Iranen proposamenari ezekoa eman dio Etxe Zuriak. Gaur Donald Trump AEBetako presidenteak berak kazetariei esan die baztertu egin duela zazpi egunen buruan Ormuzko itsasartea irekitzeko plana. Are, The Wall Street Journal egunkariak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, Trumpek berriz ere Iran bonbardatzeko asmoa du agintaldi erdiko bozak igaro ostean —azaroaren 3an—. Teheranek erantzun egin dio, eta ohartarazi «hutsegite» hori ez egiteko, bestela AEBek eskualdean dituen baseei egingo diela eraso.
Ikusi gehiago
NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusia urteroko bilkura egiten ari dela baliatuta, Teheranen eta Washingtonen arteko zeharkako negoziazioek indarra hartu dute azken egunetan. Atzo goizaldean zabaldu zuten AEBetako hedabideek berria: Iranek zazpi egunean gerra amaitzeko proposamen bat egin zien AEBei. Irango Atzerri ministro Abbas Aragtxik New Yorken azaldu zuenez, Etxe Zuriak plana onartu bezain laster zen indarrean sartzekoa. Besteak beste, AEBei exijitzen diete erasoak etetea, Irango portuei ezarritako blokeoa bertan behera uztea, eta petrolioari ezarritako zigorrak kentzea. Hori eginez gero, Teheran prest dago eraso gehiago ez egiteko eta Ormuzko itsasartea irekitzeko.
AEBek eskakizun horiek bete ezean, Teheranek esana du ez duela negoziatuko haren programa nuklearraren inguruan. Trump, ordea, mesfidati agertu da Iranen programa nuklearraren inguruan, eta, The Wall Street Journal-ek zabaldu duenez, AEBetako presidenteak uste du litekeena dela azaroan berriz ere bonbardaketa kanpainei ekitea.
Irango armadak erantzun egin dio. Etxe Zuriak berriz bonbardaketei ekiteko «hutsegitea» egiten badu, AEBek eskualdean dituzten base militarrak eta intereseko gune guztiak jomugan izango dituela jakinarazi du, Irango hedabideek zabaldu duten ohar baten arabera. Lehen ere Irango guardia Iraultzaileak erasoak egin izan ditu AEBek Persiar Golkoko herrialdeetan dituzten base militarren aurka. Gutxienez AEBetako hemezortzi soldadu hil dira otsailean Iranen aurkako erasoaldia hasi zutenetik.
Ormuzen kontrola
Ormuzko itsasarteko auzia diplomaziaren bidez konpondu behar dela berretsi du gaur Masud Pezexkian Irango presidenteak, Al-Jazeera hedabidean egindako elkarrizketa batean. Halere, gaineratu du jada ez dela AEBez «fio», negoziazioei «erasoka eta zigorrak ezartzen» jarraitzen duelako.
Trumpek, ostera, bereari eusten dio, eta Ormuz AEBetako armadaren kontrolpean dagoela adierazi izan du. Atzo gauean, esaterako, Truth Social bere sare sozialean mapa baten irudia zabaldu zuen; hartan, Ormuz dagoen gunean, Trumpen itsasartea ageri da idatzita.
Asteon, Trumpek mehatxu egin dio Teherani: akordiorik egin ezean herrialdea «suntsituko» duela. NBEren Batzar Nagusiaren bilkuran horrela mintzatu zen asteartean; hurrengo egunean, Pezexkianek hartu zuen hitza, eta esan zuen negoziatzeko prest dagoela, baina argi utzi zuen Iranek ez duela onartuko «indarraren hizkuntza».