Autobus batek su hartu zuen atzo arratsaldean Suitza mendebaldeko Kerzers herrian. Gutxienez sei lagun hil ziren ezbeharrean, eta bost zauritu, horietako hiru larri, Friburgo kantonamenduko Frederic Papaux sarjentuak kazetariei atzo jakinarazi zienez; denbora beharko dute biktimak identifikatzeko. Polizia ikertzen ari da ea sutea «deliberatuki» piztu zuten.
Bertako Poliziako bozeramaile batek, Christa Bielmannek, atzo egindako prentsaurreko batean adierazi zuen lekukoek pertsona bat ikusi zutela autobusean erregaia botatzen, eta lekukotza horiek ere ikerketaren parte direla. Friburgoko Segurtasun kontseilari Romain Collaudek Suitzako RTS irrati-telebista publikoari gaur adierazi dionez, ez dago «eraso terrorista izan delako zantzurik». Friburgoko fiskaltzak esan du autobusa ere ikertuko dutela, sutea «arazo tekniko batek» eragin ote zuen jakiteko.
RTSk lekuko bat aipatuz kaleratu duenez, 60 bat urteko gizon bat zen bere buruari su eman ziona. Friburgoko Poliziak ohar bidez jakinarazi duenez, gizon horren familiak esana zuen desagertuta zegoela; lehen hipotesien arabera, Dudingen herrian igo zen autobusera, eta Kerzersen piztu zuen sutea. 20 Minutes atariak kaleratu duenez, zauritu bat agertzen den bideo bat ikusi du, eta zaurituak zera esaten du bideoan: «Gizon batek su eman dio bere buruari. Gasolina bota dio bere buruari, eta gero su eman dio».
Suhiltzaileak Kerzersera heldu zirenean —Berna hiriburutik hogei kilometrora dago—, sutea itzali, eta erreskate lanak abiatu zituzten. Bertan artatu zituzten zaurituetako bi, eta larrien zeudenak ospitaleratu egin zituzten. Herritarrek lore eskaintza egin diete biktimei, sutea piztu zen gunean.
Guy Parlemin Suitzako presidenteak gogoan izan zituen ezbeharrean izandako biktimak atzo sare sozialetan idatzitako mezu batean: «Hunkitu eta atsekabetu egiten nau, beste behin ere, herritarrak hil izana sute larri batean, Suitzan». Izan ere, joan zen Urteberri egunean sute bat piztu zen Crans-Montana eski estazioko taberna batean: 41 lagun hil eta ehun baino gehiago zauritu ziren. Agintarien arabera, litekeena da kandela batzuk sabaira «gehiegi hurbiltzeagatik» piztu izana sute hori. «Crans-Montanako zauriak oraindik sendatzeke daude», esan du gaur Friburgoko Segurtasun kontseilariak.