«Segurtasuna bermatzeko» akordioa egin dute Groenlandiak, Danimarkak eta AEBek

Hurrengo astean sinatuko dute dokumentua, baina lehenengo Groenlandiako eta Danimarkako parlamentuek berretsi beharko dute. Danimarkaren lurralde batasuna bermatuko dela esan du Kopenhagek.

NATOko herrialdeetako militarrak Groenlandian, irailaren 10ean. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE
NATOko herrialdeetako militarrak Groenlandian, irailaren 10ean. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE
Julen Urrestarazu - Beñat Mujika Telleria
2026ko irailaren 19a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trumpek eman du albistea, bere sare sozialean: Groenlandiak, Danimarkak eta AEBek akordioa lortu dute «segurtasuna bermatzeko», eta hurrengo astean sinatuko dute. AEBetako presidenteak adierazi du hitzarmenak «Groenlandiako segurtasunaren eta gainerako beharren gaineko kontrola» emango diola Washingtoni. Estatuburuak mezua zabaldu eta gutxira eman dute akordioaren berri Groenlandiako eta Danimarkako gobernuek, baina xehetasun gehiagorik jakinarazi gabe.

Trumpek berak «historikotzat, berezitzat eta garrantzitsutzat» jo du hitzarmena, eta iragarri du AEBak «berehala» hasiko direla presentzia militarra handitzen «Groenlandiako eremu egokietan». AEBek lehendik ere badituzte base militarrak uhartean, baita haiek handitzeko NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen baimena ere. Baina Trumpek base gehiago jarri nahi zituen Danimarkaren menpeko lurraldean, AEBen segurtasunerako «estrategikoa» zela argudiatuta. Alde horretatik, uhartea erosteko prest zela esatera ere heldu zen buruzagi estatubatuarra.

Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen gustura agertu da akordioarekin, ordea, eta zehaztu du «Artikoko eta Ipar Atlantikoko segurtasuna bermatzeko» balioko duela, eta aitortzen dituela Groenlandiaren autodeterminaziorako eskubidea eta Danimarkako erresumaren subiranotasuna eta lurralde batasuna. Harekin bat etorri da Jens-Frederik Nielsen, Groenlandiako lehen ministroa. Nielsenen esanetan, denen interesak bermatuko ditu akordioak. Nabarmentzekoa da, hala ere, akordioak indarrean jarraituko lukeela Groenlandia Danimarkatik bananduko balitz ere.

Akordio berriaren arabera, NATOn ez dauden herrialdeek debekatua izango dute base militarrak ezartzea Groenlandian; modu horretan, Txinak eta Errusiak ezingo lukete presentzia militarrik izan uhartean, ezta «alor delikatuetan» inbertsiorik egin ere. Hain zuzen, Errusiaren «mehatxua» Etxe Zuriaren argudio nagusietako bat da Groenlandiako base militarrak ugaritzeko. 

Lehenengo, Groenlandiako eta Danimarkako parlamentuek berretsi beharko dute akordioa. Haien onespena jasota, Nazio Batuen Erakundean hurrengo astean egingo den konferentzian sinatuko dute dokumentua. Behin indarrean sartuta, AEBek erabateko askatasuna izango lukete uhartean base militar gehiago eraikitzeko Groenlandiaren eta Danimarkaren onespenaren beharrik gabe. 

Dena den, ez da AEBek Danimarkarekin akordioa egiten duten lehen aldia. Gaur egun indarrean den hitzarmena 1951n sinatu zuten. Haren arabera, AEBek nahi adina tropa bidal ditzakete Groenlandiara, baina ezin dute base militar gehiago egin. Hitzarmen berriak base gehiago jartzeko askatasuna emango dio Etxe Zuriari. 

Oraingoz, erreakzio gutxi eragin ditu Europan akordioak. Hala ere, NATOk adierazi du albistea «pozgarria» dela, eta azpimarratu du «bere eskuetan dagoen guztia» egiten jarraituko duela Artikoan segurtasuna indartzeko. «Artikoa eta Ipar Atlantikoa funtsezkoak dira gure segurtasun kolektiboarentzat, eta akordio honek segurtasuna, egonkortasuna eta lankidetza sustatzen lagunduko du guretzat ezinbestekoa den eskualde honetan», adierazi du Allison Hart NATOren bozeramaileak ohar batean.

Lituaniako presidente Gitanas Nausedak ere bide beretik jo du, eta nabarmendu du akordioa «urrats garrantzitsua» dela Artikoan eta Ipar Atlantikoan «segurtasun handiagoa» izateko bidean: «Estrategikoki funtsezkoak diren eskualde horietan Ozeano Atlantikoaz bestaldeko lankidetza sendoagoa edukitzea funtsezkoa da Europaren eta NATOren segurtasunarentzat».

Tentsioa urte hasieran

Trumpek aspalditik du Groenlandiarekiko interesa, eta bere lehen agintaldian ere hala adierazi zuen. Urte hasieran, ordea, Nicolas Maduro Venezuelako presidente ohia bahitu ostean, Estatu Batuetako presidenteak uhartea militarki inbaditzeko edo diruz erosteko mehatxua egin zuen, eta esan zuen ez zuela onartuko Groenlandia AEBen esku uztea ez zen «beste ezer».

Trumpi erantzunez, NATOko herrialde batzuk militarrak bidali zituzten uhartera: Suediak, Norvegiak, Finlandiak, Alemaniak, Herbehereek eta Frantziak, besteak beste. Militarizazioaren arrazoia, ordea, ez zegoen argi; alde batetik, Trumpi egindako kontzesio bat izan zitekeen, hark Groenlandiaren defentsari kritikak egin zizkiolako; bestetik, AEBetako presidentearen mehatxuengandik defendatzeko izan zitekeen.

Horren ostean, Trumpek %10etik gorako muga zergak ezartzeko mehatxua egin zien Groenlandiara tropak bidali zituzten NATOko herrialdeei; baina, egun bat beranduago, bertan behera utzi zituen herrialde horiei ezarri behar zizkien muga zergak, Davoseko Munduko Ekonomia Foroan(Suitza).

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA