Txinak %3 murriztu ditu karbono isuriak ekainetik irailera

Ikatz eskaria %3 murriztu da 2025eko garai berarekin alderatuta, eta petrolio eskaria, berriz, %4. Ormuzko itsasarteko krisiari elektrifikazio azkar eta handi bat eginez erantzun dio Pekinek.

Planta fotovoltaiko bat, Panda hartz baten aurpegiaren irudia osatzen duena, Txinako Datong udalerrian. HOW HWEE YOUNG / EFE
Planta fotovoltaiko bat, Panda hartz baten aurpegiaren irudia osatzen duena, Txinako Datong udalerrian. HOW HWEE YOUNG / EFE
inaut matauko rada
2026ko azaroaren 6a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren hiruhilekoz jarraian, karbono isurketak behera egin du Txinan 2026ko ekainetik irailera. %3,1 gutxitu dira isuriak, ikatz eta petrolio eskariaren murrizketagatik batez ere. COVID-19aren pandemiaren garaia kenduta, 2017tik gora eta gora egin dute emisioek herrialdean, baina 2024 hasieratik hona egonkortu egin dira. Txina atmosferara karbono gehien isurtzen duen herrialdea da, baina, azkenaldian, isurien beheranzko joera nabaritzen ari da, nahiz eta goiz den oraindik esateko emisioek jada goia jo dutela. Datuok Lauri Myllyvirta ikertzaileak argitaratu ditu Carbon Brief hedabide espezializatuan, hiruhileko bakoitzean egin ohi duen berrikuspenean.

Urteko lehen bederatzi hilabeteak kontuan hartuta, berriz, %0,5ekoa da karbono isurien murrizketa 2025arekin alderatuta. Lehen hiruhilekoan %2 egin zuten gora emisioek, batez ere berriztagarrien ekoizpenaren zati bat alferrik galdu zelako. Hala ere, bigarren hiruhilekoan %1 egin zuten behera emisioek, eta orain, berriz, %3,1.

Txinan, ikatza eta petrolioa erabiltzen dira gehien erregai modura, eta, beraz, karbono ugari isurtzen dute. Bada, 2025eko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, %3 murriztu da ikatz eskaria herrialdean. Bi faktorek ekarri dute ikatz kontsumoa apaltzea. Lehenik eta behin, argindar sektoreak gero eta ikatz gutxiago kontsumitzen du, berriztagarriak hedatzearen ondorioz batez ere. Zehazki, sektore horretan %3,3 murriztu da ikatzaren erabilera. Izan ere, Txinan gutxinaka moteltzen ari da argindar ekoizpenaren hazkundea, eta jada ez da hainbeste energia alferrik galtzen berriztagarrien ekoizpenean. Eta, bigarrenik, industria kimikoak, zeinak batik bat ikatza erabiltzen duen, hazkundea moteldu du ikatza garestitzearen ondorioz.

-%9

Txinako garraio sektorearen erregai fosilen kontsumoaren bilakaera, ehunekotan. Ibilgailuen elektrifikazioa azkar handitzen ari da Txinan, eta 2026ko hirugarren hiruhilekoan %9 murriztu da sektore horren erregai kontsumoa, 2025arekin alderatuta.

Petrolioari dagokionez, batez ere garraioaren sektorean antzeman da erregaien kontsumoa apaldu dela. Iazko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, %9 gutxitu da sektore horren erregai fosilen kontsumoa. Irailean Txinan saldu ziren auto partikularren %67 elektrikoak ziren, eta kamioien kasuan, berriz, erdiak ziren elektrikoak. Azken datu hori bereziki deigarria da, elektrifikazioa autoena baino zailagoa baita ibilgailu horietan. Bestalde, ibilgailu elektrikoek iaz baino %53 argindar gehiago erabili dute aurten. Auto elektrikoen kopuruaren igoera baino handiagoa da hori; beraz, Myllyvirtak uste du autoek parke elektrikoak erabiltzearen ondorioz handitu dela.

Azkenik, herrialdean eraikuntza murrizten ari denez, zementuaren eta altzairuaren ekoizpenak behera egin du, eta, beraz, horien karbono isuriek ere bai.

Energia 'garbien' hazkundea

Eguzki parkeek, zentral eolikoek eta zentral nuklearrek 110 terawatt-ordu gehiago ekoitzi dituzte iaz baino. Argindar ekoizpenaren igoera baino bi aldiz handiagoa da kopuru hori, eta horrek erakusten du Txinan erregai fosilen bidezko argindar ekoizpena berriztagarrien bitartez ari direla gutxitzen. Are, Myllyvirtak aurreikusi du azpiegitura garbi horien bidez ekoitzitakoak gainditu egingo duela energia eskariaren hazkunde totala.

Dena den, ikertzaileak azaldu du arazoak ere badirela, eta horietako bat elektrizitatearen garraio eta banaketa sisteman dute. Izan ere, Txina asko handitzen ari da argindar berriztagarria ekoizteko azpiegituren hedapena, baina sistema elektrikoa ez doa horren azkar. Horregatik, berriztagarriek sorturiko energia asko alferrik galdu zen 2026ko lehen hiruhilekoan. Baina badirudi arazo hori konponbidean dela eta gutxiago galtzen dela orain.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA