko orduan, ez du erantzunik eman. Hori bai, atzo, Kristerssonek esan zuen espero duela Budapestek «lehenbailehen» ematea oniritzia.

Eta, hain justu, Orban gaur mintzatu da Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiarekin, telefonoz, eta dei horretan berretsi egin dio Hungariako Gobernuak Suedia Mendebaldeko aliantza militarreko kide bilakatzea babesten duela, Hungariako gobernuburuak X sare sozialean idatzi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.