Trumpek %25erainoko muga zergak ezarriko dizkie Groenlandiara tropak bidaliko dituztela iragarri duten herrialdeei

Truth Social sarean zabaldutako mezu baten arabera, %10eko muga zergak otsailaren 1ean sartuko dira indarrean, eta %25ekoak izango dira ekainetik aurrera.

Michael Wiggers Hyldgaard Danimarkako armadaburua eta Troels Lund Poulsen Defentsa ministroa, joan den asteazkenean, Kopenhagen. SEBASTIAN ELIAS UTH / EFE
Michael Wiggers Hyldgaard Danimarkako armadaburua eta Troels Lund Poulsen Defentsa ministroa, joan den asteazkenean, Kopenhagen. SEBASTIAN ELIAS UTH / EFE
arantxa elizegi egilegor
2026ko urtarrilaren 17a
19:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Groenlandia bereganatzea jarri du helburutzat Donald Trump AEBetako presidenteak, eta edozer egiteko prest da horretarako. Ekonomikoa izan da azken mehatxua. Etxe Zuriko agintariak gaur Truth Social sarean zabaldutako mezu batean iragarri du %10erainoko muga zergak ezarriko dizkiela otsailaren 1etik aurrera uhartera tropak bidaliko dituztela iragarri duten herrialdeei, hau da, Danimarkari, Norvegiari, Suediari, Frantziari, Alemaniari, Erresuma Batuari, Herbehereei eta Finlandiari. Esan duenez, ekainetik aurrera %25ekoak bilakatuko dira zerga horiek, eta horrek indarrean jarraituko du Groenlandiaren etorkizunari buruzko akordiorik lortu bitartean.

Trumpek estu hartu asmo dituen herrialde horiek aste honetan iragarri dute aurten Danimarkak uhartean egin nahi dituen maniobra militarretan parte hartuko dutela. Troels Lund Poulsen Danimarkako Defentsa ministroak asteazkenean eman zituen azalpenak, eta jakinarazi zuen «hegazkinen, ontzien eta soldaduen presentzia handiagoa» izango dela Groenlandian «gaurtik aurrera, eta etorkizunean»: «Beharrezko pauso bat da, inork ez baitaki zer gertatuko den bihar».

Suediak egunean bertan jakinarazi zuen indar militar bat bidaliko duela Groenlandiara, Danimarkak horrela eskatuta, eta Norvegiak armadako bi kide bidaliko ditu Artikoaren defentsako elkarlana aztertzeko. Alemaniak, berriz, hamahiru militar bidaliko ditu «esplorazio misio batera». 

Erabakia, ordea, ez da Trumpen gustukoa izan, eta behin eta berriz ohartarazi du «joko oso arriskutsuan» ari direla Europako herrialdeak. 

Danimarkak egin ditu ahaleginak Etxe Zuria konbentzitzeko, baina huts egin dute. Joan den asteazkenean, JD Vance presidenteordearekin eta Marco Rubio Estatu idazkariarekin batzartu ziren Groenlandia eta Danimarkako diplomaziaburuak, AEBen jarrera aldatzeko helburuz, baina ez zuten lortu. Hala aitortu zuen Lokke Rasmussen Danimarkako Atzerri ministroak berak: «Gure ikuspegiak oso desberdinak dira oraindik ere». 

«Mehatxuak»

Frantziako presidente Emmanuel Macron izan da Trumpi erantzun dion buruzagietako bat. Estatuburuak nabarmendu du Frantzia «konprometituta» dagoela «nazioen subiranotasunarekin eta independentziarekin», bai Europan, baita beste edozein tokitan ere: «Horregatik babesten dugu Ukraina eta horregatik erabaki dugu Danimarkak Groenlandian egingo dituen ariketa militarretan parte hartzea. Eta eutsi egiten diogo erabaki horri. Intimidazioek eta mehatxuek ez digute aldaraziko, ez Ukrainan, ezta Groenlandian ere». 

Europar Kontseiluko buru Antonio Costak ere hitz egin du eta aurreratu du «erantzun bateratua» prestatzen ari direla. «Ziur esan genezakeena da Europako Batasunak sendo defendatuko duela nazioarteko legedia Europako Batasuneko estatu kideengandik hasita». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.