Pasatu dira ia bi urte Donald Trumpek bigarrenez AEBetako presidentetzarako bozak irabazi zituenetik; 650 egun Etxe Zurira itzuli zenetik. Bada, oraintxe, inoiz baino txikiagoa da herritarrek harengan duten konfiantza. Eta testuinguru horretan egingo dituzte, asteartean, legegintzaldi erdiko hauteskundeak. Alderdi Errepublikanoak arriskua du Kongresuan gehiengoa galtzeko, eta baliteke Etxe Zuriko maizterrak oztopo gehiago edukitzea bere politikak indarrean jartzeko.
Ikusi gehiago
Estatubatuarrak desengainatuta sentitzen dira. Egoera ekonomikoa hobetuko zuen esperantzarekin egin zuten askok Trumpen alde, baina ez da halakorik jazo azken bi urteetan. Are, bizitzaren kostuak gora egin du, erregaiak garestitu direlako batez ere. Washingtonek Israelekin batera Iranen aurka hasitako gerrak eragin du, hein handi batean, garestitze hori. Hiru estatubatuarretik bik uste dute operazio militar hori ez direla egoki kudeatzen ari, Pew Research Center think tank-ak urriaren hasieran kaleratutako inkesta baten arabera.
Etziko bozetan, AEBetako Kongresuaren osaera berria erabakiko dute. Ordezkarien Ganbera osoa berrituko dute, eta Senatuaren herena. Gainera, 36 estatutako eta menpeko hiru lurraldetako gobernadoreak ere hautatuko dituzte. Errepublikanoek gehiengoa izan dute azken bi urteetan Kongresuko bi ganberetan, baina hori aldatzear egon liteke.
Inkesta gehienen arabera, demokratak nagusituko dira Ordezkarien Ganberan, eta Senatuan pare-parean geratuko lirateke bi alderdiak. Goi ganberan berdinduta gelditzen badira, JD Vance presidenteordearen botoak balioko luke berdinketak hausteko; hortaz, ganbera horren kontrolari eusteko, errepublikanoek nahikoa dute 50 senatarirekin.
Trump, oztopoa errepublikanoentzat
Ohikoa da agintean dagoen alderdiak emaitza txarrak izatea legegintzaldi erdiko bozetan. 1938tik agintaldi erdiko 22 hauteskunde egin dira, eta horietatik hogeitan presidentearen alderdiak eserlekuak galdu ditu Ordezkarien Ganberan. Kontua da oraingoan gehiengoa galdu dezakeela bai behe ganberan, baita goi ganberan ere. Izan ere, azken inkesten arabera, AEBetako herritarren herenek baino ez dute ontzat jotzen Trumpen bigarren agintaldia —2017tik 2021era ere presidente izan zen—. Ipsos etxeak Reuters berri agentziarentzako azken astean egindako zundaketaren arabera, estatubatuarren %32k baino ez dute onesten AEBetako presidentearen jarduna.
«Inkesta askoren arabera, Trump oztopo handi bat da Alderdi Errepublikanoarentzat», esan du Matt A. Barretto Zientzia Politikoetako irakasleak. Barretto UCLA Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea da Los Angelesko campusean, baita BSP Research inkesta etxeko burua ere. «Legegintzaldi erdiko bozetan gertatu ohi dena baino askoz ere okerragoa izango da aurtengoa errepublikanoentzat. Ia ziurra da Ordezkarien Ganberan gehiengoa galduko dutela», azaldu du, posta elektronikoz.
Ikusi gehiago
Alderdi Demokrataren goraldia
Zundaketek aurreikusten dute botoetan alde handia aterako dietela demokratek errepublikanoei: %6 eta %9 artean. Halere, Barrettok oroitarazi du herritarren asmoen eta bozetako emaitzaren artean aldea egon ohi dela: «Inkestek itxura txarra hartu dute errepublikanoentzat, baina ikusi beharko da demokraten parte hartzea handia izango den edo ez».
Halere, zundaketak alde edukitzeak parte hartzea bultzatu izan du: «2024an, demokraten parte hartzea askoz txikiagoa izan zen, eta errepublikanoak bozkatzeko gogotsu zeuden. 2026an kontrakoa gertatuko dela dirudi: errepublikanoak lur jota daude, eta demokratak, gogotsu. Baina inkestek hautesleen aldartearen berri baino ez dute ematen; ez dute parte hartzea iragartzen».
«2024an, demokraten parte hartzea askoz txikiagoa izan zen, eta errepublikanoak bozkatzeko gogotsu zeuden. 2026an, errepublikanoak lur jota daude, eta demokratak, gogotsu»
MATT BARRETTO Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea
Alderdi Demokratak emaitza onak izan ditu Trump Etxe Zurira itzuliz geroztik egindako bozetan. Iazko azaroan, esaterako, New Jersey estatuko gobernuari eutsi zion, eta Virginiakoa eskuratu zuen —aurreko agintaldian errepublikanoen esku egon zen—. Gainera, Zohran Mamdani sozialista nagusitu zen New Yorkeko alkatetzarako bozetan.
Bizitzaren garestitzea ardatz
Mamdanik erosahalmena jarri zuen kanpainaren erdigunean, eta ardatz horri jarraitu dio karguan eman duen lehen urtean. Besteak beste, supermerkatu kate publiko bat sortu du, inflazioari aurre egiteko. Eta bide hori hartu nahian dabil Alderdi Demokrata ere. Izan ere, bitzaren garestitzea da estatubatuarren kezka nagusia gaur egun. «Bozkatzaile guztien kezka nagusiak dira prezioak, inflazioa eta erosahalmena. Eta Trump entzungor egiten ari dela dirudi», gaineratu du Kaliforniako Unibertsitateko irakasleak.
