Zazpi eguneko plan bat proposatu dio Teheranek Washingtoni, negoziazioen bidera itzultzeko. Horren arabera, bi aldeek erasoaldiak etengo lituzkete, eta, zazpigarren egunaren ondoren, Iranek Ormuzko pasabidea irekiko luke; horren ostean hasiko lirateke Irango programa nuklearrari buruz eztabaidatzen. Proposamena asteon iritsi dela zabaldu du The New York Times hedabideak gaur goizaldean, Teherango iturri ofizialak aipatuz. Donald Trump AEBetako presidenteak eta Masud Pezexkian Irangoak NBEren Batzar Nagusiko eztabaida orokorrean parte hartu dute asteon New Yorken, eta aintzat hartu behar da bi aldeek elkarrekin hitz egin dutela, Qatar bitartekari.
«AEBei plan bat aurkeztu diegu bitartekarien bidez. Plan horren arabera, baldintza batzuk betez gero, Ormuzko itsasartea zazpigarren eguna amaitzean irekiko litzateke, eta berriro hasiko lirateke bi aldeen arteko elkarrizketak». Hitz horiekin azaldu du Irango Atzerri ministro Abbas Aragtxik Washingtoni egindako proposamena. New Yorken, NBEren egoitzan, agerraldi bat egin zuen atzo. Gaineratu zuen proposamenak «gertutik islatzen» dituela ekainean AEBek eta Iranek adostutako memorandumean ezarritako konpromisoak. Hala ere, The New York Times-ek zabaldu duenez, plan berria aurrekoa baino «askoz erritmo askoz azkarragoan» aurrera egiteko diseinatuta dago —60 eguneko epea eman zioten elkarri ekaineko memorandumean, eta zazpi egunekoa proposatu du orain Teheranek—.
Aragtxik azpimarratu du, gainera, Iran prest dagoela plana ezartzen hasteko; «Washingtonek oniritzia eman bezain laster», eta nabarmendu du hobea litzatekeela akordio bat lortzea AEBetako agintaldi erdiko bozak egin aurretik. Azaroaren 3an egingo dituzte bozak, asteartearekin, eta, ohi duten bezala, Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren herena berrituko dituzte.
Asteartean Iran «suntsitzeko» mehatxua egin zuen Trumpek NBEren Batzar Nagusiko bilkuran emandako hitzaldian. Adierazi zuen akordiorik egin ezean «Infernura» bidaliko zituela, «bizirik irauteko aukerarik eta itxaropenik gabe». Hala ere, nabarmendu zuen uste zuela Iranek akordio bat egitearen alde egingo zuela, baina agintaldi erdiko bozen ostean. Teheranek, berriz, atea ireki zion diplomaziari. Asteazkenean emandako hitzaldian, Pezexkianek adierazi zuen Teheranek ez duela gerra abiatu, eta ez duela gerrarik nahi. Baina, kontrara, nabarmendu zuen gerrarako prest daudela «Irango herria defendatzeko» baldin bada. Aurrez, Mohammad Bagher Ghalibaf Irango Parlamentuko presidenteak zera adierazi zuen Teherango ordezkaritzak New Yorkera bidaiatu baino lehen: «Negoziatzeak ez du esan nahi Iran gudu zelaitik erretiratzea. Baizik eta eremu horren zati bat diplomazia izeneko beste eremu batera eramatea».
Trumpek Irani mehatxu egiten zion bitartean, gainera, bi herrialdeetako ordezkariak bilduta zeuden beste areto batean.