Teheran, Washingtonen beste erantzun baten zain

Asteburuan Trumpek uko egin zion Teheranen zazpi eguneko planari. Atzo bildu ziren Abbas Aragtxi Irango Atzerri ministroa eta Qatarren ordezkariak, orain arte hartutako konpromisoak bete daitezen «bidea errazteko».

Mojtaba Khameneiren irudi bat, eta, ondoan, bi misil, atzo, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Mojtaba Khameneiren irudi bat, eta, ondoan, bi misil, atzo, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko irailaren 29a
10:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranek zazpi eguneko plan bat proposatu zien iragan astean AEB Ameriketako Estatu Batuei. Larunbatean akordioa egiteari uko egin zion Washingtonek, baina beste erantzun baten esperoan daudela adierazi du gaur goizaldean Abbas Aragtxi Irango Atzerri ministroak. Irna albiste agentzian egin dioten elkarrizketa batean adierazi duenez, atzo hizketaldi bat izan zuen Iranek Qatarren bitartekaritzarekin. Irango Atzerri ministroaren esanetan, bilera horren helburua zera zen: «Memorandumean hartutako konpromisoak bete daitezen bidea erraztea».

Negoziazioen bidera itzultzeko plan bat proposatu zion Teheranek Washingtoni iragan ostiralean. Teheranek Ormuzko pasabidea irekiko luke Washingtonek zazpi eguneko su etena errespetatuko balu, eta horren ostean hasiko lirateke Irango programa nuklearrari buruz eztabaidatzen.

Ezezkoa erantzun zion, ordea, Etxe Zuriak. Gainera, The Wall Street Journal egunkariak iturri ofizialak aipatuz kaleratu zuen AEBek Iran bonbardatzeko asmoa daukatela berriz ere. Informazio horren arabera, baina, AEBetako agintaldi erdiko bozen ostean izango litzateke hori —azaroaren 3an dira egitekoak—.

Orain, atzoko bileraren ostean, Aragtxik esan du plan bera proposatu diola Washingtoni, eta nabarmendu du ez duela plan horretan aldaketarik egiteko asmorik: «Argi eta garbi esan dezaket Iranek ez duela posiziorik aldatu, eta ez duela aldatuko. AEBek erantzuten badute, Qatarrek helaraziko digu, eta Teheranen erabakiko dugu zer egin».

Horrekin lotuta, Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari orokorrak bi aldeei eskatu die jarraitzeko «ahalegin diplomatikoak» egiten «bakea lortu arte». Guterres Aragtxirekin bildu da azken orduetan New Yorken, NBE Nazio Batuen Erakundearen egoitzan. NBEk ohar batean azaldu duenez, «Ekialde Hurbileko gatazkari buruzko iritziak trukatu zituzten».

Bestalde, Axios AEBetako albiste agentziak AEBetako funtzionario batek aipatuta atzo zabaldu zuen Trumpek zigor ekonomikoak arintzea eta blokeatutako Irango funtsak berreskuratzea eskaini diola Irani, Teheranek bere programa nuklearraren inguruko «neurri jakin batzuk» hartzearen truke —informazio horretan ez zuten zehaztu zein diren neurri horiek—. Trumpek, ordea, informazio hori ukatu du azken orduetan, Truth Social bere hedabidean idatzitako mezu batean: «Axiosek argitaratu berri du Trumpek zigorrak arintzea eta blokeatutako funtsak berreskuratzea eskaini diola Irani. Hori gezurra da».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA