Azken bi urteetan egonkortzen ari da Txinak atmosferara igortzen duen berotegi efektuko gasen kantitatea, eta tarteka beheranzko joera nabari da. Hori gertatu da, hain zuzen ere, 2026ko bigarren hiruhilekoan: %1 egin dute behera herrialdearen karbono emisioek iazko epe berarekin alderatuta, Lauri Myllyvirta ikertzaileak Carbon Brief hedabidearentzat egindako analisian adierazi duen moduan. Hala ere, kontuan hartuz lehen hiruhilekoan %2ko gorakada izan zutela, aurten batez beste gora egin dute pixka bat Txinako emisioek, baina Myllyvirtak ondorioztatu du ziurrenik urtearen amaieran behera egingo dutela berriz, batez ere petrolio eskaria behera egiten ari delako, gutxiago eraikitzen ari delako eta industria kimikoaren hazkundea moteltzen ari delako.
Horrez gain, Myllyvirtak azaldu duenez, nahiz eta emisioek pixka bat gora egin, ez dira 2023tik 2024ra artekoak bezainbestekoak izango. Ikertzaileak esan duenez, lehen aldia da Txinan emisioek behera egin dutena petrolio kontsumoak ere behera egin duelako. Izan ere, orain arte halako beherakadak ikatzaren kontsumoa gutxitzearen ondorio izan dira, baina oraingoan erregai horren kontsumoa handitu egin da, batez ere berriztagarrien argindar ekoizpena txikiagoa izan delako. 2025eko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, petrolio eskariak %9 egin du behera aurten.
Azken hamarkadatan, salbuespenak salbuespen, Txinak etengabe handitu ditu karbono emisioak, ekonomia azkar hazi dela eta, batez ere. Baina herrialdeak estrategia garbia du ekonomia elektrifikatzeko, eta esfortzu handia egiten ari da energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak garatzeko eta hainbat sektore elektrifikatzeko. Bada, oraindik hazkunde eta garapen betean badago ere, Txinaren emisioak egonkortzen ari dira 2024tik hona. Oraindik ez dago garbi zer gertatuko den datozen urteetan, baina aditu asko iradokitzen ari dira laster iritsiko direla Txinaren emisioak gailurrera, jada iritsi ez badira.
Myllyvirtaren arabera, 2024ko martxoan jo zuten goia emisioek, eta ordutik grafikoa egonkortu egin da.
Erregaien merkatuaren bilakaera
Bi motibo nagusi daude petrolio eskariaren murrizte horren atzean: lehenik eta behin, garraioaren elektrifikazioak asko egin du aurrera, eta sektore horren erregai kontsumoa asko murriztu da. Myllyvirtak emandako datuen arabera, ibilgailuak elektrifikatuta Txinan 2026ko lehen sei hilabeteetan aurreztu den petrolioa Erresuma Batuak sei hilabetetan kontsumitzen duen petrolio guztia baino gehiago da; zehazki, elektrifikazioaren bidez Txinan hemeretzi milioi tona petrolio gutxiago kontsumitu dira bigarren hiruhilekoan, eta 2026ko lehen erdian 36 milioi tona petrolio kontsumitzea galarazi dute ibilgailu elektrikoek.
Baina motibo nagusia, eta hein handi batean elektrifikazioa azkartu duena, Ormuzko itsasarteko krisia izan da. Txina oso menpeko da itsasarte horretan gertatzen denarekiko, bere petrolio inportazioen erdiak inguru handik pasatzen baitira. AEBek eta Israelek Irani eraso egin ostean asko igo ziren petrolioaren prezioak, eta Myllyvirtak uste du horrek egiturazko aldaketak azkartu dituela Txinan, garraioaren elektrifikazioa bereziki: kamioi elektrikoen salmentak %77 handitu ziren 2026ko bigarren hiruhilekoan, eta mota horretako kamioiek jada %45eko merkatu kuota dute gaur egun. 2025eko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, Txinan %33 ibilgailu elektriko gehiago zeuden martxan aurtengo bigarren hiruhilekoan.
Hala, 2025ean baino 12,1 milioi ibilgailu elektriko gehiago daude orain Txinako errepideetan. Gainera, taxien prezioen beherakada ere nabarmendu du ikertzaileak, baita metroaren eta trenaren erabileran izandako gorakada ere.
Baina mugikortasuna ez da petroliotik eratorritako produktu finduen kontsumoa murriztu duen sektore bakarra. Eraikuntzaren eta meatzaritzaren sektoreetan ere behera egin du dieselaren eskaintzak, makinen elektrifikazioagatik.
Ikatzaren bidez ekoitzitako argindarrak, berriz, gora egin du; batetik, energia berriztagarriaren parte bat alferrik galdu delako, eta bestetik, ez delako ibili behar beste haizerik energia ekoizteko. Hori dela eta, 2026ko lehen erdian %3 areagotu dira argindarraren sektorearen karbono emisioak, nahiz eta azken urteetan behera egiten ari diren. Industria kimikoan eta berokuntzaren sektorean ere gora egin dute ikatzaren ondoriozko karbono emisioek, baina eraikuntzan eta siderurgian, berriz, nabarmen egin dute behera.