Sumendi baten erupzioak 11 hildako eragin ditu Indonesian

Beste hamabi mendizale desagerturik daude, eta erreskate zerbitzuak haien bila ari dira.

Marapi sumendiaren erupzioa
Anbulantzia bat, errautsez estalirik, Marapi sumendiaren inguruetan, Indonesian. BPBD / EFE
gotzon hermosilla
2023ko abenduaren 4a
10:00
Entzun

Sumatra uharteko Marapi sumendiak (Indonesia) erupzio bortitza izan du asteburuan, eta, horren ondorioz, 11 mendizale hil dira, eta beste hamabi desagerturik daude. Hildako guztiak indonesiarrak dira.

Erreskate lanetan aritu direnek adierazi dutenez, mendizale ugarik izena emana zuten larunbatean Marapi sumendira igo behar zuen espedizio batean parte hartzeko: orotara, 75 lagun zeuden inguruetan. Erupzioaren lehen zantzuak agertu zirenean, 49 mendizale ebakuatu zituzten, baina gainerako 26ak ezbeharrak harrapatu zituen.

Erupzioaren ostean, erreskate zerbitzuek sumendira jo zuten 26 mendizale horien bila. Hiru onik topatu zituzten, eta beste 11, berriz, zerraldo. Hamabi desagertuta daude oraindik ere, eta erreskate zerbitzuak haien bila ari dira, baina tarteka baino ezin dute lan egin, erupzioak ez baitira eten.

Erupzio nagusia igandean gertatu zen, ia bost minutu iraun zuen, eta oso bortitza izan zen, lekukoen arabera. Ke eta errauts adar handia bota zuen sumendiko tontorretik 3.000 metrora, eta inguru guztiak errautsez estalirik laga zituen. Sumendia ostiraletik zegoen alerta egoeran.

Hondamendi zerbitzuak, adi

BNPB hondamendiak kudeatzeko Indonesiako agentziak adierazi du adi daudela oraindik ere, eta datozen orduetan sumendiak erupzio gehiago izanez gero inguruetako biztanleak ebakuatzeko prest daudela. 

Marapi sumendiak 2.891 metroko altuera du, eta Sumatra uharteko sumendirik aktiboenetako bat da. Orain arteko erupziorik bortitzena 1979an izan zuen: orduan, hirurogei hildako eragin zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.