«Erregaien garestitzea Irango gerragatik ordaindu beharreko bidesari merke bat dela esan du. Haatik, Trump gerra galtzen ari da, ez du aurrerapausorik eman, eta erregaien prezioak garestitu egin dira. Hori inkestetan islatu da: boto emaileek Trump egin dute prezioen garestitzearen erantzule, eta kalte egiten ari zaie errepublikanoei».
Latinoen komunitatean jarri du arreta. Izan ere, irakaslearen esanetan, komunitate horren botoa «erabakigarria» izango da: «50 hautesbarruti funtsezkotan lehia handia dago, eta, horietako erdietan, bozkatzaileen %20 edo gehiago latinoak dira». 2024ko bozetan, Trumpek zin egin zuen inflazioa apalduko zuela, soldatak igoko zituela eta erosahalmenak gora egingo zuela, eta latinoen botoa horrek «bultzatu» zuela gogorarazi du Barrettok. Trumpek, baina, ez ditu bete promesa horiek; are, egoerak okerrera egin du azken bi urteetan.
Ikusi gehiago
ICEren gehiegikeriak
Trumpen migrazio politikek ere mespretxua eragin diete estatubatuar askori; ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarraren gehiegikeriek kezka eragin dute, batez ere, etorkinen artean. Hortaz, horrek ere eragina izango du latinoen botoan: «Ekonomiak ez du hobera egin, eta, gainera, Trumpek muturreko immigrazio politikak ezarri ditu. Neurri horiek kezka, haserrea, beldurra eta frustrazioa sortu dituzte latinoen artean». Gainera, ICEren sarekada masiboek ekonomian ere egin dute kalte. Esaterako, enpresari asko kexu dira langileak falta dituztelako.
«Ekonomiak ez du hobera egin, eta, gainera, Trumpek muturreko immigrazio politikak ezarri ditu. Neurri horiek kezka, haserrea, beldurra eta frustrazioa sortu dituzte latinoen artean»
MATT BARRETTO Kaliforniako Unibertsitateko irakaslea
Hori aski ez, eta agenteen jarrera bortitzak ere kritika ugari piztu ditu. Urriaren hasieran, ICEko agenteek 28 urteko dominikar bat tirokatu zuten, New Yorken bere semearekin autoan zihoala. Eta aurrez ere antzeko kasuak izan dira. Esaterako, urtarrilean bi pertsona hil zituzten tiroz Minneapolisen. Gainera, azken bi urteetan asko ugaritu dira ICEren atxilotze zentroetan gertatutako heriotzak. Segurtasun Departamentuak kaleratutako datuen arabera, iazko urtarrilean Trump agintera itzuli zenetik 60 migrante hil dira zentro horietan. Joe Bidenen agintaldi osoan (2021-2025) 26 hil ziren, eta Trumpen lehenengoan (2017-2021), 46.
Agintaldi amaiera zaila
Kongresuaren kontrola galduta ere, Trumpek neurriak hartzen segi dezake. Ordena exekutiboek ez dute Kongresuaren onespenik behar, eta bigarren agintaldia hasi zuenetik 290 sinatu ditu. Halere, gobernuak dekretu bidez hartu ditzaken erabakiak mugatuak dira, eta zenbait kontutarako beharrezkoa du Kongresuaren babesa; besteak beste, aurrekontuak onartzeko eta aurrez onartutako legeak moldatzeko. Gainera, presidenteak baliogabetu egin ditzake aurreko presidenteek onartutako dekretuak. Hortaz, nahiago izaten dute legegintza bidez gobernatu; baina, horretarako, Kongresuaren babesa behar da. Hortaz, errepublikanoek Ordezkarien Ganberan edo Senatuan —edo bietan— gehiengoa galduko balute, Trumpi zaildu egingo litzaioke agintaldiko azken bi urteetan bere politikak aurrera eramatea.
Ordezkarien Ganbera, begi bistan
Inkesta gehienen arabera, litekeena da Alderdi Demokratak gehiengoa lortzea Ordezkarien Ganberan. Horretarako, 218 eserleku eskuratu beharko lituzke —214 dituzte gaur egun—. Lortuko balute, demokratek Etxe Zuriak egindako lege proposamenak blokeatu ahal izango lituzkete, eta haien lege proiektuak aurkeztu. Halere, Senatuan ere gehiengoa beharko lukete proiektu horiek aurrera egiteko.
Gainera, gehiengo demokratako behe ganberak administrazioa ikertzeko batzordeak sortu ahal izango lituzke, eta demokratek gidatuko lituzkete. Aurrekontuak onartzeko orduan ere, zailagoa leukake Etxe Zuriak; hortaz, arrisku handiagoa legoke gobernua ixteko. Halere, kontuan hartu behar da aurrekontuak onartzeko 60 senatariren babesa behar dela. Beraz, gaur egun ere Trumpek demokraten babesa behar du aurrekontuak onartzeko —Senatuko 100 eserlekuetatik 53 dituzte errepublikanoek—. Horren erakusgarri, iazko udazkenean inoizko itxialdirik luzeena izan zuen AEBetako administrazioak: 43 egunez egon zen itxita.
Senatua, konplexuago
Demokratek Senatuaren kontrola ere bereganatuko balute, are eta gehiago mugatuko lukete presidentearen boterea. Besteak beste, Trumpek proposatutako epaileak eta goi kargudunak baztertu ahal izango lituzkete. Gainera, hainbat lege onartu ahal izango lituzkete, baita operazio militarrak mugatzeko neurriak hartu ere. Halere, presidenteak erabaki horiei betoa ezar diezaieke. Senatuaren kontrola eskuratzeko, ordea, demokratek bozak irabazi beharko lituzkete orain arte errepublikanoen aldekoak izan diren zenbait barrutitan